Soldata arrakala eta auditoretzak: erremintak non, iruzurra han
Soldata arrakala eta auditoretzak –

Goazen frogatzera. Erregistro eta soldata auditoretzak aztertu besterik ez dago -derrigorrezkoak dira enpresatan 902/2020 dekretua onartu zenetik-. Soldata erregistroa dokumentu bat da. Horretan, enpresa bateko langileen batez besteko soldataren berri ematen da, detaile guztiekin. Hortaz, erreminta horri esker frogatu daiteke enpresak gizon eta emakumeen arteko berdintasun irizpideak betetzen ote dituen. Beste modu batera esanda, jakin daiteke nola, noiz eta zergatik kobratuko duen langile batek beste batek baino gehiago. Lanpostuen balorazioa da, ziur asko, soldata berdintasuna bermatzeko tresnarik eraginkorrena. Baina, nork, eta batez ere zein irizpide aplikatuta, erabakiko du lan batek beste batek baino balio handiagoa duela, eta hortaz, soldata handiagoa merezi duela? Balio txikiagoko lanpostuetan gehienak emakumeak dira. Kasualitatea ala kausalitatea?
Hortaz, erremintak egon badaude, baina baita horiei muzin egiteko trikimailuak ere. Zoritxarrez, eta tresna eraginkorra izateko aukera izan arren, soldata eregistro eta auditoretzek ez dute soldata berdintasuna bermatzen. Izan ere, praktikan zaila da deszifratzea eta gainera, tresna erabilgarria bilakatu dira enpresek zuriketa morea egin dezaten. Are gehiago, jatorrian dago arazoa, enpresak ez baitaude behartuta sindikatuekin negoziatzera, berdintasun planen araudiari helduz.
Gauzak horrela, enpresek zaildu egiten dute soldata arrakala antzeman ahal izatea. Gizon eta emakumeen soldata ezberdintasunak justifikatzeko ustezko arrazoiak nonahi daude: lan munduaren ibilbidearen ondorio naturala dela, edota lanaren banaketa sexualaren eta arrazialaren ondorio naturala dela, horren kontra borrokatzerik ez balego bezala.
Sindikatuak, ordea, ez du amore eman nahi. Hartara, negoziazio feminista eta antirrazistan sakontzeko asmoz, gogorarazi nahi dugu badirela fruituak eman dituzten borrokak. Bereziki, azken urteotan garbikuntza sektorean udal mailan, hezkuntzan zein eraikinetan soldata-arrakalaren aurka egindako makina bat greba, edota gaur egun Nafarroako lantokietan greban dihardutenak, Gipuzkoako hainbat udalerritako Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko grebekin batera, besteak beste.
Hauekin batera, aurten IFZE (Gipuzkoako Herri Administrazioko Informatika Zerbitzuen Foru Sozietatea)-ren kasua izan dugu aztergai, beste batzuen artean. Kasu honetan eta ordezkariek egindako borroka sindikalari esker, epaiketa barne, berdintasun planak, eta bereziki soldata auditoretzak agerian utzi du bazegoela soldata arrakala enpresan. Behin diagnosia eginda, lan hitzarmenean berau ezabatzeko neurriak hartu ahal izan dira, era berean, langileentzako hitzarmen duin bat blindatuz.
Gauzak horrela, argi dago erreminta legalak aprobetxatu behar ditugula, besteak beste, berdintasun planetan derrigorrean aurkeztu beharreko informazioa exijitzea. Halere, benetako borroka negoziazio mahaietan dago, bertan negoziatu eta adostu behar delako. Eta batez ere, borrokan jarraitu behar da behingoz aitortu dadin emakumeen lanek balio sozial eta ekonomiko bera dutela lan merkatu arautuan zein horretatik kanpo. Sindikatuan norabide horretan gabiltza eta ibiliko gara egun martxan dabiltzan eta datozen eguneroko borroka sindikal feminista eta antirrazisten bueltan.
“…emakumeen lanek balio sozial eta ekonomiko bera dutela”. Jakin nahi nuke zeintzuk diren emakumeen lanak.
Jakin nahi nuke zein enpresetan soldata gutxiago kobratzen duten emakumea izateagatik. Salaketa jartzeko prest nago.
Baita ere jakin nahi nuke zein enpresatan beltza, txinatarra, mairua… hau da “arrazaliazatu”ek gutxiago kobratzen duten bere azal edo itxura fisikoagatik. Eta baita ere salaketa jartzeko prest nago.
Hobe esanda, emakume batek gizon batek baino gutxiago kobratzea zehazki lanpostu berarengatik ez da “soldata arrakala”, SOLDATA-DISKRIMINAZIOA baizik, eta erabat legez kanpokoa da.
Beste kontu bat da lantoki bateko gizon guztien soldaten batez bestekoaren eta emakume guztien soldaten batez bestekoaren artean alde nabarmena aurkitzea; horri deitzen zaio soldata-arrakala, eta atzean hainbat kausa egon daitezke, mota askotakoak:
– Antzinatasunak ikasketek baino gehiago puntuatzea. Hala, denbora gehiago daramaten gizonezkoak aiseago igo daitezke mailaz, prestakuntza handiagoa duten emakume gazteak baino.
– Emakumeek lanordu murrizte eta eszedentzia gehiago eskatzea.
– Aldiz, gizonezkoek prestasun handiagoa erakustea edozein egunetan nahi beste ordu lan egiteko, etxeko lan erreproduktiboa eta zaintzen ardura beste sexukoei utziz.
– Lanpostu feminizatu batzuk tradizionalki gizonezkoek egin dituzten lanen azpitik egotea konbenioetan.