Bilbo erdaldunean, denda euskaldunenak: non eta zer dugu aukeran?
Bilbo erdaldunean, denda euskaldunenak: non eta zer dugu aukeran? –
ZuZeu-ko irakurle batzuk bilbotarrak dira, baina beste piloa kanpokoak. Baina ziurrenik Bilbora noiz edo noiz hurbilduko dira. Bilbo oso erdalduna dela argi dago, baina kopuru absolutu aldetik, munduan euskaldun gehien dituen hiria da. Berez, euskaldun asko daude, agerian agertzen ez badira ere. Denda batera joaten bazara, orduan, ze probabilitate duzu euskaraz artatua izateko? Dendaren eta, batez ere, langilearen arabera, asko aldatzen da. Hori bai, gazteak badira, aukera hori asko handitzen da.
Artikulu honetan Bilbon dauden denda euskaldunetariko batzuk aztertuko ditut. Zonaldeak kontuan hartuz, inolako zalantzarik gabe esan daiteke Alde Zaharra (Zazpi Kaleak) dela giro euskaldunena duena. Hortaz, denda euskaldun ugari bertan dituzu. Ondoren, Deustu (Luzarra kalea) eta Santutxu aipa litezke.
Hurrengo dendetan, %100 duzu ziurtatua euskaraz arreta jasotzea:
…
- Elkar liburudendak (Iparragirre eta Alde Zaharrekoa. Poza kalean badute beste bat, baina hor, langileren batek ez du egiten).
- Geuria Merkatua: EHn sortutako elikagaiak saltzen dira, besteak beste, esnekiak, haragia, barazkiak, izozkiak, ogia…
- Zergatik: arropa denda, neska edo emakumeei zuzendua.
- Gili-gili: arropa denda, neska edo emakumeei zuzendua.
- Labeko okindegia. Ogi oso ona, baina ez da guztiz merkea.
- Xirimiri jostailu denda.
- Errekamendi (2 denda Bilbon): mendi eta kirol arropan espezializatuak daude.
- Skunfunk: arreta ematen duten 4 langileetatik 2k ez dakite ondo. Baina saltzaile batek ziurtatu du dendan “beti dago norbait badakiena”.
- Usubiaga Okindegia (Amezaga kalea).
…
…
Ni bilbotarra naiz. Artikulu hau egiteko, zerrendako denden langile batzuekin elkarrizketa egin dut, euren iritzi eta kezkak ezagutze aldera:
XIRIMIRI jostailu denda
Senarra eta emazteak lan egiten dute. Emazteak ez daki ondo, baina normalean senarrak ematen die arreta bezeroei. 6 urte daramate. Amazon ez du begi onez ikusten eta internet-en gutxi saltzen dute euren dendan. Webgunea oraindik ez dute euskaraz.
…
GEURIA MERKATUA (Unamuno plaza)
Hasieratik EHko produktuak saldu eta euskaraz arreta eman nahi zutela argi ikusi zuten. Turista asko joaten zaizkie, baina auzoko erosleak dira gehienak eta haiek ezagutzen dituzte, batez ere ogia edo esne freskoa erosten dutenak. Euskarako ikasleren bat ere hurbiltzen da eta gustatzen zaio dendariekin hitz egitea. Haien espezialitatea Mahala markako esnekiak eta produktuak dira, komentatu du Garazi saltzaileak.
…
USUBIAGA OKINDEGIA (Amezaga Kalea 48)
Izaskun okinarekin aritu naiz. Emakume jatorra, beti du irria ahoan. Bere senarrak ere bertan lan egiten du, baina katalana da eta normalean ez dio publikoari arreta ematen.
Amezaga kalean zaudete eta askotan manifestazioak hemendik pasatzen dira. Nabaritzen duzue bezero euskaldunak datozela?
– Berez, egun horietan ez dugu desberdintasun handirik nabaritu, egia esan, hona datozenak, gehiengoa gazteleraz zuzentzen da gugana, hala ere, eduki baditugu euskaraz artatuak izan nahi direnak, baina ditugun bezero guztietatik hamar bat izango dira horiek.
Hormairudi batzuk jarri dituzue euskaraz badakizuela jakinarazteko, ordutik ez dira euskaldun gehiago hurbildu?
– Gehienetan jendea ez da ohartzen edota ez dute ikusten, beraz, zaila da baieztapen zehatza ematea. Hala ere dendan bertan badugu “ogi-karta” bat , zeinetan ogi mota guztiak euskaraz agertzen dira, nahi izanez gero nornahik eskura dezake .
…
GILI GILI ARROPA DENDA (Loteria Kalea 4)
Jabearekin aritu naiz. Gili Gili arropa dendan, giro euskalduna arnastu daiteke; jartzen duten musikatik hasita. Berez, jabeak, ondarrutarrak dira. Alde Zaharreko denden artean sari bat jaso du Euskal Kulturaren defentsa eta garapenean egindako lanagatik.
“Erostera datozenen artean, denetarik ditugu; Bilbokoak, Alde Zaharreko auzokoak batez ere, herrietako jendea; Ondarru, Bermeo eta Lekeitiokoak besteak beste. Guri, bezeroa ondo tratatzea eta zaintzea gustatzen zaigu, horretarako gure jokatzeko era hurrengoa da: bezeroak ondo sentitu daitezen gure langileria euskaldunez osatu. Marketing-arloan garrantzitsutzat dugu bezeroa bere hizkuntzatan artatu, gehienbat ondo sentitu daitezen.”
