Patriarkatuak queer ideologiaren atzean ezkutatzen duena

Amparo Mañes

Psikologoa Valentziako Unibertsitatean. Feminista. Feminismoaren Agenda: Generoaren abolizioa

2023-06-15 Tribuna Feminista

Ingenieritza sozial hau ez zen sortu balio berriak dituen oinarrizko mugimendu batetik, erakundeak aldatu nahian. Aitzitik, goitik beherakoa da, finantza-baliabide guztiak ditu eta elite politiko, ekonomiko eta kulturalekin elkarlanean dabil. [1]

Ez nik, ez ezagutzeko ohorea dudan feministetako beste inork, ez dugu inolako eragozpenik edonork nahi duen moduan bere nortasuna askatasunez eraiki dezan. Besteak beste, feministak garen aldetik, beti defendatu izan dugulako nahitaezkoa dela genero rol, adierazpen eta estereotipo toxikoetatik urruntzea, haiek erabat deuseztatu arte. Nortasunaren garapena horrela lortzen da, generoari dagokion gizarte-eraikuntzaren kontura gure sexuari ezartzen zaizkion oztoporik gabe.

Alta, feministok ez genekien tranpa bat prestatzen ari zirela, iruzurra, marrua, engainua, edo deitu nahi diozuen bezala. Izan ere, nortasunaren konfigurazio askerako eskubideaz hitz egiten ziguten bitartean, zeinean feminista guztiak ados egongo ginatekeen, EZ zuten esaten, «nortasunaren» eraikuntzan (bestalde, indibiduala dena), sexuaren konfigurazio askea sartzen zutela.

Hain zuzen ere, eta hasiera batean emakume SENTITZEN DIREN gizonen existentzia errespetatu behar dela esan ziguten arren, orain, sistema patriarkal-kapitalistak emandako euskarri mediatikoarekin adoretuta, kontua ez ei da sentimenduak errespetatzea, baizik eta gizon horiek emakumeak DIRELA esatea.

Batetik, emakume sentitzen diren gizonek ez dute esplikatzen zertan oinarritzen diren hori baieztatzeko, eta baieztapen hori fede-egintza bihurtzen dute gainerako pertsonentzat, ezinezkoa baita sentimendu hori ziurtasunez egiaztatzea; eta sentimendu hori zertan oinarritzen den azaltzen duten bakanek estereotipo sexista zaharrenekin identifikatzetik egiten dute. Normala dena; izan ere, gizonek zerbait ezagutzen badute, emakumeak mendeko sexua izan daitezen diseinatu duten generoaren eraikuntza da. Eta horregatik zaio erabat zilegi feminismoari errefusatzea gizonak «emakume» izan daitezkeela, haiek aukeratzen dituzten estereotipoak hartzeagatik, baina guri inposatu egiten dizkigutenak gu menderatzeko.

Bestalde, noiztik esan nahi du «nortasunaren konfigurazio askeak» errealitate biologiko bat alda daitekeela, eta bakarra, sexua adibidez, nortasunaren ezaugarri direnek ere ezin dutenean ezer aldatu? Adibidez, pertsona batek nortasun autoritarioa izan dezake, baina horrek ez dio uzten lan-esparruan sartzean nagusia izateko eskatzea, eta are gutxiago lege batek asmo hori babestea.

Ez da kasualitatea esatea sexua dela nortasunak alda dezakeen kategoria bakarra. Sexua, justuki, kategoria babestua baita -orain arte behintzat-, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuna jaiotza-sexuari zor zaiolako (tira, eta heriotzakoari, sexua aldaezina delako bizitzan zehar, hori aldatu nahi duten hormona eta kirurgia-lardaskeria asko egonagatik ere). Eta sexuagatiko zapalkuntzak legitimatzen du ekitate-neurriak hartzea («ekintza positibo» gisa ezagutzen direnak), edo gizonek emakumeoi emakume izateagatik eragindako indarkeria zigortzea.

