Urrezko hirukia 2023: Lesbiana Feministen I. Jardunaldiak
Urrezko hirukia 2023 –
Ehgam-ek urtero banatzen duen Urrezko Hirukia banatuko dugu orain. Nabarmentzekoa iruditzen zaigun ekimen edo pertsonaren baten lana aitortzeko banatzen da Hirukia. Dena dela, ez dugu nahi aurtengoa Ehgam-en kontu bat izatea, Bollotopaketen baitako omenaldi kolektibo bat izatea nahi dugu.
Iaz 40 urte bete ziren Euskadiko Lesbiana Feministen I. Jardunaldiak egin zirenetik. Hori dela eta, Urrezko Hirukia jardunaldi haiei eta haien antolaketan eta bertan parte hartzen ibili zirenei ematea erabaki genuen (eta oro har, hasiera haietan bidea ireki, eta antolatu ziren lesbiana feminista guztiei). Eta pentsatu genuen ederra izango litzatekeela saria emateko ekitaldia Bollotopaketetan egitea, eta zerbait zabalagoa bihurtzea. Horregatik atzeratu genuen sari-ematea iaztik hona.
Inportantea iruditzen zaigu 40. urteurrena eta Bollotopaketak baliatzea lesbiana feministek egin duten lana aitortzeko eta eskertzeko.
250 lesbiana inguru elkartu ziren 1983an Zamalbiden (Orereta-Errenteria) egin ziren jardunaldietan, Mugimendu Feministako eta EHGAMeko kide lesbianek antolatuta. Hainbat gogoetaren ondoren, lesbianak euren kabuz antolatzeko beharra gailendu zen, eta Lesbiana Feministen Kolektiboak sortu ziren apurka-apurka, hainbat urtez erreferente izan zirenak. Horrez gainera, betidanik egon dira mugimendu feministarekiko elkarlan eta harreman estuak, baita mugimendu feministaren baitako dinamikak ere.
Sexu askapen mugimenduaren memoria egitea ezinbestekoa iruditzen zaigu, Euskal Herrian izan duen historia jasotzea eta ezagutzea. Eta memoria egiteko orduan ezinbestekoa da lesbiana feministek egin zuten bideari erreparatzea eta aitortzea, eta gogoeta egitea kolektibo barruan egon den matxismoaz ere. Horrela, nahikoa aitortu ez den lanari dagokion errespetua eta esker ona
adierazteko lehen pausoak eman genitzake.
Eta 1983an Errenterian elkartu ziren 250 lesbiana feminista horietatik, gaur egun zenbat ote daude ados “Egin zaitez lesbiana” eta “Inoiz ez da berandu bollera izatea erabakitzeko” bezalako lemekin? Onartuko ote zuketen jardunaldi haietan “Bollerak/lesbianak ez gara emakumeak” bezalako tesirik?
Orain 40 urte lan egin zuten emakume horiei ongi iruditzen al zaie gaur egun “emakume*” eta “neska*” terminoei asterisko bat jartzea, eta giza espeziearen erdia identitate-mazedonia baten aldarrikapenen barruan diluitzea?
Sinesten al dute, benetan, zakila daukaten lesbianak ere esistitzen direla? Zer iritzi daukate mastektomia bikoitza eta testosterona tratamenduetara bideratzen ari diren nernesei buruz, hauetatik gehienak lesbianak izanik?