Eguna argitu bezain pronto
Eguna argitu bezain pronto
Ohean etzanda, malkoak izarak bustitzen dituztela, nire bizitzaren zentzua zein den aurkitu dut. Milaka egun eman ditut horrelako kontuei buruz gogoeta egiten, eta gaur, behingoz, konturatu egin naiz zein den nire eginkizuna gure “animaliartean”. Bai, “animaliartea” esan dut ez gizartea (gizartean=gizaki artean). Izan ere, askotan animaliak bagina bezala jokatzen dugu, eta ez gizakiak bezala. Hau da, iraganean itotzen gara eta ez dugu pentsaera aldatzen, homoek zuten pentsaerarekin jarraitzen dugu (homo sapiens, homo erectus…). Horregatik, honek arazo izugarri handia eragiten duela esan genezake.
Txikitatik irakatsi izan digute zer dagoen ondo eta zer ez. Betidanik esan digute zer egin behar dugun eta nola. Ohikotasun hartatik at dagoen guztia kritikatzen da. Beraz, gure benetako izaera, barne zeraren bazter ñimiño batean ezkutatuta dagoela esan liteke. Aske sentitu nahian, libre izateko prest. Baina, gizartearen edo “animaliarte”aren poderioaren eraginez, itoarazita kritiken beldur izanik.
Tamalez, horrelako egoera bizi duen errealitatean jaio, hazi eta hezi egin gara. Homofobia, arrazakeria eta matxismoa dagoen munduan jaiotzeaz gain, honen parte bihurtu gara. Nahi gabe agian. Apropos ez dela izan pentsatzea gustatuko litzaidake. Jakin badakit etxean zein kalean nork bere zoroak bizi dituela. Hala ere, hiltzen naizenerako, mundu zoro honen egoera aldatzea nahiko nuke. Badakit ahalegin guztiak eginda ere ezinezkoa dela. Dena den kalera ateratzea eta benetan nolakoa zaren munduari erakustea noizbait jorratua* izango ez dela amesten dut. Gatiburen “Aske Maitte” abesti berriak esaten duen esaldia errealitate bihurtuko delakoan nago, “aske maitte, aske bizi”. Horixe da askoren ametsa. Ametsak amets, askotan ezin egia bihurtu.
Hala eta guztiz ere, horrelako ametsak egia bihur daitezen bakoitzak bere ekarpena egin behar du. Guztion askatasuna lor dezagun, denok animaliartearen kontra gudukatu behar dugu. Bizitzak ez dakartza jarraibiderik. Hortaz, aske izan, libre bizi, inork ezin izango zaitu inoiz gelditu. Biluz ezazu egunsentia eta egin ezazu barne zerak eskatzen dizuna, legeak kontuan izanda noski. Hori dela eta, nire benetako eginkizuna mundu honetan, nire jarrera aldatzeaz gain, errealitate hau alda dadin, nire ekarpen propioa egitea dela bururatu zait. Ondorio gisa, eguna argitu bezain pronto, horrelako egoera aldatzen saiatzeari ekingo diot. Dena da posible, ametsak errealitate bihur daitezke.
.
*jorratu, “kritikatu” zentzuan
Kanpoa aldatzea baino errezagoa eta kanpoarentzat lagungarriagoa da nor bera aldatzea.
Izan gaitezen kanpoan ikusi nahi dugun hori. Euskaldun osoa.