Hizkuntza kontzientzia

Hizkuntza kontzientzia –

Kaixo, zer moduz?

Ainhoa dut izena. Nire abizena Esnarriaga da. Beno, egiatan, nire amaren abizena da. Baina abizen oso ezohikoa denez, nire ahizpak eta biok erabaki genuen lehen abizen bezala jartzea, nire aitarenaren aurretik -oso ohikoa den Fernandez, hain zuzen-. Bestela, Esnarriaga abizena galdu egingo litzatekeela komentatu dugu familian. Erabaki kontziente bat hartu dugu hortaz.

Baina ez naiz bakarrik nire abizen euskaldunari buruz hitz egitera etorri. Nire esperientzia bitala komentatzera etorri naiz ere. Izan ere, nire ibilbidea umetako inozentziatik hizkuntza kontzientziara izan da. Eta horrekin batera nortasun kontzientzia.

Ni Bilbon bizi izan naiz betidanik. Bilbo erdiko eskola batean ikasi nuen B ereduan. Batxilergoa A ereduan egin nuen. Gure klaseko giroa eta nire lagunak ez ziren euskal-friendly. Edo beste hitz batzuetan, ez zen euskal giro sakona. Nire familian aitite euskalduna genuen, baina familian euskara galdu egin genuen.

Hizkuntza kontzientziaUnibertsitatean, aldaketa etorri zen. Jarduera fisikoa eta kirolen zientziak (antzinako Ivef) + Lehen Hezkuntza ikasi nuen. Aurten eskola batean ordezkapenak egiten hasi naiz eta Pedagogia Terapeutiko eta musika mentzioa egin ditut. Baina niretzat garrantzitsuena edo esanguratsuena da Unibertsitate ikasketak euskaraz egin nituela. Horrek ikuspegi berri bat ekarri zidan. Euskal Herriko ikaskideak izan nituen; euskararen perspektiba berria erakutsi zidan. Hasiera batean, lehen urtean bereziki, zaila izan zen, nire euskara maila ez zelako hain ona. Gainera, nire ikaskide batzuek euskalki itxia erabiltzen zuten eta hori are zailagoa zen. Niretzat, gainera, mingarria izan zen baten batek barre egiten zuelako nire euskara batua eta nire mailagatik. Nik ez nuen, ordea, barre egiten erdaraz zerbait txarto esaten bazuten. Eta hori, irakasle izango diren pertsonen aldetik bada, larria da. Izan ere, irakasleentzat enpatikoak izatea oso garrantzitsua da. Ikasten dagoenari animatzen jakitea oso-oso garrantzitsua da.

Beno, edonola ere, nire ibilbide horretan nire euskara hobetzea lortu nuen. Jariotasuna lortu dut eta hiztegi abertsagoa,  nahiz eta oraindik astero zerbait berri ikasten jarraitzen dudan. Baina hori baino garrantzitsuago, euskarari buruzko kontzientzia nireganatu dut. Gure arbasoen harribitxia dela eta zaindu behar dugula konturatu naiz, besteak beste, irakasleei esker eta nire barneko hausnarketari esker. Bidaia polita izan da, baina bidai hau ez da bukatu. Bidaia horretara, gainera, nire etorkizuneko ikasleak igo nahi ditut. Kontzientzia piztuz, nortasuna indartuz.

Hizkuntza kontzientzia

3 pentsamendu “Hizkuntza kontzientzia”-ri buruz

  • Jon Atzo

    Ainhoa: begiak busti zaizkit zure bizitzaren nondik norakoa irkurtzerakoan. Maitasunez gainezka sumatzen zaitut. Erein, erein euskara eta Euskal Herriaren aldeko maitasuna eta zure irakaske bizitzan izanen duzu arrakasta.

  • Ainhoa Esnarriaga Atzo

    Eskerrik asko, Jon, pozten naiz hau irakurtzeaz. Espero dut egunen batean horretara iristea!

  • Ainhoa Esnarriaga Atzo

    Ez nuen pentsatzen hunkitzeko moduko zerbait idatzi nuela, baina pozten naiz norbaiten bihotzera heltzeaz. Argi dago euskararekiko sentibera den jende asko dagoela, uste baino gehiago!!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude