EUSKARALDIrako ideiak: politikariek euskaraz soilik egin dezatela!

EUSKARALDIrako ideiak: politikariek euskaraz soilik egin dezatela! –

Euskaraldia | Hitzez ekiteko garaia

Euskaraldia martxan dagoelarik eta Pantaialdia pasatu delarik, proposamen batzuk egin nahiko nituzke  Euskaraldiko arduradun eta hartzaileentzat.

Politikariak

Politikariak dira aurpegi nabarienak ekimen hau aurrera eramateko, berau burutzeko azken erabakia haiek hartu baitute. Herritarrak euskaraz egitera animatzen dituzte. Hortaz, zergatik ez dute politikariek eurek hartzen konpromisua egun oso batean edo Euskaraldi osoan zehar soilik euskaraz adierazpenak egitera? Berdin dio prentsa aurrekoan edo komunikabideetan egindako elkarrizketa pertsonaletan. Nahiz eta galderak beste hizkuntza batean izan, horiek soilik euskaraz erantzun. Itzultzailerik behar badute, jar dezatela. Baina eurak soilik euskaraz. Horrela, erdarazko komunikabideetan entzungo lirateke, Kataluniakoei bezala; beren hizkuntzan eta gainetik itzuliz edo azpitituluekin itzuliz. Atzerritarrei elkarrizketak horrela egiten zaizkie eta ez da arazorik egoten.

Norbaitek adibidea eman behar badu, horiek politikariak dira, ezta? 

Kirolariak

Euskaraz badakiten kirolari asko ditugu, batzuk nahiko ospetsuak. Horiei ere konpromisua luzatu beharko genieke. Agian, ez daude politikariak bezain “behartuak”, baina milaka pertsona aurrean aritzean presioa nabaritu beharko lukete. Ikusi al dituzu Athletic-eko jokalariak Mikel Laboaren “Txoria-txori” abestia kantatzen (tira, jokalari batzuek letra ez dakitela dirudi) harmaila guztia aurrean dutela, Herri Harmaila ekimenaren baitan? Edo errealeko jokalariak edo entrenatzailea? Pilotariak akaso, prestuago agertuko lirateke ekimen honen aurrean?

https://www.youtube.com/watch?v=BaIcYLfUvn4

Ez naiz aditua, baina pertsonai publikoen konpromisoa edukitzeko eskaera hau nolabait bideratu daiteke, atxikipenak lortzearren? Zer diote Euskaraldiko arduradunek?

Hautsi eta eutsi!

Euskaraldian zehar hainbat ekintza antolatzen dira. Aurtengo leloa “Hitzez ekiteko garaia da.” Aurrekoan “Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan”.  Ideia garrantzitsuena hizkuntza ohiturak hautsi eta euskarari eustea da. Horregatik, hurrengo Euskaraldirako leloa hori izan liteke: Hautsi eta eutsi! edo Ohiturak hautsi ta geureari eutsi!

Euskaldiko arropa salmentan eta euskara ikusezin.

Euskaraldirak bere merchandaising arropa sortu du. Baina deigarria da zein txiki ikusten diren bertako hitzak (umeentzako kamisetetan izan ezik, non “Aizu hitzak astindu” argi ikusten den). Ia ikusezinak dira gehienak. Azken Kilometroak eta 2023ko edizioak bezala; zein zentzu du esatea euskararen alde zaudela eta euskarazko hitzak ezin ikustea edo ezin txikiago jartzea? Edozein kamiseta ingelesez handiago ikusten da “Love”, “Pray”, “Smile”… Hortaz, Euskaraldiko arduradunei iradokizuna hau da: letrak harro erakus dezatela euren produktuetan, inolako lotsarik gabe.

Nola egon euskararen alde, euskararen alde egon gabe.

Zuzeu-ko komentarioetan iruzkingile askok Euskaraldiko parte hartzaileak kritikatu dituzte eta hipokresia leporatu diete. Nire ustez Euskaraldia beharrezkoa da, baina egia da parte hartzaile askok itxurakeria baino ez dutela egiten. Ez dutelako benetan sinisten. A esan eta B egin. 

Diru asko gastatzen da euskararen alde. Adibidez euskararen Txantxangorriaren sinboloarekin. Milaka euro gastatzen dituzte pegatinak egiten, baina pegatinan bertan ez du euskararekiko inolako erreferentziarik.  Pixka bat ilogikoa, ezta? 

Edonola ere, hau kalterako ere ez da, ezta? “Pauso batez, hasten da”, diotenez. Kasu honetan ez dut sujerentziarik.

Nola egin euskararen alde, euskararen alde zaudela esan gabe.

Puntu honetan, Euskaralditik atera naiz. Baina bere ispirituari eutsiz eta jarraituz, asko egin daiteke. Txapie eraman gabe. Txapa gabe, baina ondokoei “txapa” emanez. Zentzu onean. Eguneroko erabakietan. Lehenengo hitzean. Etsi gabe.

EUSKARALDIrako ideiak: politikariek euskaraz soilik egin dezatela!

2 pentsamendu “EUSKARALDIrako ideiak: politikariek euskaraz soilik egin dezatela!”-ri buruz

  • Olabarrieta 2022-11-21 14:55

    “Hautsi eta eutsi” slogan polita da, indartsua. Baina ausartegia Eusko Jaurlaritzakoentzat agian. Ondo legoke.
    Hizkuntzaren egoera irauli gabe, euskarak ez du luze iraungo.

  • Bittor Hidalgo 2022-11-22 10:28

    “Hizkuntzaren egoera irauli gabe, euskarak ez du luze iraungo?” Euskaldunok nahi dugun adina behintzat bai, ala?