2100 urteko ekaina

2100 urteko ekaina –

Krisialdi demografikoan dabiltza hainbat herrialde. Bereziki Japonian da nabariena. Jendeak oso ume gutxi izatearen ondorioz, populazioa murrizten ari da. 125 milioitik 70era pasa da. Horregatik, etxebizitza eta bestelako eraikin asko hutsik gelditzen ari dira. Etxebizitza horien prezioak askoz merkeagoak dira, eskaintza eskaria baino askoz handiagoa delako.

Herri asko mamu-herriak dira orain. Hutsik geratu dira. Kasu ugaritan, agure edo atso bat herriko biztanle bakarra da eta familia kiderik ez badu, ahaztuta geratzen dira, hiltzen diren arte. Pertsona hauetako asko urteen ondoren deskubritu dira, erabat momifikatuta, ustelduta edo animaliek janda. Umerik edo familiarik gabe hiltzen diren askoren herentziak gobernuak bereganatzen ditu, baina ez dira gutxi horien bila aritzen direnak.

Gobernuak desesperatuta daude jaiotza tasa igotzeko. Elon Muskek 2023an aurreikusitako krisi demografikoaren ondorioak Japonian dira nabarienak. Baina Japoniako antolaketa zorrotzari esker, nolabait kaosa ekiditu da. Beste herrialdeetan egoera ez  da hain samurra. Etxe hutsak sakeatu egiten dira eta guztiz abandonatuta geratzen dira. Benetako deshazkundeak ekonomiako zenbait arlo hankaz gora jarri ditu.

Benetan beldurgarriak dira leku batzuk. Kasurik onenetan, eraikinak eraitsi dira eta naturak bere tokia hartu du modu leun eta onargarrian.

Pizgarri ekonomikoak ematen dira umeak edukitzearen truke, baina ezin egoera aldatu. Gobernuak erabaki gogor bat hartu du. Emakumeen gorpuak erabiltzen hasi da, umeen “lantegiak” izango balira bezala. Bai, gorpuak idatzi dut eta ez gorputzak. Oraindik inor ez da ausartu bizirik dauden emakumeak umeak edukitzera behartzera. Baina gazte hildako emakumeen gorpuak artifizialki bizirik mantentzen dira, soil-soilik umeak eman ditzaten. 2100 urtean, hori posible da. “Emakume granjak”.

Gaurko teknologiarekin gorpu horiek  urna batzuetan mantentzen dira. Elikagaia eta funtzio eskatologikoak makinen laguntzaz egiten dira. Emakumeei bizirik dauden bitartean, baimena emateko eskatzen zaie. Baina, askoren ustez, legea ez da zorrotz betetzen. Biztanleria galera hain da zorrotza, non edozer egiten da umeak sortzeko. Gizarte distopikoa da nolabait. Gobernuak gainera, laborategietan genetikoki moldatzen ditu obulo eta gizonen haziak, gizaki “hobeak” sortze aldera. Familiei eskaintzen zaizkie, baina programa bereziak sortu dira, guraso falta dagoelako. Duela urte batzuk sinestezina izango litzatekeen egoera da. Baina 2100 urtean gauza harrigarri asko lortu dira. Adimen artifizialak gauza ikaragarriak egiten ditu, baina momentuz ez da gertatu makinen matxinadarik gizakien aurka, nahiz eta ezusteko batzuk jada izan ditugun.

2100 urteko ekaina