Amestutako asmakizuna
Eguna iritsi arte estu eta larri ibili nintzen; esneak irakin eta gainezka egin zidan, haize korrontearekin sukaldeko atearen kristala puskatu zitzaidan… kalamidadeak bata bestearen atzean.
Gau hartan nekez lokartu nintzela akordatzen naiz: izarrei begira nengoen; bizilagunaren amorruaren danbatekoek sumintzen ninduten, izarrak zenbatzen hasia nengonen, baita arditxo jauzilariak ere… baina baita zera ere, begiak bildu ezin!
Halako batean, ordea, lozorro gozo batek harrapatu ninduen. Ametsetan, laino urdin batetik amona mantagorri bat ateratzen ikusi nuen, eta gainean, jakina, iratxo bat.
– Kaixo, Irati-eta burua makurtu zuen nire aurrean.
– Iepa-nik erantzun.
– Proba batekin natorkizu. Erantzuteko gertu al zaude?
Nire baiezkoaren ondotik, iratxoak asmakizuna kontatzeari ekin zion.
– Ekialdeko herri ezkutu eta xarmangarri batean Usrim izeneko gobernadore zintzo eta zuhur bat bizi zen. Usrim honek behin bidaia egitea pentsatu zuen, mundu guztian zehar, gauza, ohitura eta jende desberdinak ezagutzearren. Baina abiatu aurretik, herria gauez zaintzen zuen zaindariak hitz egiteko baimena eskatu eta horrela esan zion: “Gobernadore jauna, azken gau hauetan, herria zaintzen ari nintzela, amets bat errepikatu izan zait behin eta berriro. Ametsetan bidaia egiten ikusi zaitut, baina bigarren egunean lapurreta bat ikusi dut, eta bertan bihotza erdiz erdi zulatzen dizun gezi bat ere bai… Horrexegatik etorri natzaizu, guzti hori beteko den beldur naizelako”.
Usrim gobernadorea zalantzati geratu zen eta badaezpada ere, bere ordezko bat bidali zuen, hamar soldaduk babestua. Handik egun gutxitara mezulari bat etorri zitzaion gobernadorearengana eta lapurreta baten berri eman zion, hala nola, bere ordezkoa gezi traidore batek akabatu zuela. Jarraian, Usrim gobernadoreak lapurretaren ametsa izan zuen zaindaria etorrarazi zuen eta hurrengoa adierazi:
– Ene zaintzaile fidela, bizitza salbatu didazunez, boltsa bete urre emango dizut, baina hemendik aurrera ez zaitut enekin nahi. Beraz, herria lehenbailehen utz dezazula agintzen dizut.
Zaintzailea negarrez eta sumindurik utzi behar izan zuen herri ezkutu eta xarmangarri hura.
Eta iratxoak modu honetan bukatu zuen kontaketa:
– Honaino asmakizuna, Irati. Orain zuk asmatu behar duzu zer dela eta bidali zuen Usrim gobernadoreak bera salbatu zuen zaindaria. Horretarako aste beteko epea duzu.
Iratxoaren azken hitzen oihartzunarekin iratzarri nintzen eta seguru nago ametsetako zaindari hura bezain harrituta nengoela. Gaua beltz-beltza zen, nire gogoa bezala, eta kostata ikusten nintuen, bai gelako izarrak, bai asmakizunaren soluzioa ere. Ohean jira eta bira hasi nintzen, baina ezin ezer asmatu! Hala ere, proba asmatu behar nuen kosta ahala kosta.
Nik beste asmakizun asko banekizkien. Banekien, esaterako, gero eta handiago izan arren, zer den gero eta gutxiago entzuten dena (isiltasuna). Baina gobernadoreak zergatik kanporatu zuen zaindaria… hori beste upeleko sagardoa zen.
Azken gauean, azken minututan, behin eta berriro errepasatu nituen datu guztiak: gobernadorea, bidaia, zaindariaren amets salbatzailea, lapurreta, ordezkoa eta hilketa. Eta zaindaria imajinatu nuen, gauero bezala herria zaintzen, gero eta urduriago nintzela. Orduantxe, epea amaitzear zegoela, txak!! Ulertu nuen gobernadorearen erabakia.
Zuk ere, ene irakurle hori, ona heldu bazara… zeure buruari galdezka ibiliko zara. Bada, kasu honetan ekainaren 30 arte duzu pentsatzeko. Zergatiren bat bururatuz gero, idatzi behean.
Eta irakurri duzun artikulu hau ZuZeuko irabazle suertatuz gero, sariaren 20€ zuri emateko hitz ematen dut. Hala izanik, iratxo bihurtu naiz eta orain zu zara buruari eragin beharko diona. Animo, aurrera!
Zaindaria komplizea da,esta azken momentuan damutu da
Nik uste dut gobernadoreak nahi zuela zen bere bizitza beldurrik gabe bizitzea. Gertatu behar diren gauzak, gerta daitezela. Ez du bere patua aldatu nahi.
Nire ustez gobernadoreak ez du nahi profecía txarrak botatzen duen norbait egotea bere ondoan. Profecía autocumplida teoria ez du nahi.
Nire uztean, erregea ez du nahi zorra ez ekonomikoki, ez pertsonalki edukitzea zaindariarekin. Horregatik ordaintzen dio eta kanporatu, ez egoteko zor pertsonal horren menpe.
Zaindariak badaki gobernadorea zuhurra eta zintzoa dela, eta horretaz, aprobetzatu nahi du.
Zaindaria hilketan inplikatuta dago. Gobernadorea zuhurra denez, zaindariak badaki ordezko bat bidaliko duela. Zintzoa denez, zaindariak badaki ere errekonpentsa emango diola. Jokaldia berak uste bezala ateratzen zaio.
zaindaria oso pertsona ona zan paina pixka bat alperra… lanorduak ametsetan pasatzen bazituen ezin herrixka zaindu karkar kar kar!