Zer dago jokoan gaur Madrilen?
Zer dago jokoan gaur Madrilen? –
Beharrezkoa al da trans lege berri bat?
Gaur egun egon badago transexualen eskubideak babesten dituen lege bat indarrean (3/2007); baina badira zalantzarik gabe hobetu beharreko alderdiak, kolektiboaren zaurgarritasuna saihesteko. Hori egin daiteke eta egin behar da gizarte osoari kalterik eragin gabe, eta errealitate materialean oinarrituz.
Lege horien helburuak (guztira 5 dira, haurren eskubideei buruzkoa barne) ez du zerikusirik pertsona transen eskubideekin. “Genero-identitatearen” eta “genero-autodeterminazioaren” kontzeptuak txertatzeko osatu diren legeen multzoa da. PSOEren eta UPren zirriborroak bateratu nahi dira, bata LGTBI legea da eta beste trans legea. Atzean dauden interes ekonomikoak oso boteretsuak dira eta badakigu sistema kapitalista batean hori dela lehena, eta azkena gizartearen interesa.
Despatologizatzea vs. desestigmatizatzea
Madrilgo parlamentuan onartu nahi duten lege berriak genero-autodeterminazioa deritzona ezarriko du (dirudienez, “identitate sexuala” terminoaren bidez, azkenean), eta horrela, sexua erregistroan aldatu ahal izango da inolako ezaugarririk izan gabe edo baldintzarik bete gabe, txosten psikologikorik aurkeztu behar izan gabe eta ebakuntza kirurgikorik egin gabe. Despatologizazioa omen da gakoa.
Doala aldez aurretik oraingo legearen arabera ere ez dela ebakuntzarik egin behar. Buruko beste edozein gaitz ez dagoela egiaztatu behar da eta bi urtean zehar hormonak hartu behar dira transexualitate egoera egonkorra dela ziurtatzeko, nahiz eta azken baldintza hori ez betetzea posible den, medikuek kaltegarria dela baieztatuz gero.
Edozelan, genero-inkongruentzia ezin da despatologizatu. Horrek kalte zuzena egiten baitie pairatzen duten pertsonei. Ondoez bat despatologizatzeak benetan behar duen pertsona arreta medikorik gabe uztea esan nahi du. Orain dena sartzen da “trans” aterkipean, zaurgarritasun guztiak kontuan hartu gabe. Kontrara, gizarte moduan egin behar duguna buruko ondoezak, gorputzekoak bezalaxe, desestigmatizatzea da. Bide batez, nola da posible, aldi berean, despatologizazioa bultzatzea alde batetik, eta bestetik gorputz osasuntsuetan hormonak eta ebakuntzak sustatzea?
Oro har, legezko edozein izapidetarako egoera azaldu eta egiaztatu behar da, hau da, ezkondu ahal izateko ezkongabea zarela egiaztatu behar duzu. Ezintasun bat frogatzeko, auzitegi mediko batera jo behar duzu zure egoera egiaztatzen duten azterketa guztiak egitera. Gizarte-laguntza eskatzeko, gauza bera, milaka paperekin erakutsi behar duzu prekaritate-egoera. Hala ere, lege berriaren helburua da norbanakoak nahi izanez gero, adierazpen hutsaren bitartez, erregistro zibilean sexu-aldaketa bat egin ahal izatea. Banakako sentimenduetan oinarritutako fikzio juridiko bat sortu nahi da, gizarte osoan izango dituen ondorioak ahaztuta.
.
Feminismoaren ikuspegitik zenbait kezka larri
Askotan aipatzen da kezka nagusietako bat erregistroko aldaketak lege-zigorrak saihesteko alibi edo koartada gisa erabiltzea, batez ere genero-indarkeria kasuetan. Baina hori ez da gure kezkarik handiena, espazio ez-mistoen inbasioa baizik, hau da, kartzelak, komunak, aldagelak, tratu txarrak edo sexu-abusuak jasan dituzten emakumeei harrera egiteko zentroak inbaditzea inolako kontrolik gabe. Sexu-abusu edo bortxatzaile bat, bere sexua erregistroan aldatzen duena, emakumeen kartzela batera joango litzateke, eta hori oso kezkagarria eta arriskutsua da. Espainiar estatuan badira emakumeen espetxeetan sartu dituzten sexu-harraparien kasuak, esaterako, Málagan.
Beraz, oro har, lege berria indarrean sartzeak emakumeen (herritarren % 52) eskubideei dagokienez, ekarriko duena benetako babesgabetasuna da, legeetan sexuaren kontzeptu biologikoa desagertuko delako.
