Ilaran
Ilaran –
Gerrosteko paraje batekin topatu naiz konfidantzazko supermerkatuan (besterik ezean “konfidantzazko” deitzeko lizentzia hartu dut). Ilara handiak zeuden kutxak kasik bistaratzeko, elikatu beharra zegoen eta; badirudi larunbat eguerdi honetan elauso legez denok bertaratu garela dendara. Orgak beteta zeuden bederen. Establezimendu barruko perimetroa mugatzen duen korridorea labur geratu eta ondorioz beste korridore bat bere gain hartu behar zuen ilarak, ni bertan itxaroan nengoela. “Hay que ver, todo sube. Todo”, ahopean marmarka ari zen gizon batekin topatu naiz. Hala da, bai. Gizon hura, errespetu osoz, ez zen gaztaroko bizipen gazi-gozoak jasaten ari, baina akaso egun bizitzen ari dena noizbait sufritu izan zuenaren islada fidela iruditzen zaio. Desberdintasun bakarra, orain orgak bor-bor daudela behar-beharrezkoak ditugun produktuez gainezka.
Esanen dute hau oparotasuna dela, baina nik esanen diet aurrekariak direla. Gertatzear dagoenaren aurrekaria. Bestalde, jakitun naiz oraina aurrekarietan ebaluatzea jarduera arriskutsutzat har daitekeela, egoera oro aurreikusten ikasten delako, zirrara amatatuz. Zer egin dezaket? Ongizate gizarte honen gehiegikeriei sor eta gor egin? “Hago gazte eta bizi libre” leloa muturreraino bete behar al dut?
Bada bai. Existentzialismo honetatik irten nadin itsu-tankerak (baita beste zentzumenetakoak ere) mantendu behar dira, itsututako gizartean ikusleei profeta ero legez ikusten baitzaie.
Gatozen harira; supermerkatura itzuliz, zera salatu nahiko nuke: gauzak lekuz aldatu dizkidatela, dena aldrebestuta dagoela. Produktu berberak saltzen jarraitu izanagatik, antolamendua ez da ohikoa. Ordaintzeko moduan eta guzti “berritu” dute. Orain, zuk zeuk, independienteki, ordain ditzakezu erosketak neska heldu bat bezala, inoren laguntza barik. Honetarako ere ilara batean multzokaturik dago jendea bere txanda noiz iritsi. Ni, aldiz, txikitako ametsez errotuta jarraitzen dudalarik, pertsona fisiko nahiz psikikoek artatzen zaituzten ilarara jo dut. Ilara “arerioaren” pertsona beste gaude hemen, baina gu desberdinak omen gara. Bat eta bakarra naiz haientzat, eta haiek batuta dauden bitartean, gurean bat eta bat ez dira ez bi eta ez zazpi, bi bateko baizk. Batekoz osaturiko ilara bat gara geroz eta bizitza garestiagoan biharko zoriontasunean arduratzen garenok egungo irrikan baino.
Ilaran