Euskal Wikipediaren belardia
Euskal Wikipediaren belardia –
Bada hilabete bat “euskal eragileen” inguruko hausnarketa aurkeztu nizuenetik. Testu motz hartan IKTek euskararen alde egin dezaketenaren adibide bat azaldu nuen: euskal eragile digitalek euskal kulturaren nahiz euskararen babesean egin dezaketenarena. Honako honi eutsi nion:
“Kontua da egungo gazteek jarraitzen dituzten eragileek ez dutela, oro har, inongo zerikusirik euskararekin eta are gutxiago euskal kulturarekin (kirolari edo musikariren bat salbu, akaso). Bideoak Youtubera igotzen dituen gazte arrunt batena, bere soinekoen argazkiak partekatzen dituen neska pinpirin horrena… Haiena da 8. probintziako gazteen enparantzako kioskoa. Eta bai euskarak eta baita euskal kulturak ere eragile horiek lagun behar ditu.”
Argi dago: lepoa egingo nuke euskararen etorkizunak digitala behar duela. Eta hain argi daukat esandakoa, ezen adibide berri baten bidez nire jarrera buru-erailera ekarriko zaituztedan. Kontua da, inauteri-biharamunean, IKTek euskararengan duten mantentze nahiz suspertze-ahalmenari bueltaka, Wikipedia etorri zaidala nire buru tematsura.
Denok dugu Wikipediaren belardi idilikoa ezagun: eduki askeko, lankidetzaz editatutako, eleanitza den eta interneten dagoen entziklopedia bikaina. Eta, nola ez, bada, halako larreak badu euskal komunitatearentzako muinoxka: gure Euskal Wikipedia. Eta atari hori dut, hain zuzen ere, internetek hizkuntzen alde egin dezakeenaren adibide.
Euskal Wikipediak, gaurkoan, 329.569 artikulu ditu eta 97.887 sortutako kontu; horietatik 523, editore aktiboak (hemendik 2019ko martxoaren 3an ateratakoa). Datu horiekin, Euskal Wikipedia munduko 29. Wikipediarik handiena da:
Eta halakoa izan da artikulu-kopuru horretara iristeko bide malkartsua:
Datu onak al dira? Nolakoa da euskaldunok Wikipediaren belardian dugun muinoko belarraren kalitatea? Euskal Wikipediako artikuluen kalitatea neurtzea ez da erraza, baina badago kantitatea aise neurtzerik: eskerrak Wikipediak berak haien datuak hizkuntzaka sailkatzen dituela, eta, horregatik, gure muinoko belarraren kalitatea Wikipediako mendixka garaienekin nahiz gurearen pareko zenbait muino apalekin aldera dezakegu (moldatutakoa):
Eta taulako lehen hiru zutabeak grafiko bihurtu ditut ulergarriagoa izateko:
Ez al zarete konturatu? Begira nolako harribitxia den Euskal Wikipedia! Gure hiztun kopurua kontuan izanda, artikulu nahiz editore kopurua oso handia da, edo hala dirudi, behintzat, beste hizkuntza nagusi nahiz gutxituekin alderaketa eginda: euskal wikipediaren osasun onaren adierazgarri. Kemenez hazten da, antza, gure lurraldeko belarra!
Horren atzean zer eta euskal komunitatearen borondatea daukagu, baina badaude beste zenbait eragile, adibidez, bertan lan egiten dutenen esfortzua eta sortutako ekimenak edota irakasle askok Wikipedia bera hezkuntza-erremintatzat erabili izana: azken horrek erantzuten dio sortutako kontuen eta editore aktiboen arteko tarte zabalari.
Eta behin gure ziberbelardian patxadaz biaoa egiteko bezainbeste limurtu zaituztedala, badator nire harrikada. Hasieran adierazi dudan moduan, euskararen etorkizuna digitaltzat dut. Egunerokotasun digitalean bizi gara: berriak euskarri digitalean irakurtzen ditugu edota informazioa Wikipedian bilatzen dugu. Eta halako txikikeriak euskaraz egiteko aukerarik izango ez bagenu, akabo gure hizkuntza, egungo beharrak ez lituzkeelako aseko. Hortaz, euskarak bere egoera, bederen, mantendu nahi badu, beharrezkoak ditu IKTak.
Baina bada al dugu, mantenu-lanetatik haratago, IKTen bidez euskara indartzerik? Wikipedia dugu erantzun. Halako ekimenak euskara aro digitalean gorde ez eta hizkuntzari sekulako mesedea ere egiten dio euskara suspertzen duelako: ez al dugu Euskal Wikipedia nolabaiteko hizkuntza-sustapen erreminta? Agidanez, gure wiki-belardiko barrutian erruz hazten den belarraz gain loreak ere baditugu.
Eta hori da Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen proiektutik egiten dudan irakurketa nagusia: Wikipedia adibide, argi dagoela IKTek gure hizkuntza preziatuaren alde egin dezaketela. Eta gaurkoan entziklopedia erabili dut adibide gisa, baina ez al da belar, lore nahiz tximeletaz jositako euskararen aldeko belardi aparta ere Zuzeurena?