Gehiegi

Gehiegi –

Gehiegi

Batxilergoko bigarren maila hastean entzun nuen lehen esaldietakoa izan zen “hau izango da zuen bizitzako urterik txarrena”. Hasiera batean ez nion kasurik egin. Azken finean, hiru eguneko azterketaldi hori kenduta, zer du berezi bigarren mailak? Handik gutxira konturatu nintzen “selektibitatea” aipatzeaz gain, lan karga bikoiztu, hirukoiztu, laukoiztu… egin zela. Baina aurrera segitzea lortzen nuen egunero, “zubian apur bat deskantsatzea da behar dudan bakarra” pentsatuz. Baina zubia heltzen zen, apenas egiten nuen lo eta berriz heltzen zen astelehena. Berriz ere lana, lana eta lana. Eta lan-karga gutxitzea ere ez zen seinale ona. Izan ere, horrek esan nahi zuen bakarra azterketen bezperetan geundela zen. Eta horrek, aldi berean, lorik gabeko gauak eta gaurik gabeko loak zetozela. Harik eta gaixotzen zaren arte.

Antsietate garaiak beste antsietate garaiekin estaliz igaro nuen halanola lehen ebaluazioa, “tira, bigarrena errazagoa izango da” buruan nuela. Eta lehen egunetik eman nuen kolpea kopetean. Abenduko zubia ala gabon oporrak tartean izateak ez zuen gehiegirako balio. Lorik gabeko gauak ohiko bihurtu ziren: astero bost egun goizeko bostetan jaiki eta gaueko 1ean oheratzen. Lau ordutik beherako loaldiaren ostean, nola ez, zientoka folio zuri, nota baten truke bete genitzan. Ideia bat egin dezazuen, urtarrilean eskolara joan behar izan garen 17 egunetatik bataz beste gutxienez azterketa bat egin behar izan dugu egunero.

Egindako azterketen ordainetan jasotako kalifikazioak onak izan arren, irakasleren bat hurbiltzen da egun batean, gehiago ere saiatu naitekeela esanez, gutxienez ohorezko matrikula baten bila joan beharko nukeela. Nondik atera behar ditut nik orduak? Eta hurrengoan ikasi nahi duzun hori ez ikasteko esaten dizute, irteera profesionalik ez omen du eta. Eta beste karrera bat apitatu, eta hori ere ezetz. Eta proposatutako denei, ezetz. Ezetz, ezetz eta ezetz. Eta orduan zer ikasi behar dut ba?

Hasiera batetik aski antsietate krisi sortzen dituen ikasturtea izanik, didaktikan aditu behar zuketen horien laguntzarik ere ez jasotzea da agian okerrena. Aurretik ere bagenituen aski arazo garen hori ulertzen ere, norbere gorputza konprenitzen, ulertzen, interpretatzen… gorputz horrekin egin nahi duguna erabakitzen, eta gorputz horrek gurekin egin nahi duena deskubritzen. Baliteke hau gehiegizko lan-karga baino gogorragoa izatea. Baina laguntzaren ordez harriak topatzen ditugu. Hesiak. Harresiak. Bat botatzen dugunero bestea dago aurrean. Eta gaztearen indar amaigabe utopiko hura erakusten ahalegindu arren, azpian negarrez ari den gizaki indargabea ezkutatzen da. Eta hirugarren pertsona gramatikal honen azpian, lehenengoa.

Azkenean argi da lehen eskola egunean esan ziguten esaldi hura errealitatea besterik ez zela. Akaso materia ez da izango hainbesteko exigentzia duena, azken finean ez dira betiko hitzez osatutako betiko esaldiak besterik, burua baizik. Dudik gabe hau ari da izaten psikologikoki urterik zailena niretzat. 10eko nota izanda ere, nota igoerako lan guztiak eginda ere, eskatutako liburuak eta hamaika gehiago irakurrita ere… gehiago egin dezakezula. Ez zarela ari zure ahalmen guztia baliatzen. Beti dagoela apur bat gehiago. Baina buruak eta gorputzak badituzte mugak, eta batzuetan hauek zeharkatzera behartzen gaituzte, inolako beharrik gabe, lagunduko gaituzten tresnak eman ordez, osasunaren mugetan jolasten. Eta ez, antza denez ez dira ohartzen batzuetan gehiago eskatzea gehiegi eskatzea dela.

