Onintza Enbeita, haurdun
Onintza Enbeita haurdun –
Euskadi Irratian elkarrizketa egin zioten eta horrela hasi ziren: “45 urte dituzu eta haurdun zaude”. Baina ez zen benetako gaia. Egoera bai, ordea. Onintza Enbeitia (Muxika, Bizkaia, 1979) bertsolari, artikulista eta politikari ohiak, 46 urte edukita, izango du bere lehen umea.
Berri pozgarria ume falta historikoan gauden garaian. Eta albiste pozgarria era berean Onintzarentzat, bere hitzetan desiatutako umea delako, bai beragatik, bai bere bikotekideagatik eta inguruko familia eta ezagunengatik.
Onintzak aitortu du adina eta bere loditasunak -”Ni lodi nago eta betidanik izan naiz horrelakoa”, horiek izan dira bere hitzak- erronka suposatzen duela. Arrisku haurdunaldia dela aitortu diote medikuak eta emaginak. Medikuarekin harreman kaskarra eta emaginarekin harreman ona nabarmendu ditu Enbeitiak. Enbeitak arriskuak onartzen ditu.
Hala ere, haurdunaldia ondo daramala eta ilusionaturik dagoela diosku. Bere bikotekide gizona alboan duela jakitera eman du eta bera ere 45 urtekoa dela.
Euskadi Irratiko kazetariak galdetu dio ea jendeak ez ote dion galdetu bere adinagatik. Izan ere, bere umeak 15 urte betetzea gurasoek 60 edukiko lukete. Zintzo esan du, moldatu beharko direla.
Hona arte albistea. Eta hemendik aurrera hausnarketa. Egokia al da hain berandura arte amatasuna -eta aitatasuna- atzeratzea? Bizkaian lehen umea 32 urtetan omen dago, datu altuenetakoa, berantiarrenetakoa.
Emakumearen emankotasunaren goraldia 20 eta 25 urte artean dago. Hortik aurrera posible da, noski. Baina egungo pentsamolde eta sistemak haurdunaldia atzeratzera eramaten gaitu. Onintzak aitortzen duenez, haurdun egotean, emakumeei galdetzen zaie zergatik atzeratu duten hainbeste. Erantzunak anitzak dira; borondatezkoak eta ez borondatezkoak. Baina haurdunaldi asko ez dira gauzatzen eta emakume horiei ez zaie galdetzen. Izan ere frustazio, atsekabe eta etsipen handia dago egoera horien atzetik. Fertilitate programak garestiak eta gogorrak dira -psikologikoki nahiz fisikoki-. Eta ez dizute emaitzik bermatzen.
Emakumeok gure gain dugu hein handi batean ama izateko erabakia. Baina hortik aurrera, ezin da segituan burutu; ez bederen, interneten produktu bat aukeratu eta hurrengo egunean gure etxeko atarian heltzen den horietakoa bezala.
Onintza Enbeitari galdetzen diotenean ea haurra mutikoa edo neska datorren, berari iruditzen zaio haurra jaio aurretik “diagnostikatu” egin nahi diotela. Izan ere, neska edo mutikoa izatea ez baita genital, kromosoma eta halako ezaugarri biologikoen arabera igartzen. Alegia, haurrak berak “erabakiko duela bere generoa” (sic). https://www.berria.eus/iritzia/bira/desikasteaz_2132351_102.html?utm_source=Twitter&utm_medium=Sare_sozialak_CM
Onintza Enbeitak uste du, auskalo non ikasita, pentsamolde hori ezkerrekoa eta feminista dela.
Modu berdintsuan, badago uste duenik etxean erditzea dela erditze benetan “naturala”, modu hoberena; epiduralik gabe, noski. Baita ere, batzuen iritziz, haurrei txertorik ez ematea erresistentzia antisistemiko bati adorez eustea bezalako zeozer da. Botika “alopatikoen” ordez homeopatiaz sendatzea ere (edo behintzat sendatzen saiatzea), ba halatsu.
Hala uste, baina, benetan zeharo ideologia antimaterialista, sexista, indibidualista, antizientifiko (hitz batean, erreakzionario) baten olatuan surf egiten ari dira tonto-kontentu, goiko guztiak.