Ez gara gizonak eta emakumeak izango, femeninoak edo maskulinoak izango gara, bakoitzak erabakitzen duenaren arabera, eta gure dokumentazio ofizial osoan aldatu ahal izango dugu, nahi adina aldiz, eta inork ezin izango du eskatu aldaketa horri buruzko inolako egiaztapenik, ezta ziurtagiri medikurik ere.
Horrek esan nahi du emakumeak babesten dituzten lege guztiek, babesgabetasuna edota bazterkeria saihesteko edo gaitasun fisiko desberdina izateagatik, emakume gisa identifikatzen den gizonezko orori aplikatu ahal izango zaizkiola. Adibidez, kirola, oposizioak, enpresa-kuotak, kremailera-zerrendak, genero-indarkeriari buruzko legeak, etab.
Bereziki kirolari dagokionez, oso bidegabekeria argia da, genero-autodeterminazioaren legeak aplikatzen diren beste estatu batzuetan jada agerian geratu dena. Biologia ezin da aldatu nahi beste tratamendu hormonal hartuta ere edo emakume sentitzearen sentimendua oso sakona izanda ere. Adibide argi bat jartzearren, birikien gaitasuna edota pertsonaren altuera ez dira aldatuko ez sentimendu hutsagatik, ez hormonak hartzeagatik. AEBetan, zenbait estatutan, beren burua emakumetzat duten pertsonek eskola eta institutuetan emakumeen kiroletan parte hartzea debekatzen ari dira.
Gainera, ez dago “generoa identifikatzeko” adinik, beraz, jaiotzetik aukera izango dugu hori erabakitzeko, hormonatzeko eta geure sentimenduen arabera ebakuntzak egiteko. Era berean, debekatuta egongo da psikologo batek edo mediku batek norbanakoaren erabakiaren irmotasuna eta segurtasuna argitzeko laguntza ematea.
Lege horiek (Haurrak Babesteko Lege Organikoak dagoeneko ezarri du eta) zaintza kendu ahal izango diete gurasoei, adingabearen erabakia onartzen ez badute, umea hormonatzearen aurka edota ebakuntza egitearen aurka azaltzen badira.
Honen guztiaren atzean interes ekonomiko argiak dituzten nazioarteko lobbyak daude, transgenerismoa da XXI. mendeko negozio nagusia. Bizi osorako botikak behar dituzten bezeroak sortzeko asmo argia dago, eta kirurgiak, jakina. Gainera, oraindik esperimentalak diren tratamendu horiek albo-ondorio larriak dituzte, dagoeneko eragiten dituzten ondorio latzenetako batzuk ezagunak dira.
Milaka pertsonak “detrantsizionatu” dute dagoeneko, hau da, trantsizio horretan atzera egin dute, baina industria farmazeutikoaren negozio handiari eta doktrina azientifikoari kalterik egin ez diezaioten, isilpean gordetzen dituzte datu horiek. Redditen, sare sozial batean, 20.000 pertsona baino gehiago daude dagoeneko. Duela aste batzuk jakin genuen Suediako Karolisnka klinikak 16 urtetik beherakoen tratamendu hormonalak edo pubertaro-blokeatzaileak debekatzea erabaki duela, Ingalaterran ere adin txikikoei hormonak emateari mugak jartzen ari dira…
Biribiltzeko, gizatasuna ere kendu nahi digute emakumeoi, sexuan oinarritutako kontzeptuak ezabatuz, hala nola, “ama” edo “emakume” hitzak. Bitxia da lege berriaren zirriborroan maskulinoa erabiltzea, generiko unibertsal gisa; harrigarria da, kontuan hartuta legea Berdintasun Ministeriotik datorrela. Padre eta madre terminoen ordez, “progenitores” erabiltzen du. “Ezkontide haurduna” (cónyuge gestante), emakume haurduna beharrean, “ezkontide ez-haurduna” (cónyuge no gestante)… Emakume lesbiana “pertsona lesbianarekin” ordeztuko da, alargun (viuda) hitzaren ordez, “cónyuge supérstite gestante”. Hauek adibide batzuk baino ez dira.
.
