Hetero eta etereo

Hetero eta etereo – 

1975eko uztaila. Antonio haserre eta amorratua etorri zen etxera. Kalean emakume bat ikusi zuen autoan, gidatzen. Halakorik! “Emakumeak ez du gidatzeko balio, arraio! Istripuak baino ez dituzte eragingo. Hobe gidatze-lanak gizonek egin ditzaten. Hobeak dira, iaioagoak.” zioen bere golkorako…

Nola da posible zientzietan ere ibiltzea? Ez da posible. Nola da posible elite mailan agertzea? Ez, ez da posible. Hori ez da haien esparrua. Haien egitekoa umeak edo nagusiak zaintzea da, sukaldea, etxeko garbiketa, hautsa kendu, oheak egin eta abar. Etxekoandrea izan, “sus labores” horietan. Emakumeek ez dute inolako interesik ingenieritza, zientzia edo kimikan… pentsatzea ere!! Antoniok 18 urte zituen garai hartan. Eta ez zen arraroa berak bezalako pentsaera atzerakoia izatea.

Hetero eta etereo
bidaide=bidaia kide=compañero de viaje

Antonio familia onekoa zen, guraso tradizional eta katoliko fededunak. Zuzenbidea ikasi zuen eta ikasle txukuna zen gainera. Lizentziatu eta handik gutxira magistratu plaza lortu zuen 1980an, oposizio prozesu zail baten ondoren. Hori bai, “kontaktuek” bidelagun izan zituen, gogoratu familia “onekoa” zela. Baina gorrotatzen jarraitzen zuen. Misoginoa zen, bete-betean. Emakumea gorrotatzen zuen. Baita bere inguruan eta oro har, gizartean ikusten zituen aldaketak: homosexualitatea, musika eta aisialdi estilo berriak… baina bereziki emakumeari zegozkionak: abortoa, dibortzioa, askatasun sexuala, independentzia ekonomikoa. Baina berak, magistratu bezala eta gerora epaile bezala, oztopo handiak jartzen jarraitzen zituen eta jarraitu du, duela gutxi jubilatu den arte. Bere epaile pulpitutik gizartean eragin handia izan ahal zuen. Gutxitan, baina ahal izan duen guztietan, gupida gabe aritu da. Oztopo handiak jarri dizkio, zeri eta… euskarari.

Pako Aristik feminismoa eta euskalgintza parekatu zituen artikulu batean. Hori izan da hemengo artikulu honen inspirazio iturri. Izan ere, gogoeta interesgarria da: bata zein bestearen borrokak konparagarriak dira zentzu batean edo bestean.

Gizartean kontzientzia zabaltzea lortu dugu emakumearen inguruan, hala nola, ikuspegia eta ohitura aldatu. Asko irabazi dugu neska eta emakumeok: askatasuna, aitortza, ikusgaitasuna… Bada, bada garaia prozesu hori euskaran ere islatu dadin. Askatasuna lortu dugu euskaraz aritu ahal izateko, baina gaitasun hori mugatua dugu oraindik ere, ezagutza ez delako esparru guztietara hedatu. Aitortza, ikusgaitasuna hori oraindik ez dugu ziurtatua. Lortuko al dugu emakumeen hainakoa egunen batean?

Soldata arrakala gutxitzeaz gain, hizkuntzen erabilera arrakala gutxitu beharra dago. Mikromatxismoa akabatzeaz gain, euskararekiko mikroerasoak desagerrarazi behar ditugu. Justizia patriarkalaren hatzaparretatik ihes egitea bezain garrantzitsua da euskararik gabeko justizia partikularraren gorrototik alde egitea. Hizkuntza hegemonikoen zama xaxatzeaz gain, Hezkuntza heterohegemonikoaren zama ere astindu behar dugu. Finean, heteropatriarkatuaren boterea gutxitzeaz gain, etereoerdararen botere kuota ahuldu behar dugu.

Hetero eta etereo