Euskara hutsezko hedabiderik gabe…
Euskara hutsezko hedabiderik gabe, ez legoke euskarazko kazetaritzarik –
Euskara hutsezko hedabiderik gabe, euskarazko kazetaritzarik ez
…
Ia hiru urte dira komunikazio gradua amaitu nuenetik, eta orduz geroztik hainbat hedabidetan praktika, kolaborazio edota lan txikiak egin ditut. Zalantzarik gabe, aberasgarria da hainbat euskarritan lan egin ahal izatea. Ni gehienbat prentsa arloan aritu izan naiz, nahiz eta besteak “probatzeko” zortea ere izan dudan. Eta ia kasu guztietan, nire ama-hizkuntzan egiteko zortea izan dut, hau da, euskaraz.
Horregatik, Udako Euskal Unibertsitateko (UEU) eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) hainbat irakaslek ateratako Kazeta-idazkera: arauak eta estiloa hitzen jokoan eskuliburua irakurtzea lagungarri izan zait jardun profesionala hobetzeko. Liburu interesgarria eta ondo egituratua dagoela esango nuke.
Liburuko bigarren atalean, euskarazko kazetaritzaren bilakaera esplikatzen da, XIX. mendean euskarazko prentsaren lehen arrastoak azaldu zirenetik, gaur eguneraino. Era berean, gizarte-mailan izan diren aldaketek kazetaritzan zein informazioaren trataeran zer-nolako eragina duten ere azaltzen da. Euskarazko kazetaritzak XXI. mendean erronka berezia dutela azpimarratzen dute egileek: “Euskal prentsak bi arlotan garatu beharko du; kazeta-ereduan eta negozio-ereduan. Lehen eremuan produktu erakargarria sortu beharko du, eta etengabe garatu eta berritu. Horrek gazte jendea gureganatzeko balioko du; ikus-entzunezko belaunaldiak informazioaren munduan barneratu behar dira modu erakargarrian” (aipua: 56. orrialdea).
Eta horren guztiaren klabea euskara dela azpimarratzen dute: “Erronka nagusia herritar euskalduna euskal irakurle bihurtzea da, euskarazko produktuetara hurbilarazteko (…) gure nortasun espezifikoa indartzea, horretan sakontzea, aldi berean gure eta munduko beste herri eta gizakien duintasuna sendotzeko. Munduari geure begiokin begiratzeko, menpekotasun informatibotik kanpo. Euskal Herrian zer gertatu den Euskal Herriko euskarazko hedabideek azaldu behar diote euskaldunari (…) Edukiak landuz eta horiek Euskal Herriko ikuspegitik eskainiz egingo du aurrera euskal prentsa jeneralistak, teknologia berrien bidez garatutako euskarri eta baliabideen arintasuna eta erabilgarritasuna txertatuz (aipua: 56-57. orrialdeak).
Aipu horiek diotena, ez da berria. Hala eta guztiz ere, azken asteotan denon ahotan dabil Eusko Jaurlaritzak euskara hutsezkoak diren hedabideei diru-laguntzak jaitsi izanaren albistea. Berria egunkariari, adibidez, 2013tik 2018ra bitarteko epean %20 jaitsi zaizkio diru-laguntzak (guztira 300.000 euro gutxiago). Jaurlaritzak bereziki EAE mailako hedabideak eta horien irismena hartzen du kontuan laguntzak emateko orduan, baina euskara hutsezko hedabideei buruz ari bagara, euskararen irismen eremua hartu beharko da kontuan, ezta? Hau da, EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria.
Noski, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko erakundeek ere zeresan handia dute diru-laguntzak emateko garaian, eurek ere jarrera bera hartu beharko luketelako. 2016an, Nafarroako Gobernuak 355.000 euro inbertitu ditu euskara hutsezko hedabideetan. Ipar Euskal Herrian, berriz, Euskararen Erakunde Publikoak berriz, %4ko diru-laguntzak bideratu ditu 2012ko laguntzen kopuruetara itzuliz.
Are gehiago, badirudi emaitza onak erdiesteak ez duela eraginik diru-laguntzak jasotzeko orduan. Interneteko irismena aztertuta esaterako, kasu hau ikus dezakegu: Argia astekariak 2016. urtean inoizko bisitarik gehienak jaso ditu sarean (2014. urtetik, bisitek %30 egin dute gora), baina guztira 17.444 euroko diru-laguntza jaso du 2016an (kalkuluak eginda, 2012an baino %52 gutxiago, izan ere, orduan 36.494 euroko laguntza jaso zuen). Aldiz, euskararen alorreko diru-laguntza handiagoa jaso dute euskara askoz gutxiago erabiltzen duten hainbat hedabide taldek.
Horrela beraz, garbi dago gure erakundeek hausnarketa sakona egin beharko luketela euskarazko hedabideei buruz. Hainbat ekimen ikusten ditugu gure inguruan euskara bera sustatzeko, baina era berean, euskara hutsezko hedabideei diru-laguntzak jaisteko erabakiak hartu dira. Gizarteak eta herritarrok ere informazioa euskaraz jasotzeko, hau da, euskaraz informatuak izateko eskubidea dugu. Zentzu horretan, Hekimen Euskal Hedabideen Elkarteak dioen bezala, “ezinbestekoa da euskara hutsezko hedabideen aldeko apustu sendoagoa”.
Herritar gisa, guk ere hausnarketa sakona egin beharko genuke gure hedabideen kontsumoaren inguruan, ziur aski ahalegin handiagoa egin beharko genukeelako euskarazko informazio-iturriak kontsumitzeko: horiek irakurriz, entzunez, ikusiz, komentatuz, partekatuz… Baina jakina, erakundeen aldetik ere bultzadatxorik sumatzen ez bada, orain arte euskarazko hedabideen hautua egin ez duten herritarrak nekez jabetuko dira hauen balioaz. Herritar horiek konbentzitzeko ahalegina egin beharra dago, alde batetik euskarazko hedabideen kalitatezko balioa erakutsiaz, baina baita erakundeen partetik garrantzia dutela nabarmenduta ere.
Aipatutako faktore horiek aintzat hartzen ez baditugu, euskarazko kazetaritzak bizirauteko arazo larriak izango ditu XXI. mendean, eta oso tristea izango litzateke XX. mendean hainbat zailtasunen gainetik erdietsitakoa deuseztea. Hain zuzen, nik neure burua kazetari gisa eta euskaraz lan eginez ikusi nahi dut. Pentsatu nahi nuke erakundeek irismen ekonomikoetatik haratago hizkuntzaren balioari ere erreparatuko diotela, eta gisa horretara, euskarak hedabideetan (tokiko zein Euskal Herri mailakoetan) bere presentzia ongi ziurtatuta izango duela.
Azkenik, neure egiten ditut Kazeta-idazkera: arauak eta estiloa hitzen jokoan eskuliburuko hitzak: Euskal Herrian zer gertatu den Euskal Herriko euskarazko hedabideek azaldu behar diote euskaldunari.