«Sexua» kategoriaren konstituzio-babesaren ekintza eraginkorrenetako bat izan zen 3/2007 Legearen eskakizuna, sexuaren estatistika-aldagai hori inkesta, azterlan eta estatistika ofizialetan jaso zedin. Horri esker, emakumeon zapalkuntza ukatzeko estrategia patriarkal sistematikoa kolokan jartzen hasi zen: feministok datuekin alderatu ahal izan genituen edozein eremuri dagokionez desberdintasuna zalantzan jartzen zuten iritzi maskulinoak.

Gure zapalkuntza neurtzea da, beraz, bere kausak aztertzeko biderik eraginkorrena, eta desberdintasuna desagerrarazi arte minimizatzeko ekintza positiboak ezartzeko legitimazio-oinarria. Eta horrexek eragin du erreakzio patriarkal basatia, gizonak beldur baitira sistemaren zimenduak ahuldu ote daitezkeen, datuz datu, ekintza positiboz ekintza.

Horregatik «Trans emakumeak emakumeak dira» falazia zaie hain garrantzitsua, berau sostengatzen dutenek ere ez dutena sinesten. Izan ere, emakume sentitzen diren gizonak emakumeak DIRELA azpimarratzeak honako ondorio hauek bilatzen ditu:

  • Izendatzen gaituen hitza lapurtzea; izan ere, beste «errealitate» batzuk sartuz gero, emakumeon taldearen baitan azpitalde bihurtuko gara.
  • Gizonekiko berdintasuna lortu nahi zuten ekintza positiboko neurriak lapurtzea. Orain, «sentimendu frogaezin babestu» batek legez usurpatu dezake –Estatuaren baimena baitu– gure sexu zapalduari zuzendutako ekintza bat, ekintza positibo horiek ezarri zireneko helburua hutsalduz eta, horren bidez, emakumeon eta gizonen arteko berdintasun-aukerak murriztuz eta motelduz.
  • Emakumeoi segurtasuna eta intimitatea emateko ezarritako eta gizonen sexu-indarkeria potentzialaren ondorioz ezarritako espazioak inbaditzea. Indarkeria hori ez da murriztu -trans politikak ezartzeko, aldiz, hain eraginkorrak diren gobernuen eskutik-, baizik eta areagotu, hezkidetza faltagatik, nonahiko pornografiagatik, nerabe eta emakume gazteen artean gero eta handiagoa den pornifikazioagatik, bereziki publizitatearen, ikus-entzunezkoen eta sare sozialen bidez.

Indarkeriaren hazkunde hori gertatzen da gobernuaren pasibotasun sumingarriaren edo gaitasun ezaren aurrean, emakumeon bizitzarekin baino, identitateen ugaltzearekin kezkatuta dagoena. Eta testuinguru horretan, gobernu hori bera da emakumeon segurtasun-eremu guztiak «gizon autoidentifikatuei» irekitzen dizkiena. Jakina, tradizio patriarkal onenean, kexatzen garenoi «etxean geratzeko» esango digute. Agian hori da azken asmoa.

  • Emakumeoi gure zapalkuntza aztertzeko, alternatibak eztabaidatzeko eta sexu zapaltzailearen presentziatik kanpo proposamenak egiteko espazio esklusiboak edukitzea galaraztea. Irudika ezazue memento batez pertsona beltzen, latindarren eta abarren elkarte bat, beren arraza edota jatorriagatik jasaten duten diskriminazioaren aurka borrokatzeko antolatu dena, beren baitan zapaltzen dituen jendea onartu beharko lukeena, aldez aurretik beltz edo latinotzat identifikatuta.
  • Lesbianen sexu-orientazioari sentitutako generoa inposatzea. Izan ere, sexua ukatzen badugu, ondorio logikoa da sexu-orientaziorik ez dagoela esatea. Horregatik, lesbianei zakil «femeninoak» inposatu nahi zaizkie, bestela “transfobotzat” jotzen dira. Ohar zaitezte gizon bat emakume sentitzeaz gain, emakume ere BALDIN BADA, lesbiana batek errefusatzea transfobia dela. Lesbianen sexu-erakarpenak zakila, gizonezkoen sexu-atributua, ukatzen duela ukatuz, zakila daraman gizonaren sentimenduak edozein izanda ere.
  • Genero-indarkeria ukatzea, tratu txarrak ematen dituen gizon batek, menderatze bortitzenean sozializatua izan denak, gerora emakume sentitzen dela esatearekin baino ez. Emakumeak eta umeak babesik gabe uztea, genero-indarkeriaren biktima kontsideratuak izatetik eta legez zegozkien konpentsazioak lortzetik, hutsaren hurrengora igaroko liratekeenak. Hori guztia tratu txarren egile bortitz baten baieztapen zalantzagarri batengatik.
  • Sexuagatiko zapalkuntza ukatzea; izan ere, nola hitz egin daiteke zapalkuntzaz zapalkuntza horren baldintza aldatzea hain erraza denean? Horixe sinetsarazten ari zaizkie gaztetxo askori, nerabezaroaren berezko heldutasun eza baliatuz: mutilatzeak eta bizitza osoan hormonatzeak zapalkuntza batetik libratuko dituela, nerabezaroa hasi orduko jasanezin gisa hautematen hasten diren zapalkuntza, zehazki.

Jakina, gezur galanta esan dietela deskubritzen dutenean, berandu izango da haientzat, eta esan gabe doa, euren gorputzentzat, estatuaren bermearekin eta finantzaketarekin txikitutako gorputzentzat. Farmazia eta kirurgia-negozio baten aurrean nahitaez babestu behar izatea ukatu dien Estatu hori. Negozio horren defendatzaileek ere onartzen dute hainbat arrisku ezagun…eta ezezagun dakartzala.

Baina Patriarkatuak, batez ere, sexu-kategoriaren abolizioa bilatzen du, horren ondoriozko zapalkuntza neurtzen duten estatistikak indargabetzetik hasita. Horrela zaila egin dadin, bideraezin bihurtzeraino, emakumeok gure sexuaren arabera bizi dugun desberdintasun-egoera objektiboa frogatzen duen neurketa. Horretarako, patriarkatuak queer ideologiaren aitzakia bikaina bilatu du.

Berez eta egiazki, trans pertsonen zapalkuntza-maila neurtzea ere ez baita gehiegi interesatzen; izan ere, alde batetik, «historiako kolektibo zapalduena» delako mantra jendarteratzea lortu dute, hori frogatzen duen daturik gabe, eta hori ere fede-egintza bihurtu dute. Horrela, gizon batek emakumea dela esaten badu hala identifikatzen delako, «emakumea» eremua adieraziko du sexuaren aldagaiaren barruan. Eta emakume biologikoak nortzuk diren jakitea ahalbidetuko duen informazioa desitxuratzeaz gain, «historiako kolektiborik zapalduenak» zenbat pertsona dituen jakin gabe geratuko gara.

Bestalde, argi dago benetako helburu patriarkala emakumeon zapalkuntza «estatistikoki diluitzea» dela, eta ez hainbeste «beste errealitate batzuk» islatzea. Zeren jendeak pentsatu arren trans kolektiboa hain txikia izanda ezin dituela emakumeen estatistikak desitxuratu, behintzat larriki, kontua ez da emakumeak eta gizon autoidentifikatuak bereizi gabe tratatzea –maila estatistikoan–, baizik eta eremu gehiago sartu ohi direla, batzuk erabat anbiguoak, nahasmena berariaz sortzen laguntzen dutenak.

