Olinpoko Jainko Berriak
Olinpoko Jainko Berriak –
Ilya U. Topper (Almería, 1972) kazetaria da. Istanbulen bizi da, EFE agentzian lan eginez. Lehenago Turkia, Irak, Siria, Libano y Marokoko berriak landu izan ditu freelance moduan. Bere liburuen artean daude Andrés Mourenzarekin idatzitako La democracia es un tranvía Erdogan presidentearen biografia bat eta Dios, marca registrada, Mediterraneoko erlijioen, fundamentalismoen eta laizismoaren gainean.
Honezkero, orotara, jende gehiagok ikusi izango du Pariseko Olinpiaden inaugurazio afariko koadro biziduna, kirol-jardunaldi guztiak baino. Bai, une hori, garabi batek estalki kromatu bat altxatu eta Dionisos ageri denekoa, urdin-urdin, fruta eta barazki goarnizio askotariko batez lagundurik, are askotarikoago den jende-lerro baten aurrean, kantari, neuk soilik “C’est pas une bonne idée” esaldia ikasi diedan kantu bat.
Atzeko jende-lerro horrek piztu du polemika, izan ere, mahaiarena egiten duen barra gorri baten atzean jarrita, Frantzia osoak ulertu du Leonardo da Vinciren Azken Afaria birsortzen ari zirela. Egia esan, ez dauka batere antzik. Salbu eta, agian, Barbara Butch DJak buruan daukan zazpi estiletedun diskoagatik, norbaitek aureola batekin nahasi duena. Baina aski izan da ekaitza leherrarazteko: Kristau balioen parodia bat! Biraoa! Anatema!
Batzuen zorionerako, hurrengo egunean egia lasaigarri bat aurkitu zuten sare sozialetako tertulialari batzuek: eszena hartan ez omen zen Afaria antzeztu, baizik eta Jainkoen Oturuntza, Herbereetako Jan van Bijlert maisuak 1640ean egindako margolan alegorikoa, Olinpoko jainkoak erakusten dituena. Nola jainko horiek, kristauen jainkoa ez bezala, ja ez diren existitzen, ez da biraorik inondik ere; alderantziz, omenaldi ederra da.
Margolan horrek ere, noski, ez dauka batere antzik; “mahaiko” figuranteei ez zieten eman hiruhortzekorik, ez lira, ezta beste ezein atrezzo olinpikorik (kaliz eta ardorik ere ez zegoen). Okerrena da Thomas Jolly zuzendari artistikoak eta Phillippe Katherine kantari dionisiakoak, Frantziako telebistari emandako elkarrizketetan, ez zutela Van Biljert-en koadrorik aipatu, baina Jollyk ukatu egin zuen Da Vincirenean inspiratu zenik. Eta figurante batek, Mike Gautier drag queen gazte eta bizartsuak, Piche izen artistikoaz ezagunak (‘Zakila’), espreski Azken Afariari erreferentziaren bat bazegoela baieztatu zuen, defendatuz (ez zaio arrazoirik falta) pop kulturan ohikoa dela margo hori berrinterpretatzea.
Beste hitz batzuekin: baldin batek Dijongo museoan gordeta dagoen XVII. mendeko margolan holandar batean pentsatu badu, aktoreak berak ere ez ziren enteratu. Antzerkigintzari dagokionez, porrota. (Eta oraindik ikertu beharko litzateke Jan Van Blijlert zenbateraino inspiratu zen Da Vinciren Afarian, jainko guztiak mahai laukizuzen batean eseraraziz, greziar mitologiaren tankera handirik gabe, eta Zeusen seme eta argiaren jainkoa den Apolo erdian jarriz, seguruenik Erdi Aroan ohikoa izan zen Jesukristo-Apolo berdintze bati erreferentzia eginez, nolabait Michelangeloren justu alderantziz eginez, izan ere, honek, Kapera Sistinoan, Jesukristoren erretratua Belvedereren Apoloren aurpegi berarekin margotu baitzuen).
Baina eman dezagun, eszena olinpikoaren sortzaile, aktore eta figuranteek benetan Azken Afaria izan zutela gogan, edo behintzat aurreikusi zutela ikusleek hartan pentsatuko zutela. Biraoa? Eskandalua? Baita zera ere, Panen adarrak!
