Arropa markak euskarazko izenekin

Arropa markak euskarazko izenekin –

Aurreko egunean, derbia eta manifako eguna zela,  Bilboko Kale Nagusi kalean (edo ezagunagoa den Gran Vian) Lefties denda topatu nuen. “Izen arraroa” pentsatu nuen nire golkorako. Izan ere, ingelesez badirudi “baztertutako gauzak” edo “baztertuak” adierazten direla. Baina badira atentzioa eman zidaten hainbat kontu; hasteko, euskarari kartel nagusietan ematen zaion dimentsioa. Inditex taldekoa da, eta ziurrenik euskara ez da bere barnean funtzionatzeko erabiltzen duten hizkuntza. Baina hori bai, seinale nagusiak euskaraz handi-handi agertzen dira (beren webgunea ere euskaraz dago), gaztelania dexente txikiagoa delarik. “Bilbon hau ez da ohikoa” da burura etorri zitzaidana. Baina, tira, bejondeiela, bederen!

Bertako langile gazte gehienek euskaraz aritzeko ez dute arazo handirik, bertatik bertara konprobatu ahal izan nuen bezala. Bestetik, deigarria da zenbat jolas eskaintzen diren umeentzat. Txirrista handi bat dago eta arcade makina joko pilo bat. Bai, 80 eta 90 hamarkadan oso erabiliak ziren horiek: Tetris, comecocos, Sega Sonic, Street Fighter eta beste hainbat joko vintage doan! Baita benetako saskibaloi eta saskiratzeko makina erraldoia, hala nola, musika abesteko kutxa. Egia esan, umez eta nerabez beteta zegoen. Ez dakit arropa erosi edo arratsalde-pasa egitera zihoazen. Baina berez, Lefties arropa saltzeko saltokia da. Arropa oso-oso merkea hori bai. Igual, hori da bere ezaugarri nagusienetako: Inditexen arropa dendarik merkeena da. Primarken mailan dagoela esan genezake.

Pentsa, nerabe jaka bat 10 eurotan. 3 galtzerdi pare 3 eurotan. Merke, ezta? Merkeegi eta hirugarren munduko langileez profitatuz lortzen duten prezio lotsagabea?  Ez dakit, edonola ere, kalitate handikoak diren, ezetz uste dut eta ezetz esan didate. Baina tira, umeak badira eta etengabe “arropa apurtzen eta aldatzen dagoenarentzat alternatiba ona izan leike” pentsatu nuen nire barrenean. 

Egilea: Patricia Echevarria

Nik pertsonalki, nahiago kalitate handiagoko arropa. Zein arroparekin joaten zara? Ba ez naiz Inditex-ekoa hain zuzen. Ez Zara, ez Springfield, ez Pull&Bear, ez horietako asko… nahiz eta onartu behar dut noiz edo noiz erosi dudala Inditex ahalguztidunaren dendaren batean, ze pilo ditu. “Zara”… hala ere izen bitxia da, euskaraz hainbeste erabiltzen den aditz hori, hain zuzen.

Kirol arropari dagokionez, kaleetan afrikarrek futbol talde ospetsuen kamisetak kalean saltzen dituzte legez kanpo -faltsuak dira eta  ez kalitate onekoak,  baina itxuraz imitazio onak-, baina nik nahiago dut Legea bete eta Legea marka eraman, nahiz eta hain ezaguna ez izan. Horrekin ez nago Errea, momentuz nik ondo joan gure dut eta kitto. Onddo eta punto, markak dioen bezala.

Lagun bati galdetu bere jertseari buruz eta harek “Shein” dela esan zidanean, nik txantxetan “Zein?” Berak “Shein” eta nik berriro “Zein”? 

Beno, eta beste muturrera joanez, orain Athletic eta hainbat talde Castore marka britainiarrak janzten ditu. Antzeko izena eduki arren, ez du zerikusirik euskal kiroleko beste markarekin, alegia, Astorerekin. Agian ez dakizu “aztore” bat txori harrapari bat dela, Astoreren logotipoan agertzen denaren antzekoa. Imajinatzen dut izena nahita jarri ziotela, baina… ortografia akatsarekin?

Azkenik euskal marka den Ternua outfita jantzi eta banoa mendira Loreak Mendian bilatzera eta biltzera. Benetazko eguzkilore lore mitiko bat topatuko ote dut?

Arropa markak euskarazko izenekin