LABA, euskaltzaleen txokoa Iruñean
LABA, euskaltzaleen txokoa Iruñean –
Iruñeatik pasioan nindoan aurtengo uda honetan, jateko txoko baten bila. Nire aitak pintxoak nahi zituen, amak menua eta arrebak… txiza egin. Alde Zaharretik atera ginen nik google maps telefonoan begira nengoela. Kale batetik atera eta Gaztelu Plazako handitasun agertu zitzaigun gure aurrean; baso itxi batetik, zuhaitzen arteko zabalgune bat izango balitz bezala. Atentzioa eman zidan ikurriñaz jositako balkoi batek, “delcastillo taberna” izenekoa eta Alkartetxe bat zelarik era berean. Menua eta azalpen batzuk euskaraz ere ageri ziren. Itxura ona zeukan, baina jendez gainezka. Ondoan zegoena itxura dotorea, baina zerbitzariak urduri eta aztoratu antzean zeuden, batetik bestera.
Aurrera egin genuen, baina familia-gatazka bere horretan dagoen sumendi zirudien, edonoiz lehertu behar zuela zirudien. Nonbaiten tokia hartu behar genuen lehenbailehen, denok nekatuta geunden eta. Iruñea ez da Erroma edo Paris, ez da goiz osoa oinez kilometroak egiten pasatzen duzun hiri erraldoi, jendetsu eta zaratatsua. Baina gu turisteoan genbiltzan eta turistak nonahi zeuden Alde Zaharrean. Beroak sargoriaren melodian jotzen zuen, eguzkiak bere tokia aldarrikatzen zuen.
Bat-batean hor agertu zen, jendearen artean eta arkupeetan. Noizbait ikusi duzun aurpegi ezagun maitakor baten antzera, LABA letrak ikusi eta gomutara etorri zitzaidan noizbait Berrian irakurritakoa. Euren hastapenak eta azkenean lortutako irekiera-baimena gogoratu nuen, baina modu lauso eta alferrean. –Goazen hona! Bota nuen erabat konbentziturik; inolako duda izpirik gabe, tribuaren lidergoa bereganatu nuen ezustean.
Barra, zerbitzariak, mahai eta aulki asko.
-Jatekorik baduzue? Itaundu nien, tribuaren nagusi rolarekin jarraituz.
Beno, LABA berez ez da jatetxe bat, ez dago menurik. Pintxo tortilak eta gozotegiko produktu batzuk ditu barran.
-¿En este bar?
-Sí, aita. Porfa, estamos cansados, queremos sentarnos. He oido de este sitio, es muy euskaldun, nos quedamos aquí.
Egia esan nire konbintzioaz gidatu nuen familia. Ez nuen eztabaidarako abagunerik utzi. Nire aitak ez du euskara menperatzen, nahiz eta saiatu den, saiatu, ikasten eta aritzen. Baina etxean egiten ez badugu ere, badakit txoko euskaltzale batean eroso sentitzen dela. Bukaerako mahai bat aukeratu genuen, eta orduantxe konturatu nintzen Estafeta kalean Palestinaren aldeko pankarta aldarrikatzailea -euskaraz- taberna honetakoa zen.
LABA zer den aprobetxatzeko idazten dut artikulu hau. Egin dudan aurkezpen-egoera benetan gertatutako da, ez pentsa. Guk ia 4 ordu eman genituen han, Iruñeako bisitaldiari berrekin aurretik. Iruñean badaude txoko euskaldunik eta LABA kafe antzokien dimentsioa ez badu ere, kulturgileen ezinbsteko topagunea dela esan genezake. Txukun apainduta dago, alfonbrak, apalategiak, liburu eta aldizkari andana eta umeentxako jolasak ere. Momentuz ezin dute alkoholik saldu, Udalaren baimenak direla eta, baina laster aldatuko dela aurreikusten dute, esan zidatenaren arabera.
Giroa euskalduna dela nabari da. Arnastu ere egin dezakezu, sartzear zaudela ere. Izan ere, trago bat hartzera edo familia zein lagunekin elkarrekin gozatzeko, zer hobe, hurbileko giroa baino?