RENFEren zerbitzu penagarria

RENFEren zerbitzu penagarria –

RENFEren zerbitzu penagarriaBada denbora bat Espainiako Gobernuak “adostu” omen duela EAEko RENFE Aldiriak zerbitzua (Cercanias) Eusko Jaurlaritzara pasatuko diola. Eskumen hori emango dio. Ez dago argi noizbaiten egingo duten edo ez; izan ere, urteak daramatzate esaten, baina ez da inoiz gauzatzen.

Edonola ere, artikulu honen bidez, RENFE eta FEVEren zerbitzu penagarria salatu nahi dut. Ni Bizkaiko eta Arabako C1, C1eta C3 lineez ari naiz (Bilboko Abando geltokitik Muskiz, Santurtzi eta Orduñara doazen lineak). FEVEren linea, Bilbotik Leonera doana, kaskarra den baieztapena dut, nahiz eta lehen pertsonan “gozatu ez”. Donostialdean badira beste Aldiriak linea batzuk eta ez dut zehatz mehatz ezagutzen nola funtzionatzen duten, nahiz eta susmoa dudan oso txukun ere ez direla ibiliko. Gaizki kudeatuta daudela ziurtatu daiteke, hurrengoengatik: matxura ugari (tren unitateetan eta eskailera mekanikoetan), geltokiak zikin eta hondatuak, tren zaharrak, bezeroari arreta eskasa (eta euskaraz hutsaren hurrena; gainera, kartel asko akatsez beteta), elbarrientzat eta mugikortasun arazoak dutenentzat oztopo ugari (tren eta nasaren arteko tarte izugarriak, eskailerak aldapa eta igogailurik gabe, eta abar), maiztasun txarra, lurperatu gabeko hainbat trenbide eta horren ondorioz heriotza asko suertatzea (urtean bizpahiru)…

Euskotren, Tranbia eta Bilboko Metroa, RENFE nahiz FEVErekin koparatuz gero, azken hauen zerbitzua hutsarren hurrengoa da. Hirugarren Mundukoa dirudi, benetan. Badirudi Madriletik kudeatuta dagoela, hemengo erabiltzaileekiko inolako begirunerik gabe. “Bost axola bemola guri” pentsatuko dute. Ez dakit honen arrazoia, baina interes falta, utzikeria eta zabarkeria erabatekoa da. Jakin badakit RENFEko makinisten soldatak batere txarrak ez direla, baina makinista falta dagoela, UGT eta CCOO nagusi diren enpresa hauetan.

Ez dakit beste eremuetan nola funtzionatuko duten, baina gurean, funtzionamendu hain eskasa izanik, erabiltzaile asko auto partikularra hartzera behartuak daude. Milioika milioi ari dira gastatzen AHT edo Abiadura Handiko Trenean. Ez dago batere ziur tren horrek edukiko duen baliagarritasuna, baina kostua erraldoia ari da izaten, ez bakarrik ekonomikoa, baita ingurumenean duen inpaktuan ere. Kontua da, hori egiten duten bitartean, egunero trena erabil behar duten bidaiariak ez dituztela aintzat hartzen. Agian, Eusko Jaurlaritzara eskumena transferitzean hobera egingo du, baina… auskalo! Ezin ezer ziurtatu.

RENFEren zerbitzu penagarria

Zer duzu buruan “RENFEren zerbitzu penagarria”-ri buruz