Iparra bilatzen

Iparra bilatzen –

Euskal Herria bi estaturen tartean dago edo beraien zati dira batzuk esaten duten moduan. Gure hizkuntza urte luzetan egon da bizirik baina gauzak aldatuz doaz eta Ipar Euskal Herrian gero eta euskaldun gutxiago daude, frantsesak gero eta indar handiagoa duelako. 

Orain dela aste batzuk, Behe Nafarroan egon ginen txango batean ni eta lagun batzuk. Han, hainbat gauza ikusi eta jende askorekin egon ginen. Gauza askok harritu ninduten, baina batez ere euskararen egoera makalak. 

Iparra bilatzenGure kasuan, taberna eta dendetatik euskaraz produktuak erosten saiatu ginen; “Ogi barra bat” eskatzerakoan adibidez, langileek “Pardon, je ne conprends pas” erantzuten zuten eta horrela hainbat dendatan. Zaila izan zen euskaldun bat aurkitzea, asko harritu ninduena.

Gaur egun, hainbat herritan, laurden batek baino gutxiagok daki euskaraz eta badirudi orain dela urte batzuk askoz gehiago hitz egiten zela. Esan zigutenez, Frantziako hiriburuetan batez ere, gero eta garestiagoa da etxe bat erostea inflazioagatik, horregatik Baigorrin adibidez, gero eta kanpotar gehiago antzeman ditzakegu, frantsesak batez ere etxeak herri txikietan merkeagoak direlako.  Esaterako, lehen 1500 pertsona inguru bizi ziren Baigorrin, denak elkar ezagutzen zirenak eta horietako asko euskaldunak ziren; hau da, euskara bizirik zegoen. Esan zigutenez, aurreko urteetan 300 frantziar heldu ziren Baigorrira eta ondorioz, eragin zuzena izan du hizkuntzaren erabileran.

Gazte euskaldunen tasa jeisten dago eta honen arrazoi bat Baxoa da, gure USAP-a edo unibetsitatera sartzeko proba. Baxoa frantsesez egin behar dute, nahiz eta D ereduan ikasi izan duten. Ondorioz, guraso batzuk nahiz eta euskaldunak

Iparra bilatzenizan, ez dute haien seme-alaben etorkizuneko karrera jokoan jarri nahi azterketa batengatik eta horregatik ez dituzte ikastolara bidaltzen ikastera. Horrek beste eragin bat du, ume eta gazte gutxi daudela Behe Nafarroako ikastoletan. Aurrekoari lotuta,  askok distantzia luzea dute ikastolara heltzeko, ondorioz, guraso asko motibazioa galtzen dute eta ez dituzte bidaltzen haien seme-alabak euskal ikastetxetara.

Lehen Hezkuntzako 30 ikastola daude baina DBH ematen duten 3 ikastetxe eta lizeo edo institutu bakarra dago; Etxepare Lizeoa, Baionan non DBHko 4. maila, Batxilergoko 1. maila eta Batxilergoko 2. maila ikasten ari diren. Gazte gehienek frantsesez ikasten dutenez, gero eta  gazte gutxiagok dakite euskaraz, baina Baxoa borrokarako griñez daude hainbat gazte; gero eta gehiago dira ekintza eta manifestazioak proposatzen dituztenak sistema aldatzeko, Harro Herri Korrikaren barnean egin zuten moduan adibidez.

Argi dago euskararen erabilera Iparraldean okerrera doala. Arrazoi asko daude baina aipagarriena agian Frantziako politika linguistikoa da. Frantses hizkuntza kenduta Frantziako gobernuak gainerako hizkuntzei dien gorrotoa eta mespretzua eragin zuzena du euskararen egoera tamalgarrian. 

Egoera honi buelta ematea ez da erreza, baina harremanak euskeraz estutuz eta Ipar Euskal Herriko gazteak ezagutzea lagungarria izango zen euskera sustatzeko gure artean. Adibidez, ikastetxeetan euskara-bidaiak egitea, gau batzuk Euskal Herria ezagutuz txangoak euskaraz biziz eta kultura(k) hobeto ikasiz, horrela probintziak eta ikasleak elkar ezagutzeko. Honekin gazteen komunitate bat sortuko zen eta Iparraldeko gazte euskaldunek haien burua aurkituko zuten, bilatzen duenak azkenean aurkitzen baitu.

Aldaketa lortzea ez da bide erraza izango, baina pausuz pausu denok elkartuz lortuko dugu.  Ni ez naiz ezkorra, orain dela ez hainbeste Bilbon euskararen egoera askoz okerragoa zela esaten dute eta gaur egunean daukagun egoera hobeagoa dela diote, baina oraindik gauzak ditugu aldarrikatzeko. Eta zu, euskararen iraultzan laguntzeko prest zaude?

