Kateekin bai, baina zoriontsu

Kateekin bai, baina zoriontsu –

    Zer moduz zaude, ongi ezta? Gure arteko elkarrizketa hasi baino lehen, hitzak airera jaurti bezain pronto, kondenatzen dugu aurrekoa aldarte onarekin egotera. Ongi egon behar du, positibo, bere buruarekin gustura eta inguruarekin bakean; gure berbek ez diote beste irtenbiderik emanen; zoriontsu egon behar du, koittaduak.

Kateekin bai, baina zoriontsu

    Antidepresiboak, biharamuna kentzeko pilulak, mamuak uxatzeko edota ardiak ez zenbatzeko lo-eragileak,… Jaunak ez ditu gure gorputzak sortu mina pairatzeko. Azken belaunaldiko mugikorrak, gure ordez gidatzen duten autoak, gizateriagatik erabakiak hartzen dituzten adimen artifizialeko ordenagailu super kualifikatuak… Jainkoak, matxuratuko delakoan edo, ez du burmuina erabiltzerik nahi. Parrandan irten, toki urrun, arrotz, bitxi baina seguruetara oporretan joan eta sare sozialetara irudimeneko argazki liluragarriak igo; jaungoikoak zu zoriontsu izatea nahi du.

    Deitu jaungoikoa, deitu dirua edota estatu liberala, “anai handiak” zu zoriontsu izatea nahi du. Esfortzuak, jarraikortasunak, sufrimenduak… zoriontasunaren nazioan ez dute inongo lekurik. Zorionezkoak izateko jaio gara, borrokak, justizia sozialaren alde egiten badute ere, beste denbora bateko zerbait dira, antzinakoak.

    Europa zaharra, ongizate estatuen sorterria, munduaren inbidia. Ongizatearen kontzeptua da demokrazia liberaletan zoriontasunaren sinonimoa. Amerikako Estatu Batuen (“Amerika” AEB baino zerbait handiagoa da) independentzia-adierazpenak jada barne bildu zuen eskubide bezala zoriontasunaren bilaketa. Are gehiago, 1812ko Espainiako konstituzioak, bere 13. artikuluak jada adierazten zuen Gobernuaren helburua nazioaren zoriontasuna zela. Eliza katolikoak ere humanitatearen salbazioa du helburu, bere burua aurkeztuz nolabaiteko zoriontasun jaungoitiar batera eramango gaituen itsasargi bezala.

    Susmoa dut, azken hamarkadan gutxienez, Euskal Herrian zoriontasun liberal kapitalistaren tesiak kementsu barneratu digula. Alferkeria, analfabetismo politikoa, autokonplazentzia eta pasibotasun soziala besarkatu ditugu zoriontasunera eramango gaituen bakearen izenean.

   “Eskubideak ez dira oparitzen, borrokatu egiten dira. Beti izan dira konkistatuak aurrera egitea ahalbidetu duten borroken bidez”. Horra Tsunami Democràtic plataformak oholtzaratutako mezuetariko bat. Berlingo harresia erori zenean, komunismoa pikutara bidali zutenean historiaren amaiera saldu ziguten; eboluzio politikoa bere azken fasera iritsi zen.

    Txile, Libano, Hong Kong edota Katalunia, inork ez die beraien buruengatik borrokatzeko baimena eman, justizia sozialaren izenean batzuk, askatasuna bilatu nahian beste batzuk, sufrimendua eta sakrifizioa suposatzen duten borrokak abiatu dituzte.

    Bada garaia erabili eta botatzeko kontsumo produktua bilakatu duten zoriontasunaren ideiaren aurrean (ere) borroka ideologikoa emateko. Eta ez gara errugabe, zoriontasun hutsalaren ideiaren hedapenean guk geuk ere gure ardura puntua dugu. Finean, argi dut justuagoa den mundua eraiki nahi badugu, gaur egungo zoriontasun moldetatik irten behar garela, kateak apurtu.

     Eta zu, zer moduz aurkitzen zara gaur, ongi ezta?

Kateekin bai, baina zoriontsu