Zazpi esaldi feminismoaren ezjakinak eta aurkakoak erraz detektatzeko

Zazpi esaldi feminismoaren ezjakinak eta aurkakoak erraz detektatzeko –

Amelia Barquinek Kinka blogean.

“Iranera bidaliko nituzke nik”.
Zazpi esaldi feminismoaren ezjakinak eta aurkakoak erraz detektatzeko

Zure aurrean dago pertsona hori, apur bat ozen esaten dizuna, zuri, berak ez duela feminismorik behar. Gizona izan daiteke, emakumea ere bai… Bere burua ezkertiartzat ere har dezake. Edozein dela ere, berak gauza batzuk badakizki jada, zuk baino dezente gehiago. Zu abiatzen zarenean, bera bueltan dator. Eta orduan honelako esaldi bat botatzen dizu, ederki ahalmenduta bera:

-“Ni ez naiz feminista ez matxista. [Eta ondoren honelako zerbait:] Ni pertsona naiz / Ni berdinzalea naiz eta kito / Ni berdintasunaren alde nago / Nik ama bat daukat, alaba bat daukat, emakumezko lagun asko dauzkat…”

-“Denaren errudunak amak dira, benetan. Haiek daukate errua ez dituztelako semeak ondo hezi”.

-“Emakumeak dira okerrenak beste emakumeekin. Ez gizonak, ez: emakumeak beraien artean”.

-“Bortizkeriak ez dauka generorik. Emakumeak ere bortitzak dira. Gizonak bezain bortitzak edo are gehiago, psikologikoki”.

-“Gaur egun emakumeek nahi duten guztia egiten dute jada. Batez ere neska gazteek, ikusi besterik ez dago. Beraz, ez dezagun esajeratu, mesedez”.

-“Emakumeak ederto moldatzen dira, aizu. Manipulatzeko gaitasun handia dute eta soberan dakite gizonak maneiatzen. Gizonak sinpleagoak dira (gizajoak), eta emakumeek errez engainatzen dituzte haiek nahi dutena lortzeko (sorgin halakoak)”.

-“Hemengo feministak Iranen edo Afganistanen ikusi nahiko nituzke nik, indarkeria benetan zer den ikas zezaten”.

-[Jarri hemen zuk ezagutzen duzun edozein esaldi].

Aber, sotil-sotilak ez dira adierazpenok, egiten dituztenek baietz pentsatu arren. Izan ere, zuk ez duzu azalpen hau behar erresistente bat detektatzeko, baina badaezpada.

Zazpi esaldi feminismoaren ezjakinak eta aurkakoak erraz detektatzekoPosible da pertsona horrek esaldietako bakar bat esatea… edo bi, hiru, edo gehiago kateatzea, bata bestearen ondoren. Bilduma mugatua da, lau gauzatxo, eta behin eta berriro erabiltzen dira lelo berberak. Eta zertarako? Nagusiki igorleak erakusteko bera ez dela esanekoa, irizpide propioak dituela, eta boladan dagoen feminismoari eta woke kultura guztiari muzin egiteko gauza dela, ez zu bezala, artaldeko ardi hori. Benetan mainstreama bere jarrera ez balitz bezala.

Tira, horrela adierazten direnek autopertzepzio biziki eskuzabala daukate askotan. Ez dira kontziente agerian gelditzen dena haien ezjakintasunaren tamaina dela. Pentsa dezagun, gainera, esaldiok ez datozela lagunduta intonazio neutro batekin, erretxin eta ozpinarekin batera baizik. Tonua eta gorputz hizkuntza asertibo eta are agresiboak nabarmenak dira maiz: ez dituzte adierazpen horiek egiten zurekin elkarrizketan sartzeko, baizik eta haien jarrera ideologikoa zuri argi uzteko, eta merezi duzun lezioa emateko.

.

Zer egin halakoekin? (Arnasa sakon hartzeaz gain ?)

Hori jakin nahi nuke nik. Ahal duzuna, laztana. Esaldi horiek gertuko senideei entzungo dizkiezu, kuadrillako lagun batzuei, lankide batzuei, dendari eta bezero batzuei, bizilagun batzuei… Zuk ikusi ea pedagogia erabili nahi duzun eta noraino. Ala umorea, ironia, sarkasmoa… Ala desadostasuna adierazi eta listo. Ala haserrea. Ala ez-entzunarena egin. Pertsonaren eta testuinguruaren arabera, ezta?

Hurbiltzen diren otordu festibo-kolektiboei begira, zer esango dizut… Eutsi goiari, lagun!

Eta, kasualitatez, zeu baldin bazara esaldi horiek botatzen dituena, aizu, inoiz ez da berandu zeozer ikasteko. Apur bat irakurtzeak, feministak arretaz entzuteak, kultur produktu feministak ezagutzeak… horrek guztiak ez dio inori kalterik egiten. Ausartu zaitez!

.

*Argazkia: Pixabay

Zazpi esaldi feminismoaren ezjakinak eta aurkakoak erraz detektatzeko

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

3 pentsamendu “Zazpi esaldi feminismoaren ezjakinak eta aurkakoak erraz detektatzeko”-ri buruz

  • Ideiarik ere ez 2023-01-02 21:19

    Artikuluaren laburpena:
    Feminismoaren aurkako argudioei aurre egiteko esan behar duzuna da… ez dut p##ta ideiarik.

  • Osea, zuk dakizu zer den zuzena eta zer ez. Zure iritzia da zuzen dagoena, era horretako pentsamendua daukana erabat nahastuta dago…
    Benetan, aluzinantea. Zu zara egiaren jabe. Besteok noraezean gabiltzan errariak…ez zait normala iruditzen

  • Benetan oso HUMANOA (eta patetikoa) da “(nire) genero (aren) ikuspegia” inposatzeko saiatze hau, baina honezkero enpagua eragiten du. Noiz arte sexismoa errotik sustatzen duten postak Zuzeun?