Glovoko eta Deliverooko janari banatzaile gizajoak

Glovoko eta Deliverooko janari banatzaile gizajoak – 

Duela pare bat egun Glovo eta Deliveroo banaketa-enpresei buruzko berria irakurri nuen. Bertan, janari banatzaileak autonomo faltsuak direlako zalantza zabaldu da. Baina, benetan, gehien kezkatu nauen afera banaketa-enpresa hauen langileen lan baldintzak izan dira. Horregatik, ZUZEUn neure iritzia ematea erabaki dut. Izan ere, gero eta pertsona gehiago dabiltza honelako enpresa hauen menpe lan egiten.

Hasteko, Glovo edo Deliveroon lan egiteko, konpainiaren aplikazioa langileek instalatu behar dute. Hori dela eta, langileek euren sakelako telefonoa eta Interneta erabili behar dute. Horrez gain, bizikleta edo garraiobidea beraien poltsikotik ordaindu behar dute eta hilero enpresaren logoa duen motxilaren alokairua ere bai. Beste lanpostuetan ez bezala, lanean hasi aurretik gastuak izaten hasten dira. Laburbilduz, etekinak baino zorrekin hasten dira lanean.

Glovoko eta Deliverooko janari banatzaile gizajoak

Lan baldintzei dagokienez, kontua ez doa hobera. Langile gizajoek ordu piloa lan egin behar dute diru gutxiren truke, hots, beheko argazkia adierazten duen bezala. Denbora asko galtzen dute jatetxearen ate aurrean itxaroten eta enpresaren politikak orduak hauta ditzakezula adierazi arren, errealitatean ez da horrela.

Zergatik? Zuk nahi dituzun orduak hartuz gero, “kalitatezko ranking”-ean jaitsiko zara eta eskari gutxiago bidaliko dizkizute, hau da, lan eta etekin gutxiago. Ondorioz, ordu askoko lanaldiak izaten dituzte, askotan ordu txikietan egiten direnak.

Gainera “autonomoak” izatean, Glovo eta Deliverooko enpresariek ez dituzte Segurtasun Sozialean aseguratuta eta horrek kotizazio oso baxua izatea eragiten die. Langileentzako oso berri txarrak dira aseguratuta egon nahi badira, beraiek ordaindu behar dutelako eta, lortzen duten diru kopuru txikiarekin ez dut uste asko aseguratuta egongo direnik.

Horri gehituz, esan beharra dago aisialdirako edo oporretarako denbora ez daukatela. Teorian autonomoak direnez, beraiek kudeatzen dutelako noiz har dezaketen denbora librea.

Hori guztia kontuan izanda, ez nuke inoiz honetan lan egingo lan oso prekarioa delakoan nago eta. Gainera, aseguratuta ez egoteak segurtasun eza ematen dit.

Repartidores de Glovo se manifiestan en Barcelona

Lan mota hauek, tamalez, gero eta zabalduago daude eta pobreen eta aberatsenen arrakala handitzen dute. Honela jarraituz gero, gazte eta pertsona ez hain gazte asko lan baldintza prekario hauetan bizitzen hasiko dira.

Har ditzagun neurriak bidegabekeria hau ekiditzeko, ez kontsumitu Glovo eta Deliverooren zerbitzurik mesedez. Izan ere, geure gizartean dauden langileen lan baldintzak hobetzen diren heinean, gizarte hobea izatea lortuko dugu.

Glovoko eta Deliverooko janari banatzaile gizajoak