Terrorista nazkagarri horiek!!

Terrorista nazkagarri horiek –

Terrorista nazkagarri horiek lehergailua jarri zuten eta hiritarrak zartarazi zituzten. Bertan 21 akabatu eta larri 30 pertsona zauritu. Odola nonahi, gorputz zatiak eta gorpuak espaloian eta errepidean barreiaturik. Inolako gupidarik gabe akatu zituzten. Tartean ume errugabeak. Nola uler daiteke mundu honetan egoterik horrelako pertsona bihozgaberik? Ezin krudelago, ezin ankerrago. Albisteetan horren bortizkeriaren berri jakiteak aztoratzen nau. Gorputza asaldatu eta ezinegona hedatzen zait zainetatik.

Gorrotoa. Gorrotoz hazitako gizasemeak. Ideologian txertaturik dute gorrotoa terroristek. Ideologiarekin batera, erlijioan. Erlijioan ezkutatzen dute eta erlijoak ahalbidetzen die basakeriak gauzatzea. Jainkoaren izenean edozer egiteko prest daude. Hiltzeko, eta ez bakar batzuk. Ehundaka hiltzeko gauza dira ere, sarraskia burutzeko.

Nazi maltzurrenen antzera, beraiek bezala pentsatzen ez dutenak erahil egiten dituzte. Pistolak, fusilak, lehergailuak, bonba lapak, airez jaurtitako misil edo antzeko tramankulu hiltzailea… pentsa dezakezun edozein forma. 

Nazi gogaikarrien antzera, jendartea diskriminatu eta eurenak ez direnak baztertzen dituzte. Pentsaezineko mugaraino zokoratu. Sozialki, ekonomikoki, judizialki… Posible diren modu guztietan estutu eta itotzen saiatzen dira. Eskura dituzten baliabide guztiez baliatzen direa. Ez dute errukirik.

Terrorista nazkagarri horiek!!Testuaren erdira heldu zara, irakurle hori. Seguru aski argi duzula nortzuk diren terrorista horiek. Buruan irudikatu dituzu? Irakurtzen duzun neurrian, are argiago izango duzu. Izan ere, argi dugu gure imajinarioan zer den terrorista bat. Aurpegia estalita, zirrikiturik ere ez duten estalkiekin, begiak ere antzeman ezin daitezkeelarik. Maiz, fusil handi bat eskuan du, besoa altxaturik. Askotan, leku ezkutu batean grabatutako bideo batean mehatxuka dabiltza. Atzean bere erakundearen ikurren bat ageri da.

Terrorismoa, “terrorea” sortzeko ekintza da. Indarkeriaz baliatzen da, helburu politiko bat lortzeko, tartean hilketak, bahiketak, mehatxuak. Baina batez ere, terrorea, izua, beldura, ikara sortzen dute. Edonon edo edonoiz eraso dezakete, modu indiskriminatuan. Bada, hausnartu dezagun: nork eragiten du terrore handiago? Nork du terrorea sortzeko gaitasun handiago? Terrorismoa legez kanpoko erakunde batekin lotzen dugu. Burura datorkigu ETA, Hamas, IRA…. Baina nork eragiten du terrore gehiago? Izan ere, gaitasun suntsitzaile askoz handiago du Israelgo ejerzitoak. Jar ditzagun puntuak i letraren gainean. Ez dezagun txiribueltarik egin. Tankeak, hegazkinak, helikopteroak, sateliteak… era guztietako ekipamendu, ibilgailu sofistikatuak dituena, milaka soldadu entrenatuak dituenak. 

Irakurri testua hau berriro. Aldatu “terrorista”, “Israelgo soldadu”rengatik. Testu bera, ekintza berdinak… eta ondorio berdinak. Baina gaitasun suntsitzaile handiagoarekin. Askoz handiagoarekin. Hori bai, komunikabideen narratiban “terrorista” adjetiboa nork jartzen duen aintzat hartu beharko zenuke. 

Irakurri hildako kopuruak bando bakoitzean. 

Birplanteatu.

Hausnartu.

Terrorista nazkagarri horiek!!

2 pentsamendu “Terrorista nazkagarri horiek!!”-ri buruz

  • Asmatu duzu, bete betean. Gure gizarte honen hipokresiaren islada!

  • Artikulu bikaina, oso aberatsa lexiko aldetik.
    Bukaerako jiroak dena birplanteatzen du.

    Bestalde, gurean ere badugu horrelako esperientziarik. Izan ere, Guardia Zibilak, poliziak, ejerzitoak eta gainontzeko indar errepresoreek hildako aldetik ETAk baino askoz gehiago eragin ditu Francoren altxamendutik eta zer esanik ez aurreko erregimenetan.

    Eta seguru ez luketela arazorik indarkeria aplikatzeko beren ideia zentralistak aplikatzeko, demokraziaren gainetik arituz (erreferendum, plebiszito eta estatutu aldaketa legalak, Katalunian bizi izan direnak bezalakoak), baina demokraziaren “izenean” arituz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude