Zaintza erdian

Zaintza erdian –

Pandemiaren kudeaketa desegokiari aurre egiteko askatasun indibidualak baizik ez aldarrikatzea, ez ote da ahulegia, batez ere eskuin-muturrak antzeko baldin badio? Feminismoak zaintzaren gaia erdian jartzen du, abiapuntu aberatsagoa emanik.

Zaintza erdian
Arg: ARGIA

2019an, pandemia eta nahasmen guzi hori hasi aintzin, zaintza aipatzen zen jadanik, edo hobe erranta, hain garrantzitsua den eta hain guti estimatua izan ohi den zaintza aipatzen hasten zen, batez ere Euskal Herrian izandako borroka sozial garrantzitsuetarik baten ondorioz: Bizkaiko pertsona helduen egoitzen langileen borrokak, urtebete baino gehiago iraun zuena. Borroka hori zaintza lehen planora ekartzeko parada izan zen, eta hortaz liburu bat atera zuen Onintza Irureta ARGIAko kazetariak. Horren aintzin-solasean Irantzu Varelak hori azpimarratzen zuen: langile borrokaren epikak ez du zuzen jokatu lan-indarra erditzen zutenekin, lan-indarra elikatzen eta zaintzen zutenekin, haien lanaren bidez lan-indarra ez zela agortuko bermatzen zutenekin. Lan hori, inork, ezta emakumeek ere, ez zuten lantzat. Kapitalismoak hori gabe ezingo luke iraun, ezta giza espezieak ere, egiazki behar-beharrezkoa den lan bakarra zaintza baita. Zaintza emakumeei kapitalismoak ezarri digun lana da, eta gure lan-indarra gaizki ordaintzeko duintasunik ere ez du izan. Maitasunagatik, erruagatik, ohituragatik, behar gorriagatik, zaintzera derrigortu gaitu, jomugan jar ez gaitzaten edo hil ez gaitzaten.

Interdependentzia ulertu ala ez

Eztabaida hauek espazio pixkat gehiago lortu eta hilabete gutira, hasi zen SARS-CoV2 pandemia. Zaintzaren garrantzia ulertzeko sekulako parada izan behar zena, baikorra izanik. 2020ko udaberrian, Berria egunkariak 30 laguni galdetu zigun nola pandemia honek mundua aldatzen ahalko zuen. Galdera horri zera erantzun nion: Ulertuko ote dugu zer erran nahi duen interdependentzian egotea, hori da birus honen ondorioz datorkigun galdera nagusia. […] ez gara bakoitza burbuila hermetiko batean bizi. Nire ondokoa ni bizi naizen mundu berean bizi da. Nire osasunari kaltetzen ahal dion birus bera harrapatu eta zabaldu dezake. Nire ondokoa egoera larrian uzten badut, horren ondorioak nik ere zuzen pairatu ditzaket. Eskala ttikian errexagoa da ulertzea: nere familia, lagunak, auzolaneko kideak… Pentsatu beharrik gabe axola zait horiek denak ondo egotea. Zirkulu zabalagoetan begirada hori izanen ote dugun, planeta mailara iritsi arte, horren arabera, pandemiak mundua aldatuko du, edo ez.
Lehen konfinamenduan, zailtasun materialak eta polizia kontrol gehiegikerietaz aparte, baziren esperantza haundiak ere, 2020ko martxoa eta apirileko egun ixil haietan, kamioi zarata gutiago eta xori kanta gehiago entzuten ziren goiz eguzkitsu haietan. Mundu mailako arazo bat pairatzen ari ginen, natura gehiegi ustiatzen ginueneko seinalea zen birus berri hori, eta askoren hitzetan orduan bai aldatuko ginuen dena, ordutik goiti gauzak ezberdinak izan beharko ziren, eta gehiago eta hobe elkar zaintzen hasiko ginen, ekosistemak ere hobe zaintzen hasiko ginen bezala.

Usteldu den giroa

Gaur zertan gauden ikusirik, bestondo edo ajea sentsazioa ematen ahal digu. Nekadura, anormaltasun sentsazio desatsegina, gehiegi tragatu dugun eta usteltzen joan den giro baten ondorioa. “Geroko” mundua, mundu berria, mundu hobea, ez da bakarrik agertuko aski kartsuki amesten badugu, baizik eta antolaketa sendo eta lan askoren ondorioz.

Gaur iduri du elkartasun asmo eder horiek galdu direla bidean nunbait, eta indibidualismoa inoiz baino indartsuago ateratzen ari dela. Gobernuen kudeaketa txarra, gaizki egindakoaren aitortza eza, ministro ohi baten auziperatzea eskandalutzat hartzea, barkamenak publikoki eskatu ezta pentsatu ere, eta erantzun polizialak nagusi, hau dena atomizatzen ari zen gizartea are gehiago zatitzen ari da. Eta honen parean, haien burua erresistentziatzat duten batzuk, aldarrikapen indibualistak baizik ez jaurti: nere askatasuna, nere eskubideak, ni, ni eta berriz ni. Hori aski ilun ez balitz bezala, aldarrikapen horiekiko bertze arazo potoloa da eskuin muturrarekin duten distantzia-eza, edo eskuin-muturrarekiko muga garbirik ez egotea. Batzuk diote eskuin muturraren presentziak ez duela kentzen askatasuna aldarrikatzeko premia, eta “pass” sanitarioaren gehiegikerien aurka eskuin muturra egoteak ere, ez duela kentzen gehiegikeriak direla eta honen aurka egon beharra, baita borroka hori ez zaiola eskuin muturrari utzi behar ere.

Oinarrizko galderak

Baina eskuin muturra manifestazio horietan egotea, nola seinale txartzat ez hartu? Ez ote da huts larri baten seinale? Eskuin muturra aski urrun atxikiko lukeen eduki eskasaren seinalea alegia. Eduki horrek zaintzarekin zerikusia du. Askatasun pertsonalak bakarrik aldarrikatu baino, irudikatu dezagun manifestazio horiek zaintza erdian ezarriko luketeela – borroka feministak egiten duen bezala –, prebentziorako baliabideak eskatuz, hauskortasuna eta interdependentzia oroitaraziz, auzolana eta mundu mailako elkartasuna aldarrikatuz, hala izanik zenbat eskuin-muturtar egonen lirateke holako manifestaldietan? Eskuin muturra betidanik saiatu da haserreak bereganatzen eta bere agendara bideratzen, baina feminismoari alergia dio. Feminismoak berdintasuna nahi duelako, oinarrizko galderak altxatzen dituelako, eta loturak egiten dituelako itxura ezberdineko ustiapenen artean: emakumeen zaintza lana, baliabide naturalak, herrialde behartsuak, arrazakeri sistemikoa…

Pandemia bera zaintza erdian jartzeko parada galdua izan bada ere, “geroko” mundua eraikitzeko oinarriak feministak izan daitezen bederen ez dezagun parada galdu.

Nikolas Goñi

Zaintza erdian Zaintza erdian Zaintza erdian Zaintza erdian

Ikertzailea, Bizi!ko kidea, baratzezaina eta irrati kronikalaria