Bakardade ikusgaitza zahartzaroan

Bakardade ikusgaitza zahartzaroan –

Behin baino gehiagotan agertzen da albisteetan. Baina inoiz ez lerroburuetan; Inoiz ez da albiste nagusia. “Atso bat hilda aurkitu dute bere etxebizitzan. Hilabeteak zeramatzan hilik eta auzokideak kezkatuta zeuden aspalditik, ez zutelako haren berririk. Baina, azkenik, etxebizitzatik ateratzen zen kiratsa zela eta, polizia eta suhiltzaileak bertan sartu dira eta emakumea han aurkitu dute. Gorpua aztertu ondoren, hilabeteak hilik zeramatzala ondorioztatu dute. Emakumea bakarrik bizi zen eta ez zituen seme-alabarik. Bere lagun onenak auzoko ezagunak ziren”.

Eskultura hiperrealista honek bakardadea ezagutzera emateko helburua du. Fenomeno lazgarri eta tristea, oihartzun handiagoa izan behar duen gaia, zalantza barik.

Bakardadean hiltzen diren atso eta agureen kopurua handituz doa. Izan ere, zahartzaroan bakarrik bizi den jendea, oro har, handituz doa. Ez dira kasu bakanak, areagotuz doan fenomenoa baizik. Arrazoiak ugariak dira: seme-alaba gutxiago edo bakarra ere eduki ez duten belaunaldi berriak nagusituz doaz. Gainera, lan eta bizitza mugikortasuna dela eta, areagotu da seme-alabak eduki bai, baina oso urrun bizi direnen kasuak ere. Bere gurasoek urtean behin edo birritan soilik bisitatzen dituztenen kasua da hori.

Badago datu esanguratsu bat ere: Bakardadean bizi direnen pertsona zaharren artean, ohikoagoa izaten da emakumeak izatea. Zergatik hau? Emakumeen bizitza-itxaropena altuagoa da (86 urte inguru Euskal Herrian emakumeen kasuan eta 80 gizonen kasuan) eta bikoteen artean, eskuarki,  gizona urte bat edo 5 nagusiago izaten da. Hortaz, alargunen artean ohikoagoa da emakumeak egotea, gizonak baino. Halaber, maiz gertatzen da bakardadean bizi diren emakumeen artean, katuek betetzea gizakien falta hori. Badira kalean jaten ematen dieten horiek eta baita etxean bertan 5 katu dituztenak.

Duela gutxi madrilen hildako emakume batek hiru hilabete eman zituen hilik bere etxean sartu ziren arte. 7 katu zituen. Horietatik 5 katu hilik topatu zituzten, baina emakumearen gorpua jaten ibili ziren katu horiek ez zutelako elikatzeko beste ezer.

Gaur egun bakardadean bizi direnen emakume kopurua ez da ezer urte batzuetan egongo denarekin alderatuta. Inoiz baino ume gutxiago ditugu. Umerik ez duen emakume kopurua inoiz baino handiago da historian: %30.

Beraz, aurreikusi daiteke bakardadearen arazoak gora baino ez duela egingo. Nire aititek esaten dit oso pozik dagoela bere seme-alabak eta bilobak hurbil dituelako. Eta ni ere pozik nago bera nigandik hurbil dudalako. Badakit bera ez dagoen egun horretan txarto sentituko naizela. Baina aldi berean, bere irakaspen eta kontakizunez gozatzea pribilejioa dela niretzat. Espero dut etorkizunean nire bilobek nire irakaspen eta kontakizunez gozatu ahal izatea. Izan ere, zahartzaroko bakardadea ez da kontu makala eta pairatu behar ez izatea espero dut.

 

Bakardade ikusgaitza zahartzaroan