Google Argazkiak zerbitzua ordaindu beharko dugu

Google Argazkiak zerbitzua ordaindu beharko dugu – 

Google-ek duela bost urte baino gehiago kaleratu zuen “Google Argazkiak” (“GooglePhotos” bezala ere ezaguna) zerbitzua, eta, ordutik hona, argazkiak pilatuz joan dira milioika erabiltzailek. Izan ere, Android telefonoa badugu, automatikoki igotzen ditugu bertara gure telefono adimentsuan ateratzen ditugun argazkiak. Nostalgiko sentitzen zarenean eta une politak oroitu nahi dituzunean zain duzun tokia da. Gaur egun, lau bilioi argazki (4.000.000.000.000) eta bideo baino gehiago daude gordeta Google Argazkiak zerbitzuan -zureak barne Apple-eko telefonorik ez baduzu-, eta 28 mila milioi argazki eta bideo berri kargatzen dira astero. Etorkizunean, Google Argazkiak zerbitzua erabiltzeko, ordea, ordaindu beharko duzu muga jakin bat gainditzen baduzu.

2021eko ekainaren 1etik aurrera, kalitate handiko babeskopiak dituzten argazki eta bideo berri guztiek tokia hartuko dute Google-ko kontuaren 15 GB-ko doako biltegian eta erosi duzun biltegiratzeko toki gehigarrian (Google Drive, Gmail eta Google-ren beste zerbitzu batzuetan bezala).

Aldaketa horrek ez du eraginik izango 2021eko ekaina baino lehen kalitate handiko babeskopiak eginda dauzkaten argazki eta bideoetan; alegia, elementu horiek ez dute hartuko tokirik Kaliforniako enpresa teknologiko erraldoiko kontuaren biltegian. Lehendik kalitate handian kargatuta zeneukan edukiak ere ez.

Orain bertan zerbait egin behar al dugu?

Ez, Google Argazkiak erabiltzen  jarraitu dezakegu argazkien eta bideoen babeskopiak gordetzeko. 2021eko ekainaren 1etik aurrera, biltegiaren mugara hurbiltzean jakinarazpena jasoko dugu erabiltzaileok. Erabiltzaile gehienen kasuan, urteak igaroko dira neurriren bat hartu behar izan aurretik. Baina ziur, lehenago edo beranduago (3 urte batez beste) denok helduko garala muga horretara.

Noiz agortuko ditugu biltegiratzeko doako 15 GB-ak?

Bilatzaile enpresaren menpe ez egoteko, argazkiak zure ordenagailu, disko gogor eramangarri edo pendrive batean gorde ditzakezu. Eta saturatu ez dadin, automatikoki deskarga egiteko aukera desgaitu (desabilitatu). Eta gaizki atera zaizuna edo erabiliko ez duzuna, segituan ezabatu.

Zer egin  biltegia kudeatzeko?

Biltegia kudeatzeko tresna berri bat kaleratuko dute, argazki eta bideo ilunak, lausoak eta gorde nahi ez dituzunak erraz aurkitzen eta ezabatzen lagunduko dizuna. Halaber, biltegiratzeko toki gehiago eros dezakezu Google One bidez, erabilgarri dagoen herrialdeetan.

Arau honen salbuespen bakarra Googleren gailuak izango dira. Hala, Pixel telefonoa dutenek (berdin da modeloa) zerbitzua erabiltzen jarraitu ahal izango dute, mugaeguna igaro ondoren aldaketarik egin gabe. Argi dago Google-ek bere produktuen inguruan “korporatibismoa” praktikatzen duela, are gehiago “korporazio” handia dela jakinda.

Googleren kalkuluen arabera, aldaketaren ondoren, erabiltzaileen %80k ez lukete doako biltegiratze mugara iritsi behar hiru urte inguru igaro arte. Nolanahi ere, 15 GB baino gehiago dituztenek jakinarazpen bat jasoko dute aplikazioan eta posta elektronikoz.

Politika aldaketa honekin, konpainiak iragarri du kontu ez-aktiboen edukia ken dezakeela (azken bi urteetan saioa hasi ez dutenak). Halaber, bi urtez muga gainditzen duten pertsonek ezabatutako edukia ikus dezakete. Bi kasuetan, datuak ezabatu aurretik “hainbat aldiz” jakinaraziko diete erabiltzaileei.

“Google argazkiak” iragarpenari egindako kritikak

Mugimenduak polemika pixka bat sortu du, ez politikaren beraren aldaketagatik —ulergarria da, metatu behar den informazioaren tamaina dela eta—, baizik eta erabiltzaile eta lehiakideentzat duen eraginagatik. Imajinatzen dugu, duela 5 urte, ezintasun tekniko honen jakitun zirela Google-en arduradunak.

Googlek argazkiak gordetzeko espazio mugagabearen eskaintza iragarri zuenean, iraungitze datarik gabe egin zuen, eta, besteak beste, adimen artifiziala aurpegiak edo objektuak ezagutzeko entrenatzeko artxiboak izateko. Horren truke albuma eskaintzen zuen, orrialde-mugarik gabe.

Eskaintza ukaezina zirudien, eta Dropbox eta antzeko lehiakideen proposamenen oso gainetik zegoen, tamainan behintzat. Hala ere, urte batzuk geroago aldatu egin dira baldintzak, eta, bat-batean, bezeroek erabaki behar dute zerbitzuan jarraitzen duten eta diru-zorroa irekitzen duten. Lehiakideetara migratu behar duten edo kutxatik pasatu. Lehen mugimenduak jokoaren arauak aldatu zituen; bigarrenak, berriz, Google aldi berean kirolaria eta arbitro bihurtzen du. 

Monopolio gosea eta fede txarrez iruzurra egitea leporatu diote Google-i. Arrazoia ez zaie falta.

Norbaitek noizbait esan al zuen interneten dena dela doan, mugagabe eta betiko? Ba, ez, ez da horrela. Amua bai, zizarea ez.