Tranbian doan asko, doan doa
Tranbian doan asko doan doa –
Eusko Trenbideak enpresak EuskoTran kudeatzen du, hau da, Bilbon eta Gasteizen zerbitzu ematen duten tranbia lineak. Bilbon bat eta Gasteizen beste bat.
Austrian egon zen lagun batek esan zidan: Begira ze formalak diren han, tranbiako biletea ordaindu duzun ala ez ziurtatzeaz ez da inor arduratzen! Zure borondate onaren menpe dago. Baina han, jendea zintzoa denez eta kontzientzia kolektiboa duenez, normalean ordaintzen du.
Baina, argi dago horrelako metodoa ez dagoela soilik Austrian edo Europa iparraldeko herrialdeetan soilik. Euskal Herrian ere sistema horrekin funtzionatzen da: alegia, geltokian zu zeu bidaiaren kostua ordaintzeaz arduratzen zara. Hori bai, noizean behin begirale bat agertzen da eta bidaiari guztiek ordaindu duten ala ez konprobatzen du.
Niri gertatu izan zait begirale horretako batek ordaindu ez duen norbait harrapatzen duela ikustea. Behin emakume bati eskatu zion. Berak 2 aldiz pasatu zuela esan zion, bera eta berarekin zihoan gizon baten bidaiak ordaintzeko. Baina begiraleari bidaia bakarra agertzen zitzaion. Orduan, hor egon ziren atzera eta aurrera, batek baietz eta besteak ezetz. Emakumeari azkenean begiak malkoz bete zitzaizkion eta negar egitear zegoen, baina ni une horretan nire geltokian jaitsi nintzen eta ez dakit nola bukatu zen asuntoa. Pikak 20 euro ordaindu behar zituela esan zion, 2 biletetik bakarra ordaindu zuelako. Hori bai, isun normala 50 eurokoa da.
Horretaz pentsatuz egon nintzen. Askotan pentsatu dut eta ez badut tiketa balidatzen? Pertsona askok ez dute ordaintzen, seguru. Begiralea agertzen bada, hurrengo geltokian jaisten dira. Edo ihes egingo lukete (ez dut uste begiralea bere atzetik korrika aterako litzatekeenik). Gainera, agian isuna ordaintzeak konpentsatzen du. 50 euro ordaintzen baduzu, baina ordaindu gabe 100 bidaia egin badituzu (80 zentimo bidaia bakoitza) soberan konpentsatzen du.
Zergatik uzten dute bidaiariei geltokian bere BARIK, BAT edo MUGI txartela balidatzen? Zergatik ez dute balidatzeko makina jartzen tranbian bertan? Azken finean, autobus publikoetan horrela egiten da (Bizkaibus, Bilbobus, Donostibus, Tuvisa Gasteizen eta abar). Entzun dut horrela egiten dela bidaiariak lehenago sartu eta ateratzeko. Baina Tranbiatik ateratzean ez da txartela pasatu behar (soilik sartzean) eta Tranbiara sartzeko gutxienez 3 ate handi daude convoy bakoitzean. Atearen alde bakoitzean txartela irakurtzeko makinak jarri daitezke eta bidaiariek oso azkar pasa daitezke. Autobusetan egiten bada, zergatik ez Tranbian?
Izan ere, ziur nago Tranbiako bidaiari asko eta asko ordaindu gabe joaten direla. Ondo dago jendeak garraio publikoa erabiltzea, baina ez da bidezkoa batzuk ordaintzen duten bitartean besteek paso egitea. Garraio publikoak denon artean ordaindu eta zaindu behar ditugu.