Beldurrezko istoriotxoa: Iluntasuneko neska

Beldurrezko istoriotxoa: Iluntasuneko neska –

Beldurrezko istoriotxoa: Iluntasuneko neskaIluntasuneko neska

Zergatik diogu heriotzari beldur? Ez dakigulako zer dagoen, nola egongo garen, nola sentituko garen. Gure arima betikotasunean aske egongo da? Sufrituko dugu ala bakea izango dugu? Inork ez daki erantzuna. Erantzun ziur bakarra da egunen batean hil egingo garela. Gure oraingo bizitza apreziatzen dugu, ziuraski heriotzan baino hobeto egongo garelako.

Kondairak dioenez, familiako aita bat lanetik etxera itzultzen zen Uribe Kostako errepidetik, Plentziatik Getxora doan horretan. Gau euritsua zen, hotzak haizetakoa lausotzen zuen eta nekeak betazalak beherantz bultzatzen zizkion. Errepidean aurrera egin ahala, tantek gogorrago jotzen zituzten Peugeot autoaren kristalak, eta ondorioz egonkortasuna galtzen zuen asfaltoaren trazaduran.

Gizonak zentzumenak zorroztu eta martxa moteldu zuen. Trumoi baten burrunbak areagotu zuen bere tentsioa. Une horretan bertan, ibilgailuko argiek neska baten irudia argitu zuten iluntasunean; euriak bustita zegoen, gidariren bat errukitu eta helmugara noiz eramango zain. Une batez ere zalantzan egon gabe, seko frenatu eta igotzera gonbidatu zuen. Neskak berehala onartu zuen, eta kopilotuaren lekuan esertzen zen bitartean, txoferrak janzkerari erreparatu zion. Kotoizko soineko zuria zeraman, zimurtua, urratua eta lokatzez zikindua. Bere ile mardulagatik, bazirudien denbora luzea zeramala zain.

Bidaiari ekin zion berriro, eta elkarrizketa lasaiari ekin zioten, non neskak behin baino gehiagotan izkin egin baitzion leku hartara nola iritsi zen kontatzen zuen istorioari. Une egokia iritsi zen arte. Ahots hotz eta zorrotz batez, abiadura moteltzeko eskatu zion, ibilgailua ia gelditu arte. “Oso bihurgune itxia da”, ohartarazi zion. Gizonak bere aholkuari jarraitu zion, eta zein arriskutsua izan zitekeen ikusi zuenean, eskerrak eman zizkion. Neskak, ahots zorrotz eta hotzez, esan zion: “Ez eskertu, nire eginkizuna da. Kurba horretan hil nintzen ni duela 25 urte baino gehiago. Horrelako gau bat zen.” Hotzikara batek gizonaren bizkarra zeharkatu eta larrua laztu zuen. Kopilotuari begiratu zionean, neska ez zegoen. Eserlekuak, ordea, heze zirauen.

Arima galdu horrekin kontuz ibili behar duzu. Arinegi joanez gero, haserretu egin daiteke. Bidean topatzen duzuean, aurpegia ikusi ezin diozun eta ile adats beltzez inguratutako aurpegi mehatxagarri horrek beldurtuko zaituzte. Ez da halabeharra. Gaztigatu dizut.

Beldurrezko istoriotxoa: Iluntasuneko neska