“Ezinbestekoa da bezeroekiko harremana zaindu, gero eta kate handiago daude, baina dugun bezeroekiko harremana ez da interneten bidez ematen.”
Internet-en konpetentziaz gain, beste arazorik ikusten duen ikusita, hurrengoa aipatu zuen:
“Beste leku batzuetan (Indautxu, Abando…) denda kate handi asko daude: Zara, H&M, Bershka… asko dira, gehiegi. Gainera, Top Manta deitutakoa ere arazo handia da, gugandik oso hurbil daudelako arropa eta osagarriak salduz. Kalea okupatzen dute eta kalea jendez gainezka dagoenean, oztopoa da ibiltzeko. Gainera, konpetentzia desleiala da, ez dutelako lokal edo zergarik ordaintzen eta produktuek ez dutelako kontrolik.”
“Badakit lana behar dutela. Baina hori erregulatu behar da eta toki legal bat behar dute, guk bezala.” Denda asko itxi dituzte azken urteotan. Eta “guk ixten dugunean, jendea lanik gabe geratzen da”.
Hurrengoa ere gaineratu du: “Turistei buruz asko hitz egiten dute azken boladan. Baina turistek tabernetan eta souvenir dendetan gastatzen dute. Bizpahiru egun egoten dira eta gehienek ez dute arropa erosi nahi izaten”.
…
Azkenik, gogoeta egin dut gaiaren gainean eta atera dudan ondoriorik zehatzena hurrengoa da; ZuZeuko 150€ko saria eskuratuz gero, jakingo nuke bai, non gastatu! Beno, baina serioago izanik, Bilbora doazen euskaldunak zein dendara doazen kontuan hartuko balute, uste dut gure hizkuntzaren alde aurrera pausua emango genukeela.
Horregatik eta gehiagogatik animatzen zaituet denda hauetara edo ezagutzen dituzuen antzekoetara hurbiltzen, behar bezala artatuak izango zarete, %100!
Oso ekimen polita. Euskararen bitartez gure kontsumoa euskal dendetara ahal bezain beste mugatzeak badu beste onura bat ere: familia-negozio txikiak babestea multinazional eta merkatalgune handien aurrean, hau da, guk gastaturiko dirua gure bizilagun euskaldunetara bideratzea, enpresari handi atzerritarren poltsikotara bideratu beharrean.
Kontuz, multinazional horietako batzuek aurrea hartu diete, baita euskara kontuetan ere, familia-negozio txiki gehienei:
https://eu.ikea.com/es/eu/
Ni herri koxkor (10.000 biztanle gutxi asko) euskaldun batean bizi naiz, eta harritzen nau nola, familia komertzio gehien gehienetan, okindegiak eta frutategiak esate baterako, karteldegia osoa soilik erderaz daukaten, nahiz ta atenditu euskeraz egiten duten.
Aldiz, komertzio handietan (carrefour, BM, Eroski) bi hizkuntzetan edukitzen dute, eta langileria, poliki poliki, euskaldutzen doa.
Enfin, ez dakit, hain euskaldunak eta ez dira gauza jartzeko; sagarrak, gereziak, ogi integrala…
(hala ere, familia komertziotan erosten dut pilo bat, tratu onagatik gehienbat)
Dir-dir egiten duen oro ez da oro.
Etsipenez hainbestetan ikusi dut nere begiez eta sufritu dut neure belarriez ELKAR reko langileen arteko erdal harreman betea, NAHIZ ETA GUZTI-GUZTIAK eUSKAL HIZTUN KONPETENTENTEAK IZAN. Inoiz zeozer esatekotan ibili naiz baina azkenean etsiak hartuta egin dut etxera. Ze gogorra den euskalduna izatea…aukeran islandiarra nahiago. Atzera ala aurrera goaz??
Arrasti on, Aida!
Bilbon badugu non erosi euskaraz , jakina, hemen euskaldun asko bizi garelako. Artikuluan aipatu bezala, Deustualdean ere aukera handia dago. Berbaizu Euskara Elkarteak aspalditik darama ‘Hemen euskaraz’ kanpainarekin eta langile euskalduna duten saltokiei ‘Hemen euskaraz, hemen berbaizu’ pegata ematen die. Esteka honetan duzue zerrenda: http://berbaizu.eus/hemen-euskaraz/
Saria irabaziz gero, jakin ezazu, Aida, Deustualdean ere baduzula non gastatu 😉
Ondo ibili
Mila esker guztioi zuen arretagatik, ez nuen uste hain arrakasta handirik eukiko zuenik. Gustoko dut pentsamodu ezberdinak ezagutu eta elkartrukatzea. Nahi edo behar izanez gero hementxe naukazue!
interesgarria, milesker!! duela urte batzuk bilbon bizi naiz eta pozik deskubritzen ditut euskara-arnasgune berriak…uste baino gehiago daude bilbon ere.
Denda batean, lehen hitza euskaraz egitekotan sorpresa ederrak har daitezke dendariak euskara badakienean: ilaran atzean zain zeudenek ere gero euskaraz egitea!!
=)
pd: askao kalean dagoen urdaitegi txikian bizkaitarrez egiten dute sano dendariek!