Kutxabank-eko jaun txit arbuiagarri hori:
Kutxabank-eko jaun txit arbuiagarri hori –
Kutxabank-eko jaun txit arbuiagarri hori:
Andrea Ramiren Martinez dut izena eta ez naiz famili euskaldunekoa. Gainera, B eta A ereduan ikasi nuen. Niri denbora, esfortzua eta dirua kostatu zait euskara ikastea. Bai, hasieran lan arrazoiengatik hasi nintzen ikasten. Baina euskaltegian lagundu zidaten eta mundu berri bat, kultura bat erakutsi eta irakatsi zidaten. Irakasle eta ikaskideei esker lortu nuen hori eta ez naiz batere damutzen. Nire herria eta nire jaioterriko hizkuntza apreziatzen irakatsi zidaten.
Anton Arriola, Kutxabank-eko zuzendaria zara eta zure adierazpenetan esan duzu euskara oztopoa dela talentua erakartzeko. Ingelesa gehiago bultzatu beharko litzatekeela. Kutxabank oso enpresa garrantzitsua da eta bezero asko euskaldunak dira eta gai honekiko oso sentiberak. Ni ere Kutxabank-eko bezeroa naiz eta ez nago batere ados zure adierazpenekin. Gainera, zuk ezin dituzu horrelako adierazpenak egin, zure karguan euskal enpresa handi bat ordezkatzeaz gain, langile eta fundazio baten izenean ere ari zarelako.
Errespetua zor diozu zure lantokiari, zure herriari, zure hizkuntzari, zure bezeroei edo zure abizenari (euskalduna da eta euskaraz dago), besteak beste.
Izan ere, ondo jakingo duzun bezala, Euskal Herrira etortzen diren edozein pertsona aberatsek (zuk ezagutuko dituzu halako “talentudun” asko, Arriola jauna) aukera dute eskola elitista batera joateko. Hor euskara apenas ikasten dute ikasgai bezala. Saint George School, Deutsche Schule, Gaztelueta… A eredua edo X eredua dute aukeran aberaskumeek eskola-elitista horietan. Eta ziurrenik aberaskume horiek unibertsitate publikora joan ordez, pribatura joan nahiko dutenez, ez dute EBAU edo selektibitateko nota alturik beharko. Hortaz, ikusten duzunez, diru asko baldin baduzu, euskara alde batera uzteko aukera asko dituzu EAEn. Eta zer esanik ez Euskal Herriko Nafarroa eta Iparralden.
Aldiz, ingelesa ikasteko aukera mordoa duzu. Eta eskola guztietan landuko dute, salbuespenik gabe.
Immigrante behartsua eta xumea bazara, nire gurasoak izan ziren moduan, egia da euskaraz ikastetik “libratzea” zailagoa izango dela. Hala ere, egon badaude oraindik A ereduko lerroak nahi dutenentzat, hiri handietan batez ere (zer esanik ez, berriro ere, Nafarroa eta Iparraldean).
Edozein modutan, nik ez dut ikusi elite kirolaririk ezetz esaten Euskal Herrira joan nahi duenik, hain zuzen, hezkuntza sisteman euskara dagoelako. Ez dut ezagutzen Real Sociedad edo Bilbao Basket-era joateri uko egin diotenik. Ezta beste eliteko profesionalek ere. Agian, lehen esan bezala, zuk ezagutuko duzu norbait, baina erakutsi dizudan moduan alternatiba asko dituzu.
Era berean, Euskal Herrian inmigrante asko daude eta ez dirudi horietako asko alde egiten dutenik euskara dela eta. Beraz, lasai, esplotatzeko jende isuria ez zaizu agortuko, Arriola jaun arbuiagarria.
Jakin dezazun Europa osoan 28 hizkuntza ofizial daudela eta beste pilo bat ofizial ez direnak. Finlandia, Suedia, Suitza eta abarretan, ez diote uko egingo beren hizkuntzari, hiztun gutxi badituzte ere. Hortaz, hobe zenuke herrialde garatuen eredua ikusi. Lehentasuna bertokoek eta bertoko hizkuntzek eduki behar dute.
Adeitasunez,
Andrea Ramirez Martinez eta nire lagun euskaldunak