Feminismoa vs (Trans)generismoa
Madrileko kongresuan berriki onartutako (Haurren Babes Osorako Lege Organikoa) edo onartzeke dauden zenbait lege (LGTBI Legea eta Trans Legea deritzotenak, orain uztarturik, bestak beste) “genero-identitatea” eta “genero-autodeterminazioa” kontzeptuak ezarri edota sendotzera datoz. Eragindako polemikaren gako garrantzitsu bat feminismoaren funtsezko bi kontzepturi buruz egiten duten birdefinizioa da: sexua eta generoa. Genero eta sexu identitate askerako eskubidea deritzona eta emakumeak zapaltzen dituzten genero aginduak indargabetzeko borroka bateragarriak al dira?
Bada, ez, erabat bateraezinak dira. Genero-identitatea (orain sexu-identitatea) deritzona gizarteak eta kulturak ezarritako rol sexualei egokitzea (cis) edo ez egokitzea (trans) omen da. Abiapuntu hori feminismoaren ikuspuntutik onartezina da. Feministak emakumeei ezarritako genero-agindu edo rol-sexualen kontra borrokatzen gara. Generoa emakumeak patriarkatuaren mendeko klasera baztertzen dituen inposatutako rol soziala da. Soluzioa generoaren abolizioa da, ez generoen katalogo amaigabe bat sortzea. Genero autodeterminazioaren arazoa sexua eta generoa nahastuz eragiten den nahasmena da. Gogoratu behar da sexua errealitate bilogikoa dela eta ez dela jaiotzean esleitzen, begiratu egiten da, harekin jaiotzen baikara. Ez dago gorputz okerrik, aitzitik, genero-estereotipoak existitzen dira, hau da, sistema patriarkalak emakumeak zapaltzeko erabiltzen dituen rol sozialak.
Feminismoak hiru mende baino gehiagoko historia du. Bere sustraiak Ilustrazioan hazten dira, beraz, errealitatearen analisi materialista batean oinarritzen da. “Trans” pertsonen eskubideak (transexualitatea, transgenerismoa, autoginefilia eta abar nahastu dituen termino berria) “Queer teoriek” menderatzen dituzte azkenaldian. Generismo hori ez da materialista, esentzialista baizik. Bi jarrera antagoniko dira.
Feminismoak ez du ezer transexualen aurka. Baina bere analisi materialistarekiko koherentziagatik, ezin ditu bere baitan onartu gizabanakoaren subjektibotasuna besterik ez diren postulatuak. Beraz, queerismoa feminismoaren aurkakoa da. Feminista erradikalak ez gara transfoboak, “antiqueer” gara, helburu dibergenteak ditugulako. Trans izan daiteke queer izan gabe, postulatu horiekin bat egin gabe, baina kolektiboaren barruan bertan TRUSCUM deitzen diete pertsona horiei, “benetako zaborra”.
Ildo beretik, feminismoa materialista denez, ezin dio desioen eta sentimenduen teoriari jarraitu, eta ezin dio subjektu indibidualaren gorespenari lagundu. Feminismoa “inklusiboa” dela esatea ez dago ondo. Teoria orok bezala, bere ildokoa dena hartuko du eta arrotza zaiona baztertu. Feminismoa ez da munduko kausa guztien ama. Agenda argia du. Planteamendu materialistak onartzen ez badituzu, ez zara feminista. Errealitatea zure ikuspegi legitimotik aztertuko duzu, baina ez zara feminista izango. Mugimendu batekin bat egiten duzunean, haren jatorria, agenda, metodoak ezagutu eta partekatzen dituzu. Feminismoa ordezkatzea da, hain zuzen ere, queer generismoak lortu nahi duena, transaktibismoaren eta LGTBIQ+ kolektiboen bitartez. Jarrera “buenistetan”, akritikoetan edo teoria feministaren ezagutza sakonaren faltan dago errotuta ideologia hori.
Feminismoa marxismoarekin (materialismo historikoa) bat dator eta kapitalismoaren aurkakoa da. Queerismoa, berriz, neoliberalismoarekin lerrokatzen da, subjektuaren goraipamena eta norbanakoaren nahiak baitira ardatz.
Feminismo neoliberala izan ezin den bezala, ezin da existitu feminismo queer bat, edo orain transfeminismoa deritzona. Feminista bazara, ezin zara queer izan. Queer bazara, ezin zara feminista izan. Ezin da materialista eta esentzialista izan aldi berean. Queerismoak feminismoan lekua egin nahi du eta, ezinezkoa denez, transfobia leporatzen zaigu. Transaktibismoa instrumentalizatu du mugimendu feminista zatitzeko. Edozelan, trans eta feminista izan zaitezke, baita feminismoaren subjektu ere, jakina.