Iparra bilatzen

9 pentsamendu “Iparra bilatzen”-ri buruz

  • Nik sarritan pentsatu dut gai honi buruz. Hau da, nola irauli egoera euskararen alde. Txepetxek esan zuen moduan errazagoa da diktadura batek duen indarrarekin hizkuntza bat desagerrarazi demokrazian egoera gutxituan dagoena berpiztea baino. Baina eutsi egin behar, ezina ekinez egina.

  • Nork dio gazteak ez direla konprometituak?
    Horrelako gazteria behar dugu Euskal Herrian. Zorionak!

    “Txapela buruan eta ibili munduan”

  • Benat Castorene 2024-12-28 09:44

    Aitor, pena dut hori onestasunez aitortu behar izaitea baina iparraldean behintzat ez dugu egoera hau globalki irauliko. Ez iparralde osoan ezta parte handi batean ere. Azken sei hamarkadetako etengabeko arrotzen inbasioak ez du azeleratu baizik aspaldiko asimilazio prozezua administrazio eta legedia etnozidioek entretenitua. Gelditzen diren euskalzaleen merezimendua ukatu gabe, behin behineko eta baldintzapeko subentzionamendu bati esker euskal kulturak lortzen du doi doi eta partzialki bizirauten ingurune batzuetan. Orain gehienez euskaldun izena merezi dutenak ez dira 40 000 baizik 60 milioi frantsesen artean nahasiak. Eta Frantziak dauzkan arazo sozial eta ekonomiko gaitzak ikusita, subentzionaturiko sistema hori ezinbestez bukatuko da egunen batean.
    Adoretsiu bagina, bestela pentsatu beharko ginuke kantitatez eta kalitatez, batez ere Joane bezalako gazte jatorrek, Euskaltasuna bizirauten badu iparraldean, euskaldun egon nahi duten bakarrekin izanen da, toki gotortu batzuetan eta espero dut kanpoko beste batzuen laguntzarekin. Ataza intelektual (astakeriak ez egiteko) eta praktiko biziki anbiziosa litzateke jadanik baina konformeagoa errealtatearekin, ustezko buelta emaite globak bat baino. Adeitasunez.

  • Beñat, zuk esan duzun moduan, aspaldi datorren frantseste bati aurre egitea ez da erreza baina hegoaldean egoera ez zen samurragoa orain dela gutxirarte. Hiri eta herri handiak astiro ari dira euskalduntzen eta arazoak arazo, aurrera goaz.

    Bestalde, Frantziako administrazio eta legedia etnozida begibistakoa da ikusi nahi duenarentzat. Pasa den urtean Larrungo tren ttipian egon giñen eta txartelak saltzen zituenak ez zekien ez euskara, ez gaztelania ezta ingelesa ere. Hasieran asko harritu ninduen, baina gero, Frantziako Gobernutik zetorren idatzirik gabeko lege edo irizpide bat izango zela pentsatu nuen. Non eta sekulako toki turistiko batean turistentzako lan egiten dutenek frantsesa bakarrik jakitea! Baina itxaropena da galdu behar den azkena, eta bitartean segi aurrera.

  • Benat Castorene 2024-12-29 22:45

    Bidasoaren bi aldetan, egoerak desberdinak dira Aitor. Hemen gero ta minoritarioago gira eta gainera momentuz sobera eroso bizi. Eta ezin dugu zuek bezala kontatu ez partidu politikoen gainean ezta orokorrean politika klasikoaren gainean ere. Iradokitzen saiatu nintzan bezala, beste zerbait asmatu beharko da ala desagertu. Baina zuek ere erne egon!

  • Joane Zarragoitia 2024-12-30 18:50

    Eskerrik asko erantzun duzuen guztioi, mezu hauek oso interesgarriak egiten zaizkit irakurtzeko.

  • Joane Zarragoitia 2024-12-30 18:56

    Amaia, eskerik asko zure mezuagaitik, espero dut gero eta gazte gehiago konprometitzea zuk diozun modura

  • Joane Zarragoitia 2024-12-30 19:14

    Beñat, eskerrik asko zure ikuspuntua kontatzeagaitik. Nik idatzitako testua nire bizipenetatik egina dago eta egia da iparraldean oso desberdin dagoela problematika hau, gainera han bizi zareten euskaldunek ere beste ikuspuntu bat daukazue gai honekiko.

  • Benat Castorene 2024-12-30 21:34

    Milesker Joane zure lekukotasunagatik, errealitatearekin konforme da, egia da. Segi ezazue, adorea baduzue, harremanak garatzen bi aldeetako gazteen artean. Ez du beheitiko gure tendantzia orokorra irauliko, baina horrela lagunduko duzue bederen euskal komunitatea bizirauten alde honetan, proiektu oso anbiziosa baina oraindik posiblea dena. Onuragarri denon euskaltasunarentzat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude