Abortuaren alde eta aurka nago

Abortuaren alde eta aurka nago – 

Duela gutxi webgune honetan abortuaren gaia agertu da, Paul Gastañetaren eskutik. Gai eztabaidagarria da, artikuluak zioen bezala (eztabaida ezabatzeak antzinako garaietara garama). Horren inguruan hausnarketa egin ondotik, hona hemen nire idazkia.

Haurdunaldiaren abortua herrialde batzuetan baimenduta dago eta beste batzuetan ez. Betidanik eztabaida handia egon da honen inguruan. Herrialde garatu gehienetan abortua egiteko askatasun handia dago eta doakoa ere bada osasun sistema publiko askotan.

Askotan, abortuaren alde edo aurka egotea planteatzen da, erdibiderik gabe. Baina abortatzea arrazoi askorengatik eman daiteke. Kasu batzuetan, amaren bizitza arriskuan egon daiteke haurdunaldian eta abortua irtenbide bakarra da. Beste kasu batzuetan, bikoteak umea  izan  nahi du, baina fetoak malformazio edo gaixotasun bat dauka. Horregatik, umea osasuntsu jaioko ez bada edo zailtasun handiak izango baditu, ez edukitze aukera bat izan beharko litzateke. Gainera, gaixotasun askok oso tratamendu garestia behar dute, eta familia gehienek ezin dute tratamendu horri aurre egin.

Emakume batek bere semea eduki nahi ez izateko, bortxaketa sufritu izatea beste arrazoi potentea da.

Laburbilduz, abortatzeko eskubidea arrazoi hauengatik gerta daiteke:

  • Amaren bizitza arriskuan.
  • Fetoaren malformazio edo gaixotasun.
  • Bortxaketa
  • Amaren egoera psikologiko, sentimental edo ekonomikoa.

Abortua=izaki bizidun baten hilketa

Zalantzagarria da umeki edo fetoa gizatiarra den edo ez, baina zalantzarik ez dena da, izaki bizidun bat dela. Ernalkuntza ematen den momentutik izaki biziduna da. Lehen egunetan zelula mikroskopikoa bada ere, aste gutxitan gizaki itxura hartzen du. Horrek, hain zuzen, abortua eskubide bat dela, besterik gabe baieztatzea, zalantzak sortzen ditu. Alegia, emakumearen eskubideak gizaki itxura duen izaki horren aurka talka egiten du. Bigarrenak, gainera ez du defendatzeko inolako aukerarik. Haurdunaldiaren abortua izaki baten hilketa dela inork ezin du ukatu. Amak hala erabakitzen badu, akabo fetoaren ibilbidea. Eta zein da eskubide garrantzitsuago, abortu eskubidea edo bizitza eskubidea?

Badira, gainera, abortuaren harira sortzen diren galdera gehiago. Adibidez, zer gertatzen da aitak umea eduki nahi badu eta amak zalantzak baditu? Agian, haurdunaldiaz jabetzen direnean, gizon eta emakumearen arteko harremana kili-kolo dabil. Ideala da, ume bat edukitzean, aitak eta amak harreman ahalik eta onena eduki dezaten. Harreman zalantzagarria bada, errazena abortura jotzea da. Baina, berriro ere, horrek etorkizuneko gizaki baten bizitzeko eskubidearekin talka egiten du.

Beste galdera bat: Jaiotza tasa baxuaren aurrean eta demografia gainbehera dugula, ez al litzateke haurdunaldi osasuntsuei alternatiba bat eskaini behar?

Krisialdi demografikoa dugu. Munduko jaiotza tasa baxuenetakoa dugu eta gobernuek laguntzak ematen dituzte jaiotza tasa handitzen saiatzeko. Baina laguntza horiek alferrikakoak dira. Beraz, ahal den neurrian haurdunei ez al litzaieke lagundu beharko, abortuaren alternatiba eskaintze aldera?