Feminismoaren ikuspegitik, transexualen eskubideak bermatzeak ez ditu zertan emakumeak ezabatu, eragiteko tarte handia egon badago emakumearen ezabaketaren eta trans pertsonen eskubideak bermatzearen artean, hain zuzen ere, hortxe egin behar da lan batzuen eta besteen zaurgarritasuna saihesteko.
Zer dago jokoan gaur Madrilen? Zer dago jokoan gaur Madrilen?
Zuzeun transgenerismoak idatzi zuen artikulu batean nire iruzkinak ez ziren publikatu. Ea orain. Inoiz entzun duzue Yogyakarta printzipioek gaizki deituriko genero autodeterminazioa (sexu autodeterminazioa da, NANan sexua jartzen bait du) babesten dutela ta oinarri juridiko internazionala dutela? Ba printzipio hoiek lobby batek idazteaz gain ez dira ratifikatuak izan . Zergatik generoa indartzen dutelako, ta konbenio internazionalek esaten dute generoa kaltegarria dela,ratifikatuak daudenak ta duela hamarkadak jada. CEDAW eskubideak dira,ta zer dira? Emakumeak sexuaren arabera lortu dituzten eskubideak jasaten duten opresio estrukturala ezabatzeko. 1979an onartuak ta 189 estatuk ratifikatu dituztenak. Ta Yogyakartak zuzenean CEDAW eskubideen aurkakoa da. https://feministes.cat/es/blog/la-convencion-para-la-eliminacion-de-todas-las-formas-de-discriminacion-contra-las-mujeres https://elcomun.es/2021/02/10/la-trampa-de-los-principios-de-yogyakarta/
Artikulu honetan adierazten dena: Arazo nagusia da gizonek emakume izatea erabaki ahal dutela.
Eta emakumeen aldeko legeak daude. [Adibidez, kirola, oposizioak, enpresa-kuotak, kremailera-zerrendak, genero-indarkeriari buruzko legeak, etab.] -Alderantziz ez da gertatzen.-
Beraz, non dago hainbeste kakareatzen den “heteropatriarkatua” eta estatuak emakumea zapaltzen duen ideia?
Emakumeak gizonak baino abantaila gehiago dute lege aldetik. Baina biktimismo handia dago.
Ideiak-i:
Logika huts-hutsez, patriarkatu edo zapalkuntzarik ez badago, nolatan identifikatu duzu horren ongi “kremailera-zerrenda legeak” emakumeen aldekoak direla?
Kremailera zerrendak emakumeak %50ean egon daitezen dira. Adibidez, hauteskundeetan, hautagaien zerrenda.
Baina gizon gutxi dauden lanpostuetan: adibidez osasungintzan (medikuak, erizainak…), hezkuntzan edo administrazioko bulegari lanetan… ez da ezer egiten gizon gehiago egon daitezen.
Hortxe erantzuna.
Oso ongi dakit zer diren kremailera legeak. Besterik gabe, logika hutsetik, zapalkuntzarik edo patriarkaturik ez balego, hautagaien %50a emakumeak izatea logikoa eta naturala litzateke. Zapalkuntzarik ez badago, emakumeak populazioaren %50 izanda, zergatik ez dira hautagai politikoen %50?
Gainontzean, erantzun bezala lanpostuak aipatzen dizkidazu, baina kremailera legea ez dago lanpostuei begira, parte hartze politikoari begira baizik. Ingeniari gizon bakoitzeko emakumezko bat kontratatzera behartuta daude enpresak? Enfin, nahi duzun bezala segi nahasten eztabaidak.
Eskertzekoa da EHFE bezalako euskal plataforma bat behintzat existitzea. Horrelako legeria burubakoen kontra apenas entzuten da ahots kritikorik euskal hedabideetan, nahiz eta egon, badauden.
Zaila da pentsaera hori osorik kritikatzea artikulu bakarrean, zeren hainbeste baitira ikutu beharreko gaiak, iturri fidagarriez kontrastatu beharreko informazioa, bota beharreko harresi konformista progre hori…
Izan ere, nahiko gauza berria gertatzen ari da: “Genero-autodeterminazio” eta queer eskolako hizkera-mordoiloaren aurrean, oposizio antolatua ez dator hainbeste betiko sektore eskuinzaleetatik, baizik eta ezkerretik, pentsamendu laiko eta arrazionalistatik, akademialari feminista ospetsuengandik, baita jende homosexual eta transexual batzuren aldetik ere.
Bilatu informazioa, kontrastatu eta atera itzazue ondorioak.