GEHIEGI.

 

3 pentsamendu “Gehiegi”-ri buruz

  • Juan Luis Zabala 2023-01-28 14:38

    Guztiz bat nator eskolari buruzko ikuspegi honekin, eta zintzo eta zorrotz azaldua dagoela iruditu zait. Arazoa, gainera, larriagoa da (edo agian ez, agian bestelakoa da soilik, besterik gabe) espektatiben artean hamarra edo bederatzia izan beharrean bosta duten ikasleen kasuan. Predikatzen dituen balioen kontrakoa izatera behartua dago ezinbestean, arlo askotan, eskola, eta horietako bat agerian uzten du artikulu honek. Eta ez, ez da irakasleen errua, ez baitaukate konponbide posiblerik: mantari alde batetik tiratuz gero, burua hoztuko da; bestetik tira eginez gero, oinak. Gure gizartearen kotnraesan ugarietako bat da, komnpontzen oso zaila.

  • Ni hezkuntza sistema zaharrean ikasitakoa naiz, eta ez dut ezagutzen gaur egungoa. Batxilergoko 2. urtea, Wikipediari ondo ulertu badiot, gure garaiko UBI da, unibertsitate aurreko urtea, alegia.

    Nire oroitzapenak kontatzen duzunaren oso bestelakoak dira: bizitza sozial oparo samarra, parrandak, kirola, lehen esperientzia sexualak… eta estudio saio intensoak, jakina, baina gehienbat azterketa aldietara mugatuta, eta ez ziren denbora guztian izaten.

    Ez dakit, agian urte zinez gogorra izan zen eta nire memoriak lanbrotu eta goxatu egin du bizi izandako tormentua, edo gauzak asko aldatu dira harrezkero eta lehen ez bezala estutzen dute orain ikaslea. Edo beharbada 6,5-8ko notak ateratzearekin konformatzen nintzen eta gainerako denbora bizitzeko erabiltzen nuen.

    • Amets Aizpurua 2023-01-29 09:33

      Kaixo, Aitor:
      Lehenik, baliteke azken urteetan zehar batxilergoak exigentzia mailan gorakada bat izatea. Batetik, gradu gehienetan sartzeko gutxieneko notak sekulako inflazioa jasan dute. Esaterako, filologien kasuan azken urteotan 3 puntuko igoera bat izan da, historikoki eskatzen zen 6tik 9ra igoz. Nota hau lortzeko, %60a batxilergoko notaren batez bestekotik irteten da, %40a USE frogatik (selektibitatea) eta %40 gehigarri bat aparteko azterketetatik. Bestetik, ikasgeletan ere kontrol handiagoa da egun. Lehen ez zegoen halako kontrol zehatzik bertaratzearen ala etxekolanak egitearen gainean. Gaur egun, ordea, klasea hasi bezain pronto heltzen zaizkie gurasoei hutsegite oharrak.

      Bigarrenik, ezin da ahantzi aldea egon daitekela ikasletik ikaslera eta ikastetxetik ikastetxera. Garaikideak izanda ere, azken finean irakasle bakoitzaren eta zentru bakoitzaren irakasteko era ezberdina izan daiteke. Eta zer esanik ez ikasleen artean, institutu berekoak izanda ere. Azken finean guztiok gara elkarrengandik ezberdin eta normalena da bizipen diferenteak izatea. Erabat subjektiboa den kontua da.

      Dena den, milesker zure esperientzia partekatzearren. Beti da aberasgarria gainerakoen bizipenak ezagutzea eta noizbait lagungarri izan daitezkeen kontuak ikastea.
      Ondo izan!