Itxialdian etxebizitza duina izatea nahikoa ez denean
Itxialdian etxebizitza duina izatea nahikoa ez denean –
Egunotan bizi dugun itxialdiak -edo zehatzago esanda, “etxealdiak”- erabat berdindu du gizateria. Berdin dio zein maila sozialean egon. Aberats zein txiro, futbol izar ospetsu zein garbitzaile anonimo xumea, hala idazle nola idazkari, hala enpresaburu nola sindikatuko arduradun… denok jarribide berdinei men egin beharrean gaude. Mundu osoa -hitzez hitz literalki hartua- nolabaiteko konfinamendu pean. Euskal Herrian, beste hainbat tokitan bezainbeste edo areago.
Ez da nire aburuz, ordea, gogoeta egiten edo hizpide izaten, itxialdiaren berdintze hori ez duela oro berdin eragiten. Etxebizitza izatea eskubidea da, oinarrizko eskubidea gainera. Bizitokia, gutxieneko baldintzak eskatzen ditu: gutxieneko tamaina, argitasun, garbitasun eta isiltasun. Duina izatea, azken finean. Badakigu, gure herrian, gehienok duintasun horretaz gozatzen badugu ere, badirela baldintza horietako asko nekez betetzen dituztenak. Are gehiago, etxegabeko asko ditugu gure hiri eta herrietan, ezin dutenak bere etxetzat inolako gunerik eduki. Nire gogoeta, baina, haratago doa.
Zenbat eta itxialdi luzeago nozitu, orduan eta gehiago nabaritzen dugu zein gogorra izan daitekeen argi naturalik apenas duen bizitokia. Edo kide ugari gune mugatu batean elkarbizitzea. Izan ere, ez da bera 100 metro karratu duen etxebizitza, lorategiz eta gune berdeaz hornitua eta 50 metro karratu duen bat, lehenengo solairuan, eraikin handiez inguratuta eta barneko patioa ikusteko aukera soila ematen duena. Gogora dezagun gainera, langile klaseko auzo askotan, 50 metroko etxebizitza horiek 4 edo 5 kidek partekatu behar dituztela; gurasoak eta seme-alabak hirugarren adineko aitite edo amamarekin batera bizitzen diren familia-unitate ugari, hain zuzen.
Hortaz, garaiotan, etxebizitza duina izatea ez da soilik zilegitasun kontua. Bizikidetza baketsua ez badugu, etxeko paretak infernu bilaka daitezke behar bezala kudeatzen ez badakigu. Hasierako “berdintze” horren “desberdintzea” agerikoa da. Pribilejioez gozatzen dutenak, pribililejioez gozatzen jarraituko dute. Denok eman behar ditugu orduak etxetik atera gabe. Ordu horiek, baina, ez dira berdinak gizarte eskalen artean.
Argi dago egungo larrialdi egoerak, dela osasun arlokoa, dela ekonomikokoa, aldaketak ekarriko dizkigula egunerokoan. Inoiz baino beharrezkoagoa da, agi denez, erakunde publikoen parte hartzea, krisi ekonomikoak gizarte arrakala handiagotu ez dezan. Babes soziala, ongizate galeraren zama ez dezaten behekoek bakarrik bizkarreratu.
Gonbitea luzatu nahi dut, lerro hauen bidez, hausnarketa egitera. Eta, bide batez, pandemiak hirugarren munduan aurrera egiten duen heinean, ahaztu ez dezagun, sikiera etxebizitza duina ez duten horientzat itxialdia zein gogorra izan daitekeen. Fabela edo slum horietaz ari natzaizue, ur korronte edo elektrizitate hornidurarik gabe dauden horiek alegia.