Nafarroa eta z bukaera
Nafarroa eta z bukaera –
Bada denbora bat Nafarroa Garaiko berezitasun batek arreta ematen didana. Fijatu al zara noizbait zenbat abizenek eta zenbat herrik duten -z letrazko bukaera Nafarroa aldean? Tira, z, edo esan genezake… -tz. Izan ere, gaztelaniazko bertsioan -z letraz bukaera ohikoa da, baina euskaraz -tz transformatuz. Horren adibide da, adibidez, Arbelaiz-Arbelaitz edo Alzorriz-Alzorritz.
Nafarroak harreman estua du euskararekin eta euskarak harreman estua Nafarroarekin. Nafarroako Erresumaren garaitik. Eta Nafarroa, Erdi Aroan, gaur egungo EAE osatzen duten lurraldetan zabaldu zenean, nafartar leinuak eta familiak hedatu ziren. Eta haiekin baita euren abizenak ere. Gaur egun ere horren lekuko ditugu abizen horiek.
Nafarroa han hemenka dago abizen hauetaz barreiatua. Batzuetan -z letraren ordez, -s letra agertzen da (adibidez: Egues). Baina fonetikoki antzekotasuna mantentzen du.
Hona hemen zerrenda bat, non aldi berean abizenak diren eta baita herrien izenak ere (batzuetan auzo edo zonaldeak baino ez). Hau da, toponimoak dira. Honakoak:
Leoz, Armendariz, Egues, Iraizoz, Eskiroz, Arzoz, Agoiz, Auriz, Lanz, Uztarroz, Oroz, Usoz, Esnoz, Ardaiz, Olaz, Anoz, Erroz, Oloriz, Olko (Biurrun Olkotz), Uriz, Amunarriz, Alzorriz (Altzorritz), Elorz, Ardanaz, Ostiz, Cildoz (Zildotz), Ilarraz, Beraiz, Iroz, Osteriz, Gorraiz, Leranoz, Arraras, Leinz, Arruiz, Etxarri Aranaz (Etxarri Aranaz), Arbelaiz, Arroniz, Mues, Urroz, Bertiz, Aduriz, Oriz…
Hurrengo hauek herri izenak dira soilik:
Elcoaz, Ongoz, Ondoriz, Mendioroz, Basongaiz, Gatzolatz, Berkiz, Eulz, Sarries, Egues, Sagues, Allotz…
Gainera, nafarroako euskalkiak beste berezitasuna du. Hitz ugarik -z bukaera dute, batuan edo beste euskalkietan ez bezala. Hurrengoak:
bost-bortz
beste-bertze
asko-anitz/agitz/aunitz
betiko-betikoz
dugunez-dugunentz
dugulako-dugulakoz (-lako> -lakoz)
Egizue bilaketa bat Google-en “dugulakoz” jarrita eta beste bat “dugulako” jarrita. Aldea argia izango da, zein orrialdetara bidaltzen zaituen ikusita.
Honek guztiak, ahoskera bereziaz apaindua. Izan ere, naparra aldean entonazioak ere badu berezitasunik. Badirudi bertako hiztunen ezpainetan hitzek eta esaldiek gorantz egiten dutela bukaeran. Bitxia, baina erdaraz ere nabaria da hau.
Hona hemen adibide bat: ahotsak.eus/arbizu
Aitortu behar dut nafartar hizkera berezi hau Iulian Jantzi aktoreak helarazi zidala. Ez, ez du bakarrik ETB2ko “El conquistador del Caribe” aurkezten. Lan eta proiektu ugaritan aritu da. Baina, agian, bera da aurkezle nafartar ezagunenetakoa. Eta euskararekin harreman berezia zuela azaldu zuen behin elkarrizketa batean. Californian jaio zen, baina gurasoak nafartar eta euskaltzale petoak ditu. Euskara eta ingelesez hazi zuten gurasoek, beraz.
Euskal Herrira, 8 urte zituela etorri zen eta eskola kideek barre egiten zioten, bere gaztelania maila pobreagatik (hara! denboraren poderioz komunikatzaile bikaina bihurtu da, gaztelaniaz ere). Agudo ikasi behar izan zuen, euskara ofizialtasunik ez zeukan garaian, gainera. Gaur egun, Iulianek Lingua Navarrorum-arekiko sentsibilitatea erakusten du, ahal duen guztietan. Agian, “El Conquis”-en horren islada dago, ez dakit. Gutxi eta puntualki bada ere, ETB2n euskara gaztelaniazko saio batean gehien tartekatzen den programa dela esango nuke. Kuriosoa, z-rekin hasi eta honetaz idazten bukatu izana, ezta? Gai batek bestera noiz eramango gaituen ez dakigulakoz…
Eskerrik asko Ainhoa,
Iparraldeko probintzietan ere aurki ditzakezu itz bukaerak, itze bilakatzen direnak euskaraz. Biarritze, Ilbarritze, Bezkoitze, bardotze, Ahetze edo Uztaritze, Heraitze….
Aldiz iduritzen zait horrelako abizen gutiago aurkitzen direla.
Orphustan erakasle “Ortzaitzekoak” haitz (aritza) ikusten zuen Uztaritze eta Biarritze toponomietan.
Entonazioa goratzeko joera horri dagokionez, iduritzen zait usu aditu dutala zaharren ganik batez ere lehengo oroitzapenak ilaran kondatzen dituztenean.
Ez ote da oroitzapen zaharrak kondatzeko modu bat?
Orai beharriak xut eta begiak xorrotx ibiliko naiz.
Eskerrik asko! erran.eus nafarroa iparraldeko agerkari digitala da, beraz webgune honetan nafarroako hizkera ikusi dezakezu.
-IZ atzizkiari buruz hainbat iritzi eman da, besteak beste -nola ez ba-, zelta dela.
Busturialdean, hangoa bainaiz, -IZ atzizki mordoa dago toponimian: Gautegiz, Ozamiz, Terlegiz…
Nire ustez, -IZ atzizki horrek NONGO adierazten du.
GAUTEGIZ: *goe-ate-hegi-iz “goruneko ate-hegia-ko”,
ZENDOKIZ: *zi-en-do-hegi-iz “ibai.ertz gorune-ko” etab.
Hortik datozke -DE arabarren abizenak: De Alda, De la Cueva, De Lezea, etab.
Baita, jakina, -EZ atzizkia, askoren ustez erderazkoa: Martinez, Sanchez, etab.
baita -IS: Sanchis, etab.
Ah, ahaztu zait -IZE, -ATZE/AZE/ZE, -ATSE, -ASE atzizkiarena:
Baraize, Baratze, Basetse, Basaratse/Basaraze/Basarats/Basaras (Larrabetzua)