Ixilarazitako maitaleak

Ixilarazitako maitaleak –

Bi maitale ilargipean maitatzen. Bi ezezagun ilargipean ezagutzen. Gaueko haize hotzak elkar laztantzen diren besoetako ileak tente jartzen dizkie. Edo agian ez da haizea dardara horien eragile, elkarrekin egoteko irrika baizik.

Ez dira egun asko lehen muxua eman zutenetik: jaigiroan bien begiradek bat egitearekin batera gertatu zen. Alkohol tantek eraman zituzten azken lotsen beldurrak eta elkarren besoetan aurkitu zuten gau guztian zehar desiatu izan zutena.

Ixilpeko sekretua, oihukatzeko beharra duten begietan.

Gaur, zeruko izarrak lagun dituztela, banku bakarti batean aurkitu dira elkar. Ezpainen talka frenetikoa bakarrik entzuten da aspaldi hustu zen kalean, ezpainen talka eta esku bihurrien fereka isilak. Minutuak daramatzate han, edo orduak agian… Nork daki? Axola duen bakarra elkar besarkatzeko gogoa da. Gaueko iluntasunean protagonista den bakarra maitatzeko nahia da.

Baina ilargia, izarrak eta haize hotza ez dira bi maitaleen desioaren testigu bakarrak. Pisu batzuk gorago, leiho atzeko berotasunean eta kortinek ematen duten segurtasunean, agure batek beheraka begiratzen du amorruz gainezka. Erabaki bat hartu eta hozkailuraino joan da, bost minutu geroago maitaleei leihotik behera jaurtiko dien arrautzaren bila.

Istorio hau ez da hor amaitzen. Edo bai. Istorio hau ez da lehenengoa eta, tamalez, ez da azkenekoa izango. Istorio hau ez da fikzioa, 2018n Gipuzkoako herri batean jazotako gertakizuna baizik. Eta zer du ba berezia gertakizun honek? Agureak ez liekeela arrautzik jaurtiko maitaleak bi mutil izan ez balira.

Ixilarazitako maitaleakBai. XXI.mendean egonik ere, egunero esnatzen gaituzte halako lotsa ematen diguten berriek. Bat-batean lagun baten deiak bihotza uzkurtzen dizu, saminez azaltzen dizulakoi ezin duela aske bizi, gizarteak aske maitatzea debekatu diolako.

LGTB kolektiboak urte hauetan eginiko borroka izugarria izan bada ere, gaur egungo gizarteak argi uzten digu behin eta berriz askatasunerako bidea luzea izango dela. Egunero borrokan dabiltza eskubide duhinengatik eta hala ere gizartearen eskutik jasotzen duten diskriminazioa imagina ezin genitzakeen mailetara iristen da.

Hau bezalako hamaika istoriok eta gertakizunek betetzen dute diskriminazioen mapa. Aurrerapen txikiak, idatzi hau bezalako pauso nimiƱoak, jada ez dira nahikoa aske izan nahi duen kolektiboarentzat. Askotan atzeraka iruditzen zait, bi lagun aske maita ezin daitezkeela ikustean.

Ixilarazitako maitaleak