Jaietan mugikorra galdu baduzu…
Jaietan mugikorra galdu baduzu… –
Gaueko hirurak ziren Txomin Barullo txosnatik Kaskagorri txosnara joaten ari ginela (Bilboko festetan dauden bi txosna). Baina bidetik, mozkor dagoen jendeari irusakoa egiten dioten postu batekin topatu ginen (trileroetara jolastea, tabako kaxak baloi batekin botatzea…). Topatutako proba honetan, iltze bat mailu baten laguntzaz zurezko ohol batean sartu behar zen, eta horretarako, hiru aukera zituen nire lagunak.
Hori kamera motelarekin grabatzea bururatu zitzaidan niri, eskua poltsikoan sartu nuen eta mugikorra ateratzen ari nintzela, nire atzamarrak mugikorraren markoetatik laban egiten ari zirela nabaritu nuen. Nire eskua begiratu nuen baina jada mugikorra zorurantz zihoan. Normalean kasu hauetan oina jartzeko erreflexua izaten dut, mugikorrari ez apurtzeko behar duen indargetzea eskainiz. Baina alkoholaren eragina zela medio, ez nintzen oina jartzera heldu, eta nire mugikorraren pantaila lurrarekin nola jotzen zuen entzun nuen.
Gurineko tostada baten antzera (gurin aldeak zoruarekin bat egiten du beti), ondo emandako kokoteko baten soinuarekin eta mugikorren tranpolin jauzian 10 bat eskuratuz, banekien pantaila apurtuta egongo zela. Mugikorra jaso eta desblokeatzen saiatu nintzen, baina alferrik, pantailarekin batera, pantailaren ukimena ere hondatu egin zen. Azkenean, beraz, ez nuen nire lagunak mailuarekin eman zituen kolpeak kamera motelarekin grabatu, aitzitik mugikorra era motelean nola jausten zen bai grabatu nuela, baina nire burmuinean.
2 urte eta hiru hilabete zituen nire mugikor gaixoak, orain dela denbora hori iritsi zen nire etxera, Athletic eta Bartzelona Erregearen Koparen finala jokatu zuten egun berberean. Gogoratzen dut zelako irrikarekin ireki nuen enbalajea . Berau zetorren kaxaren tapa kendu eta hor zegoen mugikor berria, izan dudan handiena, berri-berria izan ahal duen distira guztiarekin. Garaiko kamerarik hoberenetarikoa, txarto ez zebilen mediatek garuna eta plastikoz aparte markoetan metala barneratzen zuen lehenatarikoa. Pena ematen dit mugikorra galdu izana, baina beno, pozik egon behar naiz, bizitza ona izan du eta; beti garbi, beti txukun, apaintzen zuten karkasa desberdinekin.
Hala ere aitortu behar dut jausten zitzaidan aldi guztietan beti hau apurtu zedin gogoak nituela, mugikor berri bat erosteko aitzakia izateko, horrela, jaiak mugikorrak galtzeko garai ohikoa izaten delako (mozkortuta galduta, lapurtuta, lurrera jausita…), idazlan hau idaztea erabaki dut mugikorrei dakidana partekatzeko xedearekin, ea irakurleren batek udako jai batean mugikorra galdu eta baten bat erosi nahi duen.
Mugikor Txinatarrei buruz jadanik kontrolatzen baduzu (zergatik jendea Txinan erosten duen… horrek dituen abantailak eta desabantailak…), zein mugikor erosi gomendatzen dudan atalera joan zaitezke, beherago (mugikorrak ikusten hasiko zara). Bestela, jarraitu irakurtzen:
Gaur egun mugikor bat erosi nahi duzunean bi aukera aurkituko dituzu, alde batetik Txinatik erostea eta bestetik Euskal Herrian erostea. Ikus ditzagun bi aukerak eta bakoitzak dituen abantailak eta desabantailak. Agian gero eta marka txinatar gehiago ezagutzen dituzue, adibidez nire lagun batek esaten duen “Saomi” (Xiaomi esan nahi du) hala nola Meizu.
TXINAN EROSTEAREN ABANTAILAK
Zergatik erosten dituzte hainbeste mugikor Txinatik? Mugikor hauek duten prezio-kalitateagatik. Txinatarrak direla esaten dugunean ez dugu pentsatu behar denbora gutxi barru apurtuko den zerbaitetan edo kalitate txarra izango duen gauza batean. Beraz, ez izan beldur horregatik. Mugikor hauek ezagutzen ditugun Samsung, Iphone, HTC duten kalitate berdina zein hobea izan dezakete (berez, prestigiodun markak ere Txinan ekoizten dira). Horrela, dituen ezaugarriak kontuan izango bagenitu, 200€ balio duen Xiaomia 300-350€ balioko luke Samsung marka izango balitz. Gainera, Txinatik erosten duzun mugikorrak, ez dakit zein zerga ez du ordaintzen, eta horren eraginez oraindik are merkeagoa da, horrek zer esan nahi du, zuk Xiaomi bat Txinan zein gure herrian erosi dezakezula, baina ez dute prezio berdina izango zerga hori dela eta.
