Norentzat kantatzen dugu?
Norentzat kantatzen dugu? –
«Zein helbururekin zatoz txapelketara?» «Batez ere gozatzera nator eta gero etor dadila etorri behar duena».
Zenbat aldiz entzun ote dugu honako elkarrizketa? Zenbatetan joan gara plazara “batez ere gozatzera”? Nork gozatzera? Ez ote dira kontraesankor “txapelketa” eta “gozatzera” hitzak? Galdera asko sor daitezke galdera bakar batean oinarrituta. Izan ere, txapelketa hitzak ez ote dakar bere baitan “txapela” hitza oinarrian? Ez ote du “txapelaren bila” esan nahi? Beraz, zergaitik ez esan «batez ere txapelaren bila nator eta, posible bada, gozatzera»?
Oholtzara igotzen garen bakoitzean esaten dugu gozatzera goazela, izan txapelketako tabladura igo, izan herriko festetako barra ertzean egon. Gustatzen zaigulako egiten omen dugu bertsotan, gozamen hutsagatik. Eta, helburu bera badugu saio guztietan, zergaitik kantatzen dugu ezberdin saio bakoitzean? Esaterako, ez dugu berdin abesten sagardotegi batean, mugimendu jakin baten aldeko saio batean ala txapelaren lehian.
Demagun, une batez, nire ideologiaren aurkako saio baterako deitzen nautela. Saioa onartu ala ez? Gozatzera joan ala gozaaraztera joan? Ala, bestela, zer gustuko saio bateko gai jakin batean aldatu behar badut nire ideologia? Norentzat kantatu behar dut, niretzat ala besteentzat? Nahi dudana esan ala entzun nahi dutena?
Berdina gertatuko litzateke txapelketa bateko saioan. Kasu honetan, aldiz, epaileek ezin dute nire ideologia epaitu. Entzuleek bai, eurentzat eskaparate batean dauden manikiak baikara, herriko saiora zein eraman aukeratzeko. Baina itzul gaitezen epaileengana. Puntuak bertsoen truk, txapelak puntuen truk. Helmuga: txapela. Bidea: puntuak. Bertsolariok zuzenki abestuko dugu, koma oro bere tokian jarriz, ala lagunartean jardungo gara, hankaluze eta guzti, ongi pasatzeko?
Ene ustez, bederen, besteentzat kantatzen dugu gehienetan, entzulearen, epailearen ala dena delakoaren belarriak goxatzeko asmoz. Eta besteentzat abesten gozatzen baduzu, chapeaux! Baliteke hori izatea bertsolaritzaren helburu bakarra, besteentzat kantatzea, azken finean bertsoa zerbitzu bat baita, ordaintzen duen hari zor zaiona. Baina musikariak, idazleak, margolariak… ez al dira bertsolaritza bezain zerbitzu? Ez al dira baita entzulearen belarri, buru, begi… gozatzaile huts? Nik dakidala, behintzat, ez dago abesti, liburu, margolan… prototipo bakarra. Eta zergatik bertsotan bai?
Ideologia batek ezartzen dituen dogmetatik irteten den bertsolaririk ez dago, eta hau, jakina, ez dator bat bizi dugun gizartearekin. Horregatik, hain zuzen ere, bertsolaritzaren ekarpen soziala murritza gelditzen da.