Artelana ez da sakratua; ez teologiak Eskritura batzuk sakratutzat hartzen dituen moduan. Mendeetan zehar, mota guztietako artistek berrinterpretatu izan dituzte Bibliako eszenak, ia beti leku eta garaira egokituz, batez ere Berpizkundean, orduan Jesukristoren bizi-pasarteak irudikatu ohi baitziren holandar parajeen erdian, elizekin, baita apaizekin ere. Ez da ordu asko eman beharrik museo batean, konturatzeko mende haietako margolan asko garai hartako bizitza sozialaren erretratuak direla, greziar mitologiako pare bat osagai sartuz (gorputz biluzien zentsura kristaua saihestu nahi zenean) edo Bibliako giro batean (artelana eliza bati saltzeko asmoa zegoenean). Batzuetan, biak: norbaitek ama bat margotu nahi bazuen haurrari titia ematen, atzean argi-koroa marrazten zien; bikote gaztea larru gorritan bazen, nahikoa zen nonbait sagarra eta sugea paratzea eta, lixto, dena prestu eta morala.
Artelanak sortzea klasikoetan inspiratuz, gaurko teknika eta girotzearekin, kulturaren eboluzio koherentea da: horrek frogatzen du koadro horiek, bitrina hautsez estalitako batean ahaztuta egon beharrean, herri-kulturan bizirik dirautela. Bereziki fededunentzat: ez badute fedea galdu nahi, ezinbestean ondarea testuinguru modernoan berrinterpretatu beharra daukate. Iaz egin zuen eliza protestante batek Berlinen egindako erakusketa batean: Eva eta Adan Edenean larrutan, eta baita Kantarik Ederreneko bikotea klabe pornografikoan; hori gure garaiaren parte da (egia esan, garai guztietakoa da, baina tarteka ezkutatu egin da).
Eta Michelangelok Apolo jainko antzinakoa Jesukristo bihurtu zuen moduan, eta Van Bijlertek alderantziz, aski naturala da, Azken Afariko mahai baten erdian jartzea, gaur egun, bere misio unibertsalaren bitartez mundua konkistatu nahi duen erlijio berriaren ordezkariak. LGTBQ mitologia, bere misterioetan kasik kristautasuna bezain ulergaitza, haren fede itsu berbera exijitzen duena eta adigai berberen aldekoa: hasteko, gorputz “ez bitar” batean batutako Bi Naturak, transubstantziazioa (kasu honetan gizonetik emakumera, ez zerealetik haragira), beraiek emakumeak ez direla esaten duten Sortzez Garbiak, umetoki esklabo batean sortutako Gizonaren Semea izatea… Alegia, Patriarkatu klasikoaren parafernalia guztia, lehendik kristautasunak inspiratu zuen berbera.
Queer erlijioak, tematzen delarik “gizon” eta “emakume” kontzeptuak ez direla anatomiaren arabera definitzen, baizik eta pertsona bakoitzak hartzen duen jokabide sozial eta are izpiritualaren arabera, bete-betean berrinterpretatu ditu Itun Zaharrean Jainkoak inposatu eta Elizak zimendatu dituen sexu-rolak. Horrekin batera, izpiritua goratzeko xedearekin gorputz-sufrimendua eta haragiaren mortifikazioa gorestea, automutilaziora iritsi arte: “Zeure eskuak eta oinak galbidean jartzen bazaitu, ebaki eta bota; (…) Eta zeure begiak galbidean jartzen bazaitu, atera eta bota” (Mateo 18, 8-9).
Horrexegatik, zeren queer korrontea kristau sektaren jarraipen koherentea baita, eta zeren eszena bibliko batean ideario horren erakusgarri diren figuranteak elkartzea Eskritura Santuei egindako omendaldia baita eta ez haien arbuioa, ez dute batere zentzurik Joko Olinpikoen zuzendariei “Mahomarekin ez zarete ausartzen” aurpegiratzen dieten kritikek. Jakina, islama eta kristautasuna patriarkatu erlijiosoaren bi forma paralelo dira, ia berdinak, eta bereziki elkarren antza dute sexu-errepresioan, eta oso bereziki homosexualitatea zanpatzeko aginduan eta homosexualitatearen tentaldia eragozteko gorputzaren mutilazioa bultzatzean: Irango Errepublika Islamikoan, ofizialki eta legalki “sexua aldatzeko” operazioak sustatzen dira, horrela bi gizon elkarrekin bizi ahal daitezen, homosexualitatea heriotzaz zigortzen duen legea hautsi gabe.
