Ezina eginez Guinness
Ezina eginez Guinness
“Ezina ekinez egina” dio esaerak. Maiz, baina, ezinezko dirudien hori lortzea, lorpen handia izateaz gain, errekor bihurtzen da. Eta errekor ugari Guinness erakundeak neurtzen ditu.
Idazki honen bidez, Guinness errekorren gaiaz mintzatuko natzaizue. Markak egitearen kausa desberdinak eta markak estimagarriak edo gaitzesgarriak diren argituko dut. Horrez gain, arrakasta handiaren arrazoiak eta euskaldunok lehiatzeko eta txapelketak antolatzeko zaletasunak sakontasunean azalduko dizkizuet.
Guiness errekorretan imajina ez ditzakegun markak edo gertaerak daude ikusgai. Baina, behin baino gehiagotan harritzen gaituzten jazoerak daude; adibidez, esku barruan 18 pilota izatea (10 minutuz) edo kontzerturik luzeenak 184 ordu irautea, etenik gabe. Marka izugarriak egiteko arrazoiak anitzak izan litezke. Esate baterako, ausardia erakustea jende-masa baten aurrean, harro sentitzea zerbait pentsaezina aurrera eramateagatik eta, batez ere, arreta erakartzea dira arrazoi garrantzitsuenetarikoak marka eskuraezina lortzeko.
Nola ahaztu gainera, arrazoi ekonomikoak edota ospea/prestigioa eta oihartzuna. Adib: RedBull enpresak muturreko kirolak sustatzen ditu (hegaz egitearekin lotutakoak batik bat) eta horrela, errekor izugarria lortu zuen, alegia, gizaki batek egindako jauzi altuena, Felix Baumgartnerek estratosferatik egindakoa, hain zuzen. Beraz, Guiness errekorrak lortzekotan, zorakeriaren bat prestatu ezazue.
Bestalde, markak estimatu edo gaitzesteari buruz jardungo dut. Orokorki, errekorrak lortzea normaltzat hartu ohi dugu. Hala ere, badira markak gogoko dituzten pertsonak eta haien alde ez daudenak ere. Alde daudenak markak zuk zeuk gainditzeko erronka dela diote gero eta gauza zailagoak egin ahala; norberaren kontua da, eta ez besteen aurrean azaleratu edo aurpegiratzekoa. Aurkakoek, ordea, exhibizionismoa eta harrokeria erakusteko bidea baino ez dela uste dute. Nire aburuz, markak gainditzea izugarrizko lorpena suertatzen zaigu, baina, gehienetan, erokeriak eta zentzugabekeriak egitera iristen gara norberaren bizitza arriskuan jarriz (ez gara ondorioez ohartzen). Horrenbestez, hobe da kontuz ibiltzea eta ez dakigun gertatu ezbeharrik.
Jarraian, hainbesteko arrakasta izatearen arrazoiak garatuko ditut. Helburu handiak lortzeko asmoa badugu, prestakuntza egokia izan beharko dugu arrakasta erdiesteko. Horrez gain, errekorrak apurtzearen gogoa barneratuta izateak bultzatzen gaitu are gehiago arrakasta handiagoa lortzera. Anbizioa izatea ere arrakasta handia izateko bestelako arrazoia litzateke; aitzitik, kualitate hori ez badugu, arrakastatsua izatea zailagoa gertatuko zaigu.
Bukatzeko, euskaldunok lehiatzeko eta txapelketak antolatzeko daukagun zaletasuna azalduko dut. Gure lurraldean, hainbat kiroletako txapelketak antolatzen ditugu urtero. Txapelketa horien artean, futboleko euskal kopa, Eusko Label liga (traineruan), lau eta erdietako txapelketa (pilotan), etab. Txapelketak antolatzeaz aparte, euskaldunok lehiakortasun sena geure zainetan daramagu. Kirol bakoitzean hoberenak izateak laguntzen du lehiakortasun puntua mantentzeko.
Euskaldunok, ez ditugu mundu mailako errekor ugari. Lehiatzeko grina bai badugu, baina mundu mailan biztanle gutxi gara. Gainera, gure nortasuna dela eta, agian, ez gara marka zoro-zale. Ez al duzue uste?
Esan bezala euskaldunok lehiarako eta aposturako joera nabarmena dugu, baina helburua beti irabaztea izanik ere gure kulturan ez dago ondo ikusita nabarmenkeria, munduko onena zarela erakutsi behar hori.
Horren arrazoia herri honetako beste ohitura batean aurkitzen da, arrakasta duenari egurra ematean hain zuzen ere. Izan ere, irabazleek askotan galtzaileen gaitasun, konpromezu edo esfortzu falta agerian uzten dituzte. Eta gurean asko direnez galtzen ez dakitenak ba beren gainetik geratu denari buruz galantak eta bi esateko joera dago (ikus herri kiroletako ika-mikak edo Kortaren porrotak).
Euskaldunoi buruzko azterketa antropologiko bat egiteko bide ematen du kirol eta apustu munduak, antza denez.