Heriotza ez da beti okerrena
Heriotza ez da beti okerrena –
Koronabirus-ak jota hildakoen batez besteko adina 75 urtetik gorakoa da. Hau da, batez besteko heriotza adin naturaletik oso hurbil (80 urte). Gogorra da esatea, baina heriotza hauek pentsio sistemari mesede egiten dio, presio ekonomikoa arintzen baitu. Baina arintzea honek ez du konpentsatzen -ezta urrunetik ere- gizartean oro har pairatzen dugun krisi ekonomikoa. Entzun dut gure nagusien artean, eutanasia masiboa edo laissez faire (gauzak dauden daudenean utzi, hau da, jendea hiltzen utzi) egin zitekeela. Bihozgabea edo konponbide pragmatikoa?
Urteekin EH-an eta Europar mailan jaiotza-tasak beherantz egin du, eta biztanleria zahartzen doa, gero eta gehiago bizitzen baikara medikuntzaren aurrerakuntzei esker. Baina, biztanle gehienek ez dute aintzat hartzen nola ari garen zahartzen, ze bizi kalitatea duten gure adinekoek eta nola hiltzen diren. Nik hurbiletik ikusten dut nire lanaren ondorioz, izan ere, erizaina naiz adineko egoitza batean. Horregatik, nire ikuspuntua ematea erabaki dut.
Alde batetik, esan beharra dago oso gogorra dela agur esatea maite ditugun senideei, baina askotan ez dute bizitzarik, nahiz eta bizirik egon. Nire aburuz, arazoa ez da zahartzea, askok urteak betetzen dituzte eta beraien bizitzaz eta familiaz disfrutatzen dute. Horiek dira benetan pentsioak ondo erabiltzen eta disfrutatzen dituztenak. Beste batzuek, aitzitik, gaixotasunen ondorioz edo beraien zahartze prozesuaren ondorioz ez dute hori egiteko gaitasunik.
Hauek edozein adinekoak izan daitezke. Gehienek nahiko adin altua izaten dute, baina gero eta ohikoagoa da jende gaztea gaixo ikustea. Gaitz arraroengatik, degeneratiboengatik, minbiziak jota edo erditzean arazoak egon izanaren ondorioz.
Nire lanean denetarik ikusi egin dut, baina gero eta ohikoagoa da menpeko erabiltzailea izatea. Arrazoi desberdinengatik langileen laguntza behar dute bizitzako edozein aktibitate egiteko, jateko, garbitzeko, komuna erabiltzeko, etab. Azkenean gurpildun aulkian edo ohean etzanda gelditzen dira, hitz egin eta mugitu gabe. Askotan ez dakigu nortzuk diren dakiten, ezta beraien seme-alabak ezagutzen dituzten. Nire ustez, hori ez da bizi kalitatea, nire senideentzat ez nuke hori nahi. Pertsona horiek ez dute bizitzaz disfrutatzen, ez dira beraien inguruan gertatzen denaz ohartzen.
Horrela zertarako bizi?
Bestetik, gure zaharrak edo gaixotasun larriak edo terminalak dituztenak nola hiltzen diren behatu beharko genuke. Medikuntzak itzelezko aurrerapausoak eman ditu, eta horri esker jende asko sendatzen da. Baina beste askori egiten zaien gauza bakarra beraien sufrimendua luzatzea da. XX. mendetik aurrera ez dugu heriotza gauza natural moduan ikusten. Horren ondorioz heriotza saihesteko edozer gauza egiteko prest gaude, horrek gure menpekoak bizirik mantentzera eramaten gaitu.
Halaber, hauek nola hiltzen diren ez da bidezkoa. ELAko gaixo bat, adibidez, itota hiltzen da. Hau da, bere neuronak arnasteaz ahazten direnean ito egiten dira. Imajina ezazue zelako agonia. Bestalde, dementzia duten heldu gehienek nola irensten den ahantzi egiten dute. Azkenean janaria biriketara doa, eta infekzioak jota edo itota hiltzen dira normalean. Une honetan edonork bere inguruan minbizia duen norbait izango du. Batzuek gaindituko dute, baina beste batzuek ez. Hori gertatzen denean, eta medikuek itxaropena ez dagoela esaten dutenean, zainketa paliatiboak izaten dituzte. Hala eta guztiz ere, egiten ohi duten gauza bakarra heriotzaren zain egotea da, eta azkar eta minik gabekoa izatea espero dute.