Horrela, «sexua» aldagaian lehen «gizona» edo «emakumea» erantzun behar zen lekuan, orain erantzun dezakezu:

  • «Emakumea»
  • «Cis emakumea»; beraz, edo ez dugu aukera hori markatzen, edo adierazten bada, genero zapaltzailearekin bat gatozela adierazten dugu.
  • «Gizona»; aldagai horrek, ordea, ez du eztabaidarik. Ikus, bestela, Johns Hopkins Unibertsitateko LGTBI glosarioa.
  • «Ez-bitarra»
  • «Genero anitzak» (horiek zehaztu ala ez)
  • «Nahiago dut ez erantzun»
  • «Beste» (zehaztugabeak).

Alternatiben ugaritze hori da estatistikak eta inkestak desitxuratzen lagunduko duena. Eta ez bakarrik, uste den gixan, «emakume» eremuan beste sexukoen sentimenduak sartzearren.

Agerikoa denez, inork ezingo ditu aztertu «beste», «nahiago dut ez erantzun» eta antzeko eremuak. Baina benetako helburua lortuko da: emakumeok gure sexuagatik jasaten dugun zapalkuntza objektibatu nahi duen edozein azterketa desitxuratzea eta, beraz, fidagarritasuna kentzea –egunero, gainera, hazten doan sare horren baitan–.

Betiko patriarkatuaren helburua da, beraz, emakumeok auto-identifikatutako gizonei «emakume» deitzea (zapaltzen gaituzten genero-estereotipoekin identifikatzeko «meritu» zalantzagarriagatik), eta bidenabar gure sexuan oinarritutako eskubideak baztertzea. Horri esaten diot nik harrokeria patriarkala.

Gure arteko batzuek mendekotasunagatik edo beldurragatik egingo dute. Baina ez da txikia konbentzimenduz egingo dutenen kopurua. Espero dut denok konturatzea tranpa patriarkal basati horretaz, berandu baino lehen. Izan ere, haien isiltasunarekin edo babesarekin, emakumeon, umeen eta nerabeen min handiegia ahalbidetu dute. Berez, erreakzionatzeko berandu dabiltza.

Euskal Herriko Feminista Erradikalak. Trans legea lege-proiektuaren zirriborroa laster aurkeztuko da Gorte Nagusian. EHko hainbat feministok bat egin dugu lege honen onespenaren aurka borrokatzeko

6 pentsamendu “Patriarkatuak queer ideologiaren atzean ezkutatzen duena”-ri buruz

  • Ohartzen al zarete sortzen ari zareten anabasaren aurrean gehiengo isila potrotaraino dagoela eta hau egunen batean lehertu egingo dela?

  • Transfobia feminismoaz mozorroturik. Falta zena!

  • Amonamantangorri 2023-06-28 22:01

    Gaur egun, feminismoa da queerraren olatu antizientifiko arriskutsuari aurre egiten dion kasik eragile bakarra. Denetarik agoantatu behar izan dute: lanetik botatzeko mehatxuak, jazarpen judiziala, jendaurreko agerraldiak egiteko betoak, baita manifetan eraso fisikoak ere… Bai, gizonak kale erdian emakumeak jotzen, eta inork hitzik ere ez.

    Hala ere, lortu duzue nola-hala eztabaida mahaigaineratzea. Bejondeizuela.

  • Patriarkatuaren konspirazio teoria, zeinean gizonak gaiztoak eta emakumeak onak diren, zientifikoa balitz bezala. TERF hauek tontokeria tontoenak bota ondoren transexualak beren gorrotoaren pagaburu bihurtu nahi dituzte, naziek juduekin egin zuten bezala. Utzi transexualak bakean behingoz!

  • Mikel Haranburu 2023-06-29 23:01

    Ni galdu naiz…

  • Ados nago zuekin; hau guztia erokeria hutsa da, baina gogorarazi behar dizuet feministoi zuek eman zeniotela hasiera erokeria eta zentzugabekeria guzti honi; Frankenstein doktoreari gertatu bezala, zuek sortutako monstruoak akabatuko zaituzte, bejondeizuela!