Ostadarraren bukaera
Ostadarraren bukaera >
Atzo arratsaldean nire lagun batekin kaletik ibiltzen nengon eta hara non ostadarra ikusi genuen. “Esaten dutenaren arabera ostadarra amaitzen den tokian urrez betetako eltze bat dago. Gustatuko litzaizuke eltze hori bilatzea?”- iradoki nion, ostadarrak kolorez betetzen zuen zeru oskarbia begiratuz. Hori aurkitzea ezinezkoa zela erantzun zidan; are gehiago, nahiz eta toki hori aurkitu, apika ez genukeela ezer aurkituko esan zidan, nik kontatutakoa auzitan jarriz.
Hau da pertsona askoren jarreraren adibidea. Zertarako saiatuko naiz egitasmo bat burutzen nahi dudan emaitza ziur aterako den ez badakit? Nire iritziz pentsaera hori izatea geure buruari eragotzi beharko genioke; beste ikuspuntu baikorragoa garatuz gero gauzak egiteko ekimena handitzea lortuko genuke, eta bidenabar, gauza horiek gauzatzea (edo gutxienez saiatzea) lortuko genuke. Gaur egungo gizartean garrantzi gehiegi ematen zaie emaitzei; bai eskolan baita lanean aintzakotzat hartzen dena, kasu gehienetan, espero genuen ondorioa izatea da. Ondorio batera ailegatzeko hainbat ikasketa eta probak egin behar dira, eta horiek gustiek eskatzen diguten esfortsua kontuan hartzea ere ondo legoke.
Ez dugu inoiz kemena galdu behar, bizitza askoz ere interesgarriagoa izaten da ilusioa badugu, benetan diotsuet. Nire uste apalean belaunaldi honek duen arazoa dena jada eginda dagoela uste duela da. Azken hamarkadetan izandako berrikuntzei begira, hainbeste egon dira ezen badirudi, nolabait, gehiago aurreratzea ezinezkoa dela. Alabaina, historian zehar jarrera hori beti egon da presente. Gurpila asmatu zutenek kristongo aurrerakuntza zela pentsatuko zuten, eta arrazoia zuten, era berean bonbila, autoa, segapotoa ala sarea asmatu zirenean; artean halakoak inoiz ikusi ez zirenez, bakoitza behin behineko asmakaria izan zela pentsatzen zen. Hala ere, aurrerakuntza asko egitear dago oraindik, eta honek bultzatu behar gaitu proiektu berriak egitera, kosta ahala kosta.
Ostadarraren bukaera agian ez da guk pentsatzen genuen modukoa, agian ez da ezta existitzen ere, bizitzan zehar edukiko ditugun ondorioekin gertatzen den bezala; baina emaitzak alde batera utzita, harro sentitu beharko genuke behintzat kolorez eta ikasbidez betetako bidea ibili ondoren, urrezko eltzea ez aurkitu arren.