Kirurgiatik pasaraztea eta rol soziala aldaraztea homosexualitatearen “pekatua” saihesteko, ez da Iranen bakarrik gertatzen: Marokotik Turkiara transexualaren irudia sustatu da, beti ere orden soziala eztabaidan jartzen ez duen irudi artistiko eta ikuskizun-giroko moduan (haietako asko fededun deklaratzen dira), homosexualen aurrez aurre, hauek bai, moral publikoarentzako arrisku gisa ikusiak. Halaxe, garbi esan zuen Naoufal Moussa marokoar influncer-ak, Istanbulen bizi, hango klinika estetiko baten harreman publikoak eraman eta 500.000 marokoarren guru bihurtutakoak, Sofia Talouni izeneko transexual femeninoaren pertsonaietik: 2020an, bere emakumezko jarraitzaileak akuilatu zituen zita aplikazioetan profil faltsuak egin zitzaten, haien anaia, lehengusu, auzokide homosexual zitalak salatzeko.
Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak ere, ramadan hilabete sakratuan, Bülent Ersoy vedette transexuala eserarazi zuen berarekin mahaian, baina ez du inork ikusi Erdogan gay bati eskua ematen. Egia da aukera askorik ere ez dagoela: makina bat diputatu-hautagai transexual daude baina, oraindik ez da ezagutu inor, kanpainan bere sexukoak gustuko dituela esan duenik.
Hori guztia islamaren korronte salafistarekin bat dator, indartsu agertu zena XX. mende bukaeran. Esan dezakegu salafismoaren goraldi hark Estatu Batuetako kristautasunaren aldaera kalbinista eta zorrotzenetan aurkitu zuela inspirazioa, gizarte islamikoek beste garaietan izan dituzten kultura-azturen oso bestelakoa, esaterako, homosexualitatea erabat gauza naturaltzat ikusten zutenak.
Horrek, ordea, ez du zer ikustekorik Paris 2024rekin. Ikuskizunaren asmatzaileek Europako gizarteen kultura-ondarera jo zuten, eta ongi egin ere; izan ere, historia islamikoaren mendetako kultura-ondare aberatsa suntsitu egin du salafista-wahabi islamismo modernoak eta, honezkero ez luke inork ezagutuko; ez arabiar herrietatik iritsitako kirolari gazteek, eta are gutxiago bere burua musulmantzat daukan frantziar jendartearen parte horrek, zeintzuk, hasteko, ez baitute kultura-tradizio arabiar-musulmanik, magrebiar-marabutista baizik, nahiz eta hau ere salafismo antikultural modernoak erauzi eta ordezkatu duen.
Nabarmendu beharrekoa da Paris 2024ko zeremonian ez dela salafismorik egon, beti emakumeen ilea estaltzearekin obsesionatua dagoen hori. Frantziak bere kirol federazioetako kide guztiei debekatu die hiyab islamista jantzita Jokoetan parte hartzea, eta ongi egin ere: ezin dakioke gur egin askatasunari eta gorputzaren edertasunari, eta aldi berean gorputza ezkutatu, demonizatu eta pekatu-bide bihurtu nahi duen ideologia patriarkalari. Baina horretaz hitz egin genuen hemen, duela hamar urte. Ongi asmatu dute, giza gorputza ospatzen duen jaian emakumearen gorputza ukatzen duen sinboloa ez sartuz. Eta beharbada ez zen lortzen erraza izan, ikusita nolako ideia-adostasuna dagoen duela hilabete hauteskundeak irabazi zituzten ezker alderdien eta ezker horrexek omentzen duen Indigènes de la République mugimendu identitario, eskuin muturreko, islamistaren artean.
Hala ere, horrexegatik da harritzekoa jaiaren zuzendariek erlijio berri horri men egin izana, kristautasunaren eta salafismoaren ondorengoa, bere burua LGTBQ letra kabalistikoen pean aurkezten duena eta, gainera espreski beloaren ilunkeria patriarkalaren alde mintzo izan dena: hara nola mozorrotu ziren ortzadar kolorezko burkaz ekintzaile holandar haiek, zertarako eta musulman emakumeei beren teologoek ezartzen dieten gorputz osoko beloaren ