Egin dezagun topa
Egin dezagun topa –
Lurrin-frasko ia guztia bota eta gero etxeko atetik irten naiz. Lagunekin bildu, metroa hartu eta instant batean Pozasen gaude bilboko leku guztietako gazteekin. Kalimotxoa egiten nagoen bitartean, giroaz gozatzen ari naiz. Izotz puxka bat bota dut edalontzian eta hura begiratzen dudan bitartean, pentsatzen hasi naiz; ba al gara gazteok arduragabeak hemen egoteagatik?
Era berean, trago bat eman eta erru zein-arazo guztien arrazoia garen ala ez ahantzi dut. Gauak itxura ona du.
Gaur egun izugarrizko aztoramena dago gazteek egiten duten guztiarekin. Askotan helduek gazteak kritikatzen dituzte, baina, ba al dakite helduek zer den edo sentitzen dugun gazteok denboraldi latz honetan? Azken bi urte hauek gogor samarrak izan dira guztiontzat. Konfinamenduek eta arau murrizketek gazteak samindu dituzte. Orain, murrizketa horiek kendu dituztenez, gazteok inoiz baino gogo gehiago ditugu kalera irteteko eta askatasuna gure eskuetan sentitzeko. Azkenaldi honetan bizitzen ari garen botiloien ‘boom’ hau pandemiak gure ohituretan aldaketak eragin dituen sintomarik nabarmenetarikoa da, eta ez da erraza izango aurreko egoerara itzultzea.
Askotan badirudi hain zentratuta zaudetela gazteen kontuetan, non beste arazo larriago batzuk baztertuta uzten baitituzue. Badakigu pertsona nagusi askok pentsatu ahal dutela kale zurrutak antolatzea alkohola edatea soilik dela, baina helduek, inork baino hobeto dakizue hori horrela ez dela, zuek, gu bezala, gazteak izan zaretelako. Dena den, gaur egun behin eta berriro esaten digute zer ezin dugun egin, baina ez digute beste proposamenik eskaintzen. Gazteok erantzunak eta hautabideak nahi ditugu.
Horregatik guztiagatik, gazteok esan nahi dizueguna hurrengoa da: gazteak gara eta ahal dugun bitartean gaztaroa aprobetxatu behar dugu, zuek zuen momentuan egin zenuten bezala. Urteak asteburu bat bezain azkar igarotzen dira. Amaitzeko, hausnarketa txiki bat egitera animatzen zaituztegu. Nola nahi duzue gazteok ez edatea zuek, helduok, ospakizun eta festa guztiak alkoholarekin lotzen badituzue?
Egin dezagun topa