Zaintzaileak zaintzea
Zaintzaileak zaintzea –
Alaitz Argandoña Oteizak Bizkaiko Hitzan.
Begi-bistakoa da pandemian agerian geratu zela osasunaren eta zainketen garrantzia. Horregatik, garrantzitsua da gizarte gisa osasuna eta zaintza sistema publiko eta kalitatezkoa aldarrikatzea.
Jakina da zaintzea ezinbesteko jarduera dela bizirauteko. Gizateria existitzen denetik, zaintza garrantzitsua izan da, eta funtsezko funtzioa izan da pertsonak eta taldeak biziarazten dituzten jarduera guztiak sustatzeko eta garatzeko.
Baina zaintzaz hitz egiten dugunean, ia beti pertsonen ongizate fisikoa eta emozionala sortzeko balio duten zereginen multzoaz ari gara, normalean intimitate zirkuituetan eta etxekoen unitateen esparruan gertatzen direlako. Baina etxeko eremuaren erantzukizuna izan behar du? Nik ezetz uste dut. Erakundeek bermatu behar dute pertsona guztiek dutela kalitatezko zaintza publikoak jasotzeko aukera. Azken finean, zaintza oinarrizko eskubidea bat da, ondasun publikoa, eta pertsona guztien beharra bizi zikloaren uneren batean.
Bizi dugun gizarte patriarkalaren barruan, funtsezko eta ezinbesteko lan hori emakumeak hartu du bere gain, ama, errain, emazte, arreba, alaba, etxeko langile edo auzokide gisa. Mendekotasuna duten pertsonak, gaixoak, haurrak eta abar zaintzeko funtzio hori beren generoari datxekiola ikusten zen.
Iritzi hau aldatzeko aurrerapausoak ematen ari dira, baina, oraindik, zaintza gutxi baloratzen den funtzio bat da; bigarren mailako lanbidetzat hartzen da. Hau dela eta, lan hori egiten duten emakumeek —etxeko langileek, egoitzetako zaintzaileek, garbitzaileek…— lan baldintza prekarioak eta lan karga handiak jasaten dituzte erakundeek eta familiek betetzen ez dituzten beharrei aurre egiteko. Adibidez, etxeko langileen elkarteak salatu du barneko langileen erdiek baino gehiagok ez dutela deskantsatzen. Gehienek hamar ordu baino gutxiagoko atsedena hartzen dute, eta hori ez da bidezkoa, ezta legala ere ez. Beraz, eskatzen dute Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak behingoz kontrola dezatela emakume langileen lan osasuna.
Horri gehitu behar zaio familietan egoera hori errepikatu egiten dela, emakumeek lanaldi bikoitzak jasaten dituzte zaintza-zerbitzu publiko urriak eta prekarioak ordezteko.
Aurten, mugimendu feministak Martxoak 8 baliatuko du egoera hori salatzeko, eginkizun hori aldarrikatzeko eta neurri zehatzak eskatzeko. Argi dute ez dela onartuko —Osakidetzan bezala— sektorean digitalizazio handiagoa izatea konponbidea. Erakundeek ikuspegi komunitario abstraktu bat saltzeari aurre egingo diote, non zaintzak feminizatu eta ohitu egingo diren.
Pandemiak lehentasunak ezartzeko aukera ekarri du, eta argi dago osasungintzak eta zainketek zerrendaren lehengo postuetan egon beharko luketela. Horregatik, osasungintza eta zaintza publiko eta duinaren aldeko ospatuko diren mobilizazioetara parte hartzera ezinbestekoa bihurtu da.
Zaintzaileak zaintzea