Begirada hiltzaileak
Begirada hiltzaileak
Goizak esnatu du.
Eguna hasi, egunkaria ireki eta, gosaritarako, zigorrik gabeko bortxaketa eta erailketa bi. Kafe garratzarekin batera hotzikara eta hasperena. [Beldurra].
Biluzten nauten begiradak, egunerokoak diren begirada zorrotz eta lizunak. Ez dut indarkeria isil gabeko egunik, oharkabean jasaten ez dudan indarkeriarik, ezinegona erraietan iltzatzen ez zaidan egunik. [Beldurra].
Gaurkoan ere indarkeria eraso isila.
Ostu digute espazio publikoa, osten dizkiguten eskubideak bezalaxe.
Esfera pribatuko izaki pribatuak: patriarkatuaren oinarria, patriarkakatuaren oinarria.
Historikoki boterearen banaketan ere emakumeok galtzaile. Irainez konposatuta dagoen logikarik gabekoak azalean iltzatu eta arrazoimenetik ezer gutxi duen gizartean zentzugabekeriaren gainean zutik.
Bortxaren biktiman uneoro.
Isilpean geratu diren borrokak, gerrak, emakume langile, xume eta familien zutabe zirenek zaratarik egin gabeko makina bat garaipen.
Ba al dugu bakerik gabeko egunik? Begirada hiltzailerik gabeko egunik? Odolik gabeko egunik?
Hau dugu iltzezko errealitate hiltzailea.
Kaiola artean biluzik preso nabilen eme ahula naiz.
Jaio eta emakume marka; urrezko belarritako bi. Orratz batek sastatuz nire belarria, minetik ekiten den lehen erritual patriarkatua. Badaezpada, inor ez dadin asalda, jaiotzatik argi gera dadila ar edo emea den belarri txikiei begira.
Neska izanagatik zergatik dauzkadanak baina zulo gehiago?
Aztoratzen gara Afrika inguruetan dituzten praktika erritualekin, han ere neskei, ez da kasualitatea, noski. Baina hemen ere astakeria ugari. Gizartean tradizioaren oinarrian guztiz normaltzat ditugun ohiturek dute arrazoimenetik gutxi. Herri honetan beldur diogu ezberdina den orori, askok beldur diete pribilegioak galtzeari.
Askotan pentsatzen dut: barrena hustu ala ahoa itxi. Kikiltzen naiz eta barne gatazka bilakatzen zait sarri. Baina, hala ere ez dut ahoa itxiko, hankartea gurutzatuko, ezta belaunak estutuko ere. Erantzun diezaiogun historia osoan zehar emakumeak odoldu dituen diktadura honi.
Ez naiz inorena. Entzun, emakumeok, ez gara inoren jabe, ezta zuen jabe ere!
Erantzun diezaiegun justifikaezinak diren begirada hiltzaileei, biluzten gaituzten begirada zorrotz horiei. Uneoro jasaten ditugun indarkeria eraso isilei.
A, eta norberak erabaki dezala belarritakoa bai ala ez, eta non.
Esandakoa rekin ados,Emakumeak izateagatik ez al dugu eskubiderik as katasunean bizitzeko
Jopelas, maitane, ze bizimodu petrala! Zakildun psikopatez inguratua bizitzea patu ezin gaiztoagoa da, benetan. Ba nik nire etxe ondoko Caritaseko lokalaren paretik pasatzen naizenean eta bertan ikusten ditut zakildunak direla gehienbat kaleetatik arrastaka eta eskeka dabiltzanak. Hoiek ere patriarkatuaren zutabeak?