Hori guztia, ekiditu daiteke. Herrialde askotan jadanik egiten da, baina guk oraindik ez gara hain aurrerakoiak. Batik bat eutanasiari beldur diogu. Nire iritziz, oso baliabide ona izan daiteke. Ondo erabilita eta mugak ondo jarrita sufrimendu asko murriztu daiteke. Bestalde, ezin da ahaztu izan ditzakeen onura ekonomikoak, osasun gastu eta pentsioak murriztuko bailirateke.
Testu honekin ez dut esan nahi ez zaidala nire lana gustatzen. Maite dut. Nire burua gauzatua sentitzen dut jendea zaintzen, eta ondo sentitzen naiz ondo daudenean eta behar duten gustua ematen diedanean. Hala eta guztiz ere, oso mingarria da ingurukoen bizitza nola amatatzen den eta zenbat pairatzen duten ikustea. Koronabirus-ak edozein adinekoa hil dezake eta horregatik zuhur ibili behar gara. Baina ez gaitezen eskizofreniko bihurtu. Heriotza bizitzaren elementua da. Elementu arrunta. Ezin dugu psikosiak eta paranoiak gu mendean harrapa gaitzan utzi.
Nahiz eta iritzi gogorra izan, espero dut inor ez mintzea, eta gai honi buruz hausnar dezazuen.
Eutanasiaren gaineko hausnarketa eman behar da, noski, baina ez ikuspuntu ekonomizista batetik abiatuta… Ikuspuntu gizatiar batetik baizik. Eta ez nahastu gauzak, koronabirusak hil dituen asko ez zeuden egoitza batean egoera begetatiboan, are gehiago, EZ ZUTEN HIL NAHI.
Uste dut bi ikuspuntuak adierazi ditudala. Hala ere, egia da ekonomia ez dela garrantzitsuena, baina triste izan arren, agintariek eta politikariek bakarrik begiratzen dute onura ekonomikoak lortzea, nahiz eta agerian ez utzi. Horregatik onura hori ikusarazi nahi izan dut.
Erabat ados diozunarekin Edurne. Agian, onura ekonomikoak ez nituzke nahastuko, horretan arrazoia baduzu ere, eztabaida potoloa arlo moralean baitago.
Diozun bezala, bizia balio goren eta ukiezintzat daukagu. Edozerk balio du biziari eusteko bada. Pertsona bat urte luzez saminetan, mantendu behar bada ere aurrera, zenbat eta luzeago bizi hobea delakoan. Biziaren gainetik, kalitatezko bizitza jarri behar dugu lehenbailehen erokeri hau geratzeko. Horrek ez du esan nahi sufritzen jakin behar ez dugunik ezta garai txarrei eusten jakin behar ez dugunik, baina alfererko sufrimendu eta pairamena luzatzea ankerra da oso, eta, gizarte bezala, gainditu behar duguun zerbait da. Horretarako, zuk egin duzun bezala, gaia azaleratzeak garrantzi itzela dauka.
Bukatzeko, gaiari ikuspuntu “egoistatik” ere begiratu nahiko nioke. Ez baita bestei aplikatzea ondo iruditzen zaidan gauza bat, neronentzat ere eskatu, exigitu nahi dudan zerbait ere bada. Ez dut inondik ere burua galduta, nire behar fisiologikoak egiteko gai ez eta sufrimendua luzatu araziko didan gizarte batean bizi nahi.
Eztabaida honek behar duen lekua har dezala behingoz gure gizartean!
Eskerrik asko zure iritziagatik Mikel. Nire aburuz zenbait legeditan onartuta egongo behar lirateke, abortua eta batik bat eutanasia. Ez jendea erabiltzera behartzeko, baizik eta nahi duena eskuragarri izan ditzan.