Onargarria ez dena, hauxe da: abortua antisorgailu moduan erabiltzea. Hainbat alternatiba daude, ernalketa saihesteko. Horregatik, abortuak azken alternatiba gisa erabili behar dira.

Ezin ahaztu, abortua traumatikoa da emakumearentzat, bai fisikoki, bai psikologikoki. Zenbat eta haurdunaldi luzeago, orduan eta traumatikoagoa. Abortua azken aukera izan behar da. 

Sexu heziketa eta antisorgailuen erabilera egokia bultzatu behar da; helburua izan beharko litzateke abortua emakumeek jasan behar ez izatea.

Abortuaren alde eta aurka nago

4 pentsamendu “Abortuaren alde eta aurka nago”-ri buruz

  • Kaixo Sofia. Bikaina iruditu zait zure iruzkin hau, ñabardura batekin; ene izena ez da Paul, Aitor baizik, baina gustura hartuko dut hemen ibiltzeko ezizen, Gastañeta ere ez baita nire abizena, hemendik darabildan “Castañeda”-ren itzulpena baizik 😉

    Agitz ez lutzatzeko, hona hemen botatzen dizkizudan ideia batzuk, ari bezala, zure 2 paragrafoen arabera (gainontzekoekin, erabat ados):

    3. par.: Pertsona bat mundura gaizki etorriko dela ziurtatzeak (malformazio, gaixotasuna…), ez liguke jada jaio garenoi bere bizitza eteteko eskubiderik eman behar.

    Pertsona baten bizitzak zentzua dauka, ezintasunekin ere. Zertan ari gara bestela, Telmo Iruretari txaloka? Meritudun gizona, edo bere gurasoek abortatzeko ausardirik izan ez zuen kasualitate txarra?

    Tratamenduetarako estatu soziala daukagu. Behar bezain soziala ez bada, horra beste gogoeta berri bat, zertan ari garen gure buruari galdetzeko.

    4. par. Erabat ados bortxaketa edo amarentzako arriskurik badago. Bigarrenean, bi bizitzen artean bakarra gera daitekeelako, ez dago besterik. Lehenean, pertsona batek beste bati egindako indarkeria bere borondatearen kontra. Baina azken horretan ere balegoke jaioberria emateko aukera, agian niretzat etikoago. Hori ere haintzat hartzeko puntua iruditzen zait.

    Segi bizkor!

  • Izugarrizko Castaños daukazu. Eta “h”. Izan daiteke aita “h”bere tokian idazten ez dakien inor?

  • Ikuspegi nahiko zentzuduna, nik hala pentsatzen dut bebai.

  • Uste dut ondo jarri dituzula mahai gainean abortuak dituen aurpegi guztiak, eta gehiengoarekin ados nago, bukaerako hausnarketarekin bereziki. Askotan baitirudi abortatzera animatzen dutela sektore ideologiko askok.

    Fetoa bada izaki biziduna, baina ez dut uste horrek inolako babes berezirik eman beharko liokenik. Ez dugu argumentu bera erabiltzen belarrian bueltaka dugun eltxoa zanpatzean, ezta gel hidroalkoholikoarekin eskuko milioika bakterio eta onddo (izaki bizidunak) desintegratzean ere. Beraz hori ez da fetoa berezi egiten duena, gizaki bat bihurtuko dela jakiteak bai, ordea. Hala ere, etikoki nik ez diot arazorik ikusten feto baten garapena mozteari.
    Bestalde, fetoa eta gaixotasunen eztabaida. Imagina makina bat dugula antisorgailurik gabe larrutan egiten den bakoitzean ernalduko den umea gaixo aterako den edo ez esaten diguna, horrela fetoa hiltzearen faktoreak ez du beste gai hau baldintzatuko. Gaur eginda gaixo aterako bada, eta bihar osasuntsu, berdin zaizu umea noiz ernaldu?
    Bihar ugaltzea erabaki baduzu, eta abortuaren kasuan ez baduzu hain garbi, uste dut benetako zalantza etikoa fetoa hil edo ez hiltzearen artekoa dela zure kasuan.