Azokak
Azokak
Lana dela eta Espainia mailako azokak ezagutu ditut azken hilabeteetan (Madrid, Barcelona, Logroño, Alacant). Produktu ekologiko zein moda jasangarriarekin lotuak. Hau esperientzia. Gogorra bezain polita da egin duzun apustuarekiko iritzi zuzena jasotzea. Hamaika aldiz azaldu dut TheModubat.com proiektua, material ekologikoen nondik norakoa eta produkzio prozesuan lan sozialaren garrantzia.
20 urte zein 70etik gorakoekin hizketaldi luzeak izan ditut. Eta ulertu dute estetika kontzienteago baten ispiritua. Batzuek lehengo aldiz entzun duzue diskurtsua ta buruan dabizue guztiz egonkortu ezinik: Nola? Kotoi guztia ez dela ekologikoa? Ez ba!
Harritu nau bereziki (izugarri) artisautza eta ekologia hitzen arteko nahasmenak. Urteetan zehar etxeko produktua goraipatu baitugu, arrazoi guztiarekin. Baina produktu artisaua, dela jakia dela janztekoa, naturala edo eta ekologikoa izatetik urrun egon daiteke gaur. Bi hitzok orain zenbait hamarkada hurbilago egongo zirela suposatuz, arrazoizkoa izan daiteke nahasmena. Baina gaur aldenduak dira, erabat.
Produktu artisauak, sortze prozesuetan erabili dituen materialak edo lehen gaiak kontrolatzen baditu dena du irabazteko. Baina horrek ez du esan nahi produktu artisau oro osasungarriena edo eta egokiena denik norberarendako ezta ingurugiroarendako.
Esperientzia pertsonal hurbilenekoa etxean tindatutako kamiseta batzuen kasu konkretu bat da, ezin produktu kaltegarriagoak erabiliz koloreak fijatzeko. Kaltegarriak gure larruazalerako, eta kaltegarriak isuriko ziren errekarendako. Merkeago bai, eta etxekoa, baina ekologikotik deus.
Pentsatzen dut baratzeko fruitu zein barazkien kasua antzekoa dela, “lurrak onartzen duen oro” izan delako ongarri, fertilizante zein pestiziden erabileraren neurria aurreko hamarkadetan. Eta noski, garaiak eta teknologiak aurrera egin ahala, eta ondorioz trikimailu finagoak sortuta, neurri honek gaur ez digu balio ekologia neurtzeko.
Baina badoaz kontzeptuok argitzen, hauei buruz hitz egin ahala, horregatik elkarbanatu gura nuen hainbeste harritu nauen kontzeptu nahasmena.
Azoketara bueltatuta, jakin jada marka mordoa garela moda modu honetara batu garenak, eta informazio zein produktu ezberdinak dituzuela eskura taila handi, txiki zein sexu ezberdinetarako. Slow Fashion edo eta Sustainable Fashion mugimendu hauek handituz gero bakarrik normalizatu ahal izango dituztela beren prezio zein proposamenak.
Animatu zaitezte bada zuen armairuan sekzio jasangarria irekitzera. Eta sentitu taktua, sentitu egiteko modua. Ezberdindu kontzeptuak.
Ez duzue jantzi hauek erosita mundua salbatuko, baina munduan ikusi nahi duzuen aldaketa jantzi dezakezue.
http://lisa-falzon.com/
mila esker!