2016
2016
2016. Pertsona soil batentzat eternitate bat, unibertsoarentzat ordea, txinparta batek duen indarrean desager daiteken ezer eza. Garrantzitsuak garela pentsa dezakegu, ziztrana osotara zerutik begiratzean. Deigarria da dena dela, nagusitasun guzti hura ez zela deus izango hain txikiak diren partikulengatik ez balitz. Gure jatorria bila dezakegu eta milioika erantzun desberdin azter ditzazkegu. Anitz frogatan oinarritzen dira, sendotasuna bereganatuz, arrazoi bakarra argudiatuz.
Modu berdinean dira burugogorrak fedez ikuspuntu bakarra daukatenak. Nik amaren sabela dut jatorritzat, bertatik ateri arte ez baititut begiak irekiak izan. Begiek ikusten dutena dira nire erlijio eta bihotzak eta arrazoimenak eztabaidatzen dituztenak dira nire onarpenak.
Doña Purificación, hots, nire amona. Pura deitzen dugu. Ez dut munduan ezagutzen emakume jator eta emankorragorik, ziur nago biztanleriaren gehiengoak berdina erran dezakeela haien amonari buruz, kasu soil batzuek ordea izango dute zer ikusirik ez duen iritzia. 80 urte baino gehiago bizirik, begiratzen ausartzen naizenean sekulako amildegia ikusten dut nire bizitzaren ondoan, ez baitut oraindik bere laurdena bizi ere. Bertze aldetik, haren ondoan esertzen naiz, haren gaztaroko eta ama izandako garaitako istorio berdinak entzutera eta galdetzen diot nire buruari, noiz izango duzu txanda bizitzeko Pura? Bere aurpegian ikusi dezaket begirada galdua, galdua bere hitzek osatutako errailetan, iraganera daramatzatenak, baina errailak izanik bihurgune gabekoak.
Berarekin batera noa bagoian, berak leihotik paisaia ikustatzen duen bitartean, ordea ezinezkoa zait paisai horretaz gozatzea nire amonaren erretratuari begira nagoela. Konturatzen naiz orduan bakarrik, paisai horretako bizipen guztiak goitik behera azaltzen dizkidanean bere aurpegian zoriona marrazten dela. Beraz galderak egiten jarraitzen dut, erantzun baten bila ezean, bere irriaren gaztetasunean harrapaturik. Ni baino gazteago ezagutu zuen Francisco, hots, nire aitona. Kiko deitzen dugu. Geroztik elkarrekin daude, onerako eta txarrerako. Lau seme-alaba izan dituzte, lauak hazi dira eta eraiki dute haien familia.
Pura kristaua da, egunean bortz aldiz gutxienez errez egiten dio haren jaungoikoari. Belauniko jarrita dagoela bere fede guztia haren familiarengana iraultzen du, guri bizitza oparoa desiratuz, gu zoriontsu hazi gaitezela ziurtatu nahirik. Gero bazkaltzera gonbidatzen gaitu, egun osoa sukaldatzen pasa eta gero guri otordu ezin hobea eskeiniz eta noski bere etxean hotel batean bagina bezala sentiaraziz. Hurrengo egunean joango garela, garbitzen pasako du eguna eta arratsaldean jasoko du deia bertze ilobarena ea etxera lotara joan daiteken jakitera, bidetik haiekin afaltzeko asmoz. Nire amonak ez du ikasi ezezkorik erraten, agian bere izateko erak agintzen dio edo agian bere fede eta heziketak zerbitzurako kondenatu du bere bizitza osorako.
Aurrekoan bildu ginen eguberritan haren etxean afaltzera. Mahaian ginela elkarrekin xanpaina hurbil genuen biok, masailak gorritu zizkionak kopa husten zuen aldiro. Pasillora joaten ikusi nuen, bertan zegoen belenaren parean bakarrik ezarririk. Entzun egin nion belen horretako protagonistari zenbat maite zuen erraten. Hura izan da nire bizitzan otoitz egin dudan une bakarra, arren zeruan leku ederrena nire amonari gordea izateko.
Kristautasuna edo komunismoa. Dena berdina da, badirudi beti mugatuak bizi garela. Hori erakusten du gure oraingo sistema politikoak. Denek dugu pentsatzeko modu desberdina, baina badirudi pentsatzeko modu bakarrak beti behar duela nagusitu. Ezin dugu ala sistema bat sortu non partidu batek ez duen agintzen, baizik eta beti desadostasun batetik guztion ona bilatzera eramaten gaituen elkar hizketa sorturik, adostasuna aurkitzea. Badirudi oraindik ere bertzeen eskutan uzten dugula gure iritzia, badirudi…
Ze helbururekin jaio gara? Akaso mundura izan gara ekarriak jada gure etorkizuna erabakirik edo egunero burutzen ditugu gure helburu desberdinak? Martak argi du zer den bere bizitzan egin beharrekoa. Marta laburmetrai honetako protagonista dugu, amets saltzailea da. Kalera ateri da bere produktu paregabea saltzera, ordea inork ez dio erosi nahi, iruzurra izango delakoan edo erotzat harturik. Amore emango duela dirudienean orduan bere produktua zorian uzten du opari, amets hura bilatzen duen norbait horrentzat bizigarri, soilik aurkitu nahi duenak daukalako eskuragarri. Marta ezagutzeko aukera ez dut izan, Miriam ezagutzeko zoria izan dut nire bizitzan ordea, bere gizara biziki atxikitzen den emakume gaztea, haren talentu guztia artean esplotatuz, izarretan dir-dir egiten duten ametsak hatzekin ukitzeko sentsazio dituenak.
Horrelako pertsonen fedea dira nire erlijio, badaukatelako haien sentimenduak elkar banatzeko indar hori, eta horrek ematen dit niri fedea nire buruan sinesteko eta nire pentsatzeko era zabaltzeko..
Araurik gabe bizitzea. Errazagoa izango zen araurik gabe bizitzea. Gure arrazoimena gainditzen dituzten argudio edo sentimendu horiek ezagutzea, aztertzea. Mugarik gabe bizitzea, izan ere ametsetara jotzen dugunean indartsu sentitu nahi dugu, hegan egiten ariko ginen moduan eta arrazoia sinplea da, ezin dugu gure burua mugatu, hura hegaka ikusi nahi badugu.
…
Ramuntxo Albistur Carrizo