Mugak gaindituz
Mugak gaindituz –
MUGAK GAINDITUZ
90ko hamarkadaren bukaeratik gertu gaude, 1998. urtean. Munduan zehar, Europan eta Estatu Batuetan batik bat, eskalatzaile kopurua gora doa. Badira urte batzuk maila altueneko gizonek 9. gradua eskalatzen dutela, harrian eskalatu den zailtasunik handiena. Baina zer da gradua? Honekin jarraitu baino lehen, eskalada graduari buruzko azalpen batzuk ematea komenigarria izan daiteke.
Eskalatzean horman zehar bide bat egitean, zaila da bide hori ikusi ez duen norbaiti azaltzea nolakoa izan den bide hori igotzeko prozesua. Bide guztiak desberdinak dira eta hauek sailkatzea gauza guztiz subjektiboa. Hala ere, eskalada mundua globala izanez, eta eskalatzaile guztien artean ulertzeko beharrari aurre egiteko, eskalada bideen sailkapen desberdinak proposatu eta erabili dira. Sailkapen horien artean ezagun eta erabiliena, beharbada, sailkapen frantziarra da. Honek zenbakiekin zehazten du bide zehatz baten zailtasuna, 1etik hasita. Zenbakiekin ez zela nahikoa ikusi zenean, abizenak jartzen hasi zitzaizkien zenbakiei, letrak, hain zuzen ere. Horrela, 6. graduaren barruan, 6a, 6b eta 6c zailtasunak aurkitzen ditugu, errazenarekin hasi eta zailenarekin bukatuz. Bukatzeko, bigarren abizen bat bilatu behar izan zen, gradu zehatz baten zailtasunetik zerbait gorago baina hurrengo gradura heltzen ez zen zailtasun bat zehazteko: + ikurra. Ondoko taulan ikus daitezke graduazio frantziarra, Europan gehien erabilitakoa, eta estatubatuarra.
Baina itzul gaitezen 90ko hamarkadaren azken urte haietara. Wolfgang Güllich eta Alex Huber bezalako gizonek betetzen zituzten garai haietan eskaladaren orri garrantzitsuenak. Haien (eta zenbait gizon gehiagoren) mailak, 9a graduan finkatuta, guztiz baztertuta zeukan emakumea eskalada aldizkarien azaletatik. Historia osoan gizonen mailara, haien gainetik jarri ez bazen, jartzeko kapaz izan zen emakume bakarra, Lynn Hill estatubatuarra, nagusituta zegoen eta baziren ia hamar urte Hill-ek bere azken gradu berria egin zuenetik (Masse Critique, 8b+).
Bitartean, eskalada munduaren bistatik at, Euskal Herriko herri txiki batean, Lazkaon, emakumeen eskalada aldatuko zuen norbait hazten ari zen, hitzaren esanahi guztietan. Josune Bereziartu 1972an jaio zen eta Gipuzkoako Goierrian hazi. 17 urte zituela hasi zen eskalatzen eta 26eko adinarekin ikutu zuen tontorra.
Munduak sekulako sorpresa hartu zuen Bereziartuk Oñatin munduko lehenengo 8c-a eskalatu zuenean, Honey Tonkey. Orduan bihurtu zen ezagun Lazkaotarra eta Italiatik eta Estatu Batuetatik gehien bat erreportai ugari jaso zituen. Baina Josune ez zen horrekin konformatu. Lan asko zegoen egiteko. Eskaladaren maila gorenetik gertu zegoen. Hurrengo urteetan 8c+ eta 9a graduak menderatu zituen, eta baita hurrengo gradura gerturatu ere, bere biderik zailena izango zen Bimbaluna-rekin (9a/+), 2005ean.
Hortik aurrera, Josunek emakume eta gizonen mailak berdintzera eraman zituenetik eta bere sabaia jo zuenetik, iluntasuna berriro ere. Gizonek bidea irekitzen jarraitu dute, mugak urrunago bultzatzen, ezinezkoak ziruditenak lortzen. Chris Sharma, Adam Ondra, Dani Andrada, Alex Megos… 10 urtez munduan zehar harrian zailtasun gorenak miatu dituzte, Lynn eta Josuneren kasuak hamarkadaz-hamarkada ematen diren gertaera isolatuak direla baieztatuz, emakumeen gorputzak ez daudela fisiko eta fisiologikoki gizonenen mailara prestatuta zailtasuneko eskaladarako erakutsiz.
Hau garbi ikusten da historian zehar eskalada graduaren eboluzioa aztertuta. Gizonak gradua igotzen joan dira, batzuk besteei errekorra kenduz, eskaladaren lehenengo maila 3,4,6 edo 10 gizonez osatutako taldetxo batek osatzen zuela. Emakumeak, berriz, kasu ezohiko baten agerpena behar izan dute emakumeen eta gizonen arteko distantzia hori murrizteko eta beste hainbat urte behar izan dira beste emakume batek aurrekoak egindakoa hobetzeko, gertaera isolatuak izanez.
Guzti hau egia da… ala ez? 2017.a urte berezia eta ahaztezina izango da duda barik emakume eskalatzaileentzat. Hasteko, Margo Hayes gazte britainiarra izan zen urte hasieran La Rambla (9a+) bukatzea lortu zuena, gradu altuena gaindituz 12 urte geroago. Urtean zehar Anak Verhoeven 9a+-era igo zen baita ere Sweet Neuf-ekin, eta apostu guztiak hautsiz handia egin du Angela Eiterrek azken egun hauetan. Angelak pasa den azaroan lortu zuen Malagan kokatuta dagoen La planta de Shiva (9b) bidea osatzea, emakumeen gradurik altuena bigarren aldiz gaindituz urte berean eta gizonen gradu altuena are gertuago utziz.
Urte honetan ikusitakoaren arabera, baliteke emakume eta gizonen abildadea eskalada kontuetan ez izatea hain desberdina. Kasu honetan ez da emakume bakarra, beste guztien oso aurretik dabilena, burua munduko eskalatzaile hoberenen artean agertu duena. Orain emakume talde handi bati buruz ari gara, aldizkarien azaletara bueltatu dira eta horietan gelditzeko asmoa dute. Pozik begiratuko ditu Josunek emakume gazte hauen lorpenak bere Lazkaoko etxetik. Pozik eta harro, berak irekitako bidearen jarraipena direla badakielako.