TXINAN EROSTEAREN DESABANTAILAK
Orduan zergatik ez du jende guztiak mugikor txinatarrak erosten? Bere alde txarrak ere dituztelako:
- Normalean 14 egunetan heltzen dira etxera, baina badaude kasuak mugikorrek hilabete bat behar izan dutela ailegatzeko.
- Duten bermea oso txarra da, ez dutela esan daiteke. (Noski apurtuta heltzen bada (ez da batere ohikoa hori gertatzea), itzuli eta beste bat emango dizute, baina hilabete bat igaro eta gero ez nago ziur bermea baldin dagoen).
EUROPAN EROSTEAREN ABANTAILAK
Gurean, denda fisiko batean zein web-guneetan eros daiteke. Denda fisikoa aldi berean abantailak eta desabantailak ere izango ditu. Estatuko web-gune batean erosteko abantailak izango duzun bermea eta azkartasuna (2 egunetan etxean izango duzu) izango da. Denda fisikoan erosteko abantailak mugikorra momentuan bertan izango duzula eta bermea oraindik hobea izango duzula da.
EUROPAN EROSTEAREN DESABANTAILAK
Prezioa askoz ere handiagoa, eta web-gune eta denda fisikoaren artean, gauza bera, denda fisikoa garestiagoa izango da.
NIRE AHOLKUA
Nire aholkua, nik egin dudan hori baita, Txinatik erostea da. Argi dago mugikorra egunero jausten bazaizu eta gehien iraun dizun mugikorra 6 hilabetekoa izan bada, kasu horretan ez dizut Txinatik erostera animatuko, baina mugikorra oro har ondo zaintzen baduzu, Txinatik erostera animatzen zaitut. Nik adibidez, bi urte egon naiz nire mugikorrarekin, inoiz ez dit arazorik eman eta 270€ balio izan zuen, hemen erosi izan banu, agian 400€ izan zitekeen.
Oso garestia den mugikorra erosten baduzu, ez dizut Txinan erosteko aholkua emango, izan ere, edozein gauzagatik arazo bat izanez gero, 700€ zakarrontzira joango litzatekeelako. Beraz, 300-330€ arte Txinan erosteko aholkua emango nizueke.
Goazen mugikorrak ikustera. Nik ez dizuet Iphonak zein Samsung-ak aholkatuko. Nik aholkatuko ditudan mugikorrak gehienez 400€-ra iristen dira. Prezio txikienetatik handienetara joango naiz, eta prezio atal bakoitzean zein erosiko nukeen esango dut, emango diogun erabileraren arabera, batzuk bideoak ikusteko nahi dituztelako, beste batzuk jokatzeko…
Gehienez 150€
Ikusiko duzue Xiaomi hoberena dela mugikor merkeetan. Oso mugikor onak egiten dituzte eta nahiko merkeak, dituzten ezaugarrientzat. Jartzen dudan lehenengo prezioa Txinatik erositakoa da eta bigarrena (garestiagoa) Espainiar estatukoa. Bestetik 3GB jartzen duenean, aldi berean mugitu dezakeen gauzak dira (RAM). Hau da, adibidez YouTuben sartzen zara, ondoren Twiterren, gero Facebook-en eta amaitzeko jolas batean. Horietako bakoitza dituzun 3GB-ak betetzen joango dira. Guztiz betetzen bada mugikorra astiroago joango da eta zeneuzkan gauzak itxiko dira, berriro sartu beharko zara, beteta ez badago, aldiz, jolastu ondoren berriro YouTubera joan ahalko zara eta erdizka utzi duzun bideoa ikusten jarraitu. Hurrengo kopurua ordea (memoria; 32GB), zure telefonoak duen memoria da. Hau da, zure telefonoak izan dezakeen argazki, app zein bideo guztiak. Mugikor batzuei txartel bat sartu ahal zaie memoria hori handiagoa egiteko baina beste batzuei ez ordea. Bi zenbaki horiek oso garrantzitsuak dira eta mugikor batetik berdina den beste batera asko aldatuko du prezioa.
- 5’ hazbera* (txikia): Xiaomi Redmi 4X (3GB 32GB). 110€ – 150€. Mugikor txikia baina denetarik egin dezakeena nahi baduzu, mugikor hau hoberena dela uste dut. Nik hemen erosiko nuke: Vayava. Espainiatik bidaltzen dizutelako, nik bestela Gearbest-en (Txinatik) erosiko nuke, baina 24 eurogatik beste lekuan erostea merezi duela uste dut.
- 5.5’ hazbera (handia): Xiaomi Redmi Note 4X (3GB 32GB). 124€ – 160€. Aurrekoaren antzekoa, mugikor honek gauza guztietan betetzen du prezio oso murriztuarekin, desberdintzen duena tamaina da, eta kamera pixka bat hobea. Nik hemen erosiko nuke: Infofreak. Ez dut denda ezagutzen baina 30€ gehiagogatik 2 urteko bermea eta bi egunetan etxean duzula jartzen du.
Nik handia hartuko nuke, tamaina asko inporta ez bazaizue.
150€ – 220€
- 5.2’ hazbera (txikia): Xiaomi Mi5S (3GB 64GB). 220€ – 250€. Mugikor oso ona gauza guztietan, kamera ona, potentzia handia eta nire ustez oso polita. Nik Alegrecompran erosiko nuke. Alegrecompra (Txina), ez nahasi zenbakiarekin, dolarretan baitago. Alegrecompra (Espainia), gauza bera, dolarretan dago. Espainiako Alegrecompra ez du berme ona, desberdintasun nagusia oso denbora gutxian heltzen zaizula da. Nik ia beti erosi dut denda honetan eta nahiko pozik nago bere zerbitzuarekin.
- 5.5’ hazbera (handia): LeEco Le Pro 3 (4GB 32GB): 208€ – 350€. Mugikor oso potentea, eta aurrekoa baino handiagoa. Hau aurrekoa bezala, denetarik egin dezake, edonolako bideojokoa mugitu, argazki nahiko onak… Mugikor hau Txinan erosiko nuke, prezioaren desberdintasuna izugarria baita. Denda honetan FastTech (dolarretan dago, 240 € dira), ez da merkeena, baina segurtasuna ematen dit, besteak baino (seguruenik ez da ezer gertatuko besteetan erosteagatik).
Kamerari begiratzen badiogu (mugikor txikian), Nubia Z17 mini (211€) ere egongo litzateke Xiaomi aurretik (Xiaomian bezala, Alegrecompran erosiko nuke bai Txinatik bai hemendik bidalia), baina oro har Xiaomia hobeagoa dela uste dut. Mugikor handian bestetik, LeEco Le Max 2 (190€) daukagu, oso mugikor gomendagarria ere. Azken hau coolicoolen erosiko nuke, baina ez dut denda hau ezagutzen.
220€ – 300€
- 5.2’ hazbera (txikia): Zuk Z2 Pro (6GB 128GB) (Zuk marka txinatarra da, ez da euskarazko izenordea): 240€ – 300€. Mugikor honek dituen ezaugarriak ikaragarrizkoak dira. Baina software-ean ez dabiltza oso ondo, beraz, ez dut gomendatzen mugikorrak “root”-eatzen ez dakitenei. Bestela hoberena izango litzateke dudarik gabe. Alegrecompran erosiko nuke, bakarrik Txinakoa, gehiegi igotzen da prezioa bestela.
- 5.2’ hazbera (txikia): Meizu Pro 6S (4GB 64GB): 241€ – 355€. Oso mugikor polita (nire ustez). Mugikor ona. Pixka bat garestia esango nuke, Xiaomi Mi5S-rekin alderatuta. Baina politagoa eta Flyme-rekin funtzionatzen du. Bi ezaugarri horiengatik, askok Xioamiari ez lioke lehentasuna emango. Nik behintzat garrantzia asko ematen diot diseinuari eta Meizuk oso ondo egiten du beti. Aurreko mugikorrarekin gertatzen zen bezala, bakarrik Txinatik eta Alegrecompran erosiko nuke.
- 5.7’ hazbera (handia): Xiaomi Mi5S Plus (4GB 64GB): 252€ – 286€. Bere anaia txikia baina handia eginda. Oso ona kalitate-prezioan. Niri ez zait diseinua gustatzen, baina hori norberaren kontura. Bai Txinatik bai gure herritik bidalita erosiko nuke Alegrecompran.
Agian hauek ikusita, hainbesteko desberdintasuna ez dagoela eta Xiaomi Mi5S-ra joango nintzateke, “root”-eatzen ez badakizu, bestela Zuk Z2 Pro argi eta garbi.
Orain arte esandako ia guztiak web-gune txinatarretan hartuko nuke (desberdintasuna 20€-30€-koa denean ez, orduan pentsatu beharko nuke non hartu). Hurrengoak pentsatzekoak dira, izan ere, oso garestiak dira Txinatik, eta bermea ez izateak beldurra ematen du, baina hauetatik Espainiako dendakoekin dagoen aldea oso nabaria da. Nik uste dut denda txinatarrei erosiko niokeela, nire mugikorra eta gomendatu diodanei ondo atera zaielako.
300€ – 400€
- 5.2’ hazbera (txikia): Xiaomi Mi6 (6GB 64GB): 339€ – 474€. Ikusten duzuenez, Xiaomi mugikor txikietan garrantzitsuena da. Mugikor hau, hurrengoekin gertatzen den bezala, oso oso onak dira, ez diote azken Iphone zein Samsungei ezer jeloskor egoteko. Agian esandakoak kamera pixka bat hobea dute, baina hauek erdia balio dute. Aurreko mugikorrarekin bezala, bai Txinatik bai gure herritik bidalita erosiko nuke, hor bakoitzak erabaki behar du itxarotea merezi duen.
- 5.5’ hazbera (handia): Nubia Z17 (6GB 64GB): 361€. Hau bakarrik Txinan eros daiteke. Nire ustez politena da, eta nire hurrengo mugikorra izateko aukera asko ditu. Alegrecompran erosiko nuke.
- 5.5’ hazbera (handia): OnePlus 5 (6GB 64GB): 390€ – 468€. OnePlus beti kalitate-prezioan hoberenak dira. Eta aurten ere lortu egin dutela esan daitekeela uste dut, baina azken hauen mugikorren artean desberdintasuna ez da ia nabaritzen. Hau ere Alegrecompran erosiko nuke, bestela gehiegi garestitzen da.
- 5.7’ hazbera (handia): HTC U Ultra (4GB 64GB): 327€. Mugikor honek puntu garrantzitsu bat du, duen bermea hemengoa da, urte batekoa. Nahiko ondo dagoela uste dut, nahiz eta aurrekoak gehiago gustatzen zaizkidan. Eglobal Centralen erosiko nuke, ez dut inoiz erosi bertan baina fidagarria dela uste dut.
400€-tik gora
Hemen bakarrik hurrengo mugikorra aipatuko dut, Samsung Galaxy S7 Edge (4GB 32GB) 429€ – 520€. Ez da Samsung-en azken mugikorra, baina 400-etik gora ordaintzea merezi duen mugikor bakarra dela uste dut. HTC bezala, Txinatik bidaltzen da baina ondoren bermea herrian bertan da. Denda berdinean erosiko nuke, Eglobal Central.
Edozein galderari erantzuteko prest egongo naiz. Hala nola non erosi, denda pila bat baitaude. Mugikor gehiago ikus ditzakezu kimovil web-gunean. Nik hor begiratu ditut eta hortik atera ditut prezioak. Oso ondo dagoen web-gunea da, mugikor guztiak bereizi eta haien artean konparatzen laguntzen duena. Hala ere, batzuetan mugikor batzuk beste batzuen aurrean jartzen ditu hobeak balira bezala, edo lehenengo aukera orain dela urte batzuk oso onak izandako mugikorra jartzen dute, eta nire ustez agian hobe da berria den mugikor bat ona izan zena baino. Guztia ez dira ezaugarriak, Zuk Z2 Pro-ari gertatzen zaion bezala, edo kamera batzuk 23 megapixel dituzte, baina gero 12 megapixel dituen batena baino txarrago ateratzen dute. Hau izan da guztia, espero dut lagundu izana.
GARRANTZITSUA: Mugikor Txinatar bat erosten duzunean, posta normala aukeratu behar duzu bidaltzeko eran. Izan ere, badaude enpresak paketea azkarrago ekartzen dituztenak 20 eurogatik adibidez Arazoa da bidalketa mota hori aukeratzen baduzu, paketea aduanetan geldiaraziko dizutela, eta hor paketearen % ez dakit zenbat ordaindu beharko duzula (ehuneko nahiko altua), eta txinatarra den mugikorra erosteko abantaila garrantzitsuena (dirua aurreztea) galduko duzu.
Kontuan izan behar duzue mugikor guzti hauek ez dutela euskeraz jartzeko aukerarik (HTC eta Samsung agian bai). Eta ez hori bakarrik, batzuk bakarrik ingelesez eros daiteke. Hori erosterakoan aukeretan jarriko dizute, ROM ofiziala edo hizkuntza desberdinak dituen ROM-a hautatzeko eskainiz. Nik ROM ofiziala hartuko nuke, ingelesa ez didalako oztoporik eragiten mugikorrean ibiltzerakoan, eta ofiziala denez, hobeto jasoko ditu aktualizazioa.
Prezioak agian aldatzen dira nik idatzi dudanetik zuek irakurtzen duzuen arte. Norbaiti erosketa txarto ateratzen bazaio, espero dut nirekin ez haserretzea. Mobilei buruz nahikotxo dakien norbait naizela uste dut, eta idatzitakoa nik egingo nukeena da, baina edonori gerta dakioke erosketa txar bat egitea, zorionez niri eta nik gomendatutako lagunei ez zaigu inori gertatu.
*hazbera=pulgada