Pandemiaren poesia

Pandemiaren poesia –

100 urte pandemia kategoriako gaitzik gabe gure herrian. 1920an izan zen azkena gurean. “Espainiako gripea” ezizenaz ere ezaguna —1918 eta 1920 urteen artean munduan 500 milioi pertsona kutsatu eta 20-100 milioi lagun hil zituen gripe-pandemia izan zen. 1918ko urtarrilean hasi eta 1920 arte iraun zuen, eta planetako azken txokoraino hedatu zen, baita Artikoraino ere. Hegaldi komertzialik existitu ere egiten ez ziren garaian, gizakien mugikortasuna askoz motelago eta oztopotsuagoa zen garaian, alajaina!

Urtero milaka pertsona hiltzen dira gripez. Baina ordukoa, ohiz kanpoko gripe pandemia larria izan zen, H1N1eko A azpimotako birusa zela eta. Historian izandako pandemia larrienetarikoa izan zen, eta gaur egun ere ez dugu nahiko datu historiko eta epidemiologikorik haren jatorri geografikoa zehazteko.

3 urtez aritu zen bereak eta bi egiten, olatuak bata bestearen atzetik. Agerraldiak bata bestearen atzetik, oldartu eta koldartu zen, etorri zen bezala joan egin zen arte. Zientzialariek ez zuten jakin zergatik. Gaur egun, medikuntzako aurrerapen guztiekin ere, zalantzaz beterik ditugu medikuntza arloko zientzialari eta adituak.

1918ko pandemiaren olatuak. Bigarrena hilgarriena izan zen.

Gaitz ikusezina, etorri zinen gure bila

orain zaitugu hurbila

urruneko lurretan zinen agertu,

ekialde urruneko gune horietan…

begi urratuak duten horietan.

Hasieran sortuz harridura, hain zara kutsagarri eta hilgarri,

gure bizitza jarri duzu hankaz gora.

Birpentsarazi diguzu bizimodua

 

nola ikasi, nola gozatu,

nola elkartu, nola arnastu

nola bidaiatu edo aukeran ez bidaiatu

 

guztiz ikustezin, guztiz entzunezin

baina zutaz etengabe entzun eta entzun, zaitugu saihestezin

ezin zaitugu ikusi, ezin zaitugu entzun

baina medioetan, bai, besterik ez dugu ikusi eta entzun

Bizkaiko Foru Aldundiaren oharra 1918an.

Musukoa, gure musukoa

ez genekien  etorriko zinenik ere

baina jarri zara guztion muturrean,

guztion ezpainetan eta sudurrean

musukoa, maskarilla, maskara,

duzun izena duzula ere

aurtengo ikur bilakatu zara

 

ugariak dira zure mota, kolore eta itxura

askotarako dugu hornidura,

guztion ardura

zurekin aurpegi erdiko estaldura

 

irribarre fidagarria

irribarre erakargarria

zintzoa, gozoa

 

irriak, oh, gure irriak!

non daude gure irriak,

begirada konplizeak, baina ezpain keinuak

non daude?

begirada sarkorra, baina ez ezpain keinuak

 

musukoak lapurtu digu aurpegi erdia

musukoak lapurtu digu harreman ertsia

musukoak lapurtu dizkigu musuen uneak

 

maitasun gosea, harreman gosea

laztan gosea

pasioz jositako gau sutsuen gosea

 

musukoa, oh musukoa

bahitu diguzu gure gogoa eta gogokoa!

Pandemiaren poesia