Ohean etzanda egindako gogoetak
Ohean etzanda egindako gogoetak –
TXAKURRA ZAUNKA
Txakurra zaunka bide bazterrean. Zeri? Noraezean bere kate motzean, aurretik amen batean igarotzen diren trailer ezezagun, itsuei, harat honat haize boladen bildumaz edota ezerezaren pote usaintsuez, edota desioz mukuru doazen ibiltari erraldoi horiei.
Zaunka, txakurrak zaunka egiten dio beldurrari, ezezaguna den izuari, noraezean ziztuka dabilen auskalo nongo haizeari, lepoa zornez betetzen dion kateari, zaunka bere zaunkari, zaunkaren oihartzunari.
Burua hara-hona zerurantz altxatu eta letaginak erakutsiz, zaunka argitasunez husten doan arratsari. Zaunka askatasuna ukatzen dion katuari, nagusiari.
…
GELA TXIKI BATEAN NAGO
Gela galdu batean nago, nik hala erabakita. Nire etxetik urrun, telebista, ordenagailu, auzoko zarata, etxeko ohitura eta jatorduez at. Gela txiki txukun batean nago Orozkoko lurretan basoz inguraturik. Gela txiki batean, non boligrafoaren soinua besterik ez dudan aditzen.
Harritzen nau isiltasun honek eta harritzen naiz espero ez nituen sentsazioekin topo egiten ari naizelako. Baraualdi intelektual honetan gustura nago, idazteko gogoz. Ez nuen espero!
Zein bitxia den boligrafoaren soinua aditzea izkiriatzean! Ahaztua nuen jada!
Gela txiki batean nago herri txiki batean bakarrik, neure paranoiekin.
Gela txiki batean nago eta idatzitako tintak dir dir egiten du ilintiak bezain labur, ahul bonbilapean.
Gela txiki batean nago gustura, isiltasunaz elikatzen, gela galdu batean.
…
HERRIAK ETA INPERIOAK
Erraldoien mundu honetan David garen herriok kontuz ibili beharrean gaude, Goliath herrien handitasun, gehiegikeria eta harropuzkeriek zapal ez gaitzaten.
Noizean behin zapata erraldoiaren itzala antzemanda, burua ortzirantz altxa eta honen zanpaketaz libro garela ziurtatu behar dugu.
Zaila da Goiliahtekin mintzatzea, zapatek bakarrik entzuten baitigute mintzo gatzaizkionean eta ez belarriek, oso goian baitaude.
Goliath ez da inoiz makurtzen, ez du inoiz makurtzerik nahi ez bada bere zapaten lokarria estutzeko, bota sendoago lotzeko eta ez zaio gustatzen halakoetan bere oinetan zalapartaka eta keinuka dabilen David multzo horri jaramonik egitea. Zapatetako lokarria estu lotu duela ziurtatzeko eta bere oin eskerga bota barnean berregokitze aldera, bizpahiru kolpe ematen ditu David dezente zapalduz, ohartzeke, noski nahi gabe, prefosta.
Zalantzarik ala? Nola konturatuko da ba, halako erraldoi bat bere oinetan bizi diren David ñimiñoez? Akabatzen duen David bakoitzeko handitzen doa gure Goliath eta gustukoa du gero eta handiago, ero eta indartsuago izate hori. Horregatik etengabe jotzen du lurra lasterka bizian handik hona dabiltzan txindurri horiek zomorro horiek bilatuz eta zenbat eta handiago bihurtu, orduan eta urrutiago, orduan eta txikiago, hutsaren hurrengo ikusten ditu David horiek. Ulertzeinagoak bere txikitasunean eta geroz eta gehiago kolpatzen du lurra, bere erraldoi izateko grina aseezin horretan. Zenbat eta handiago orduan eta urrutiago behatzerik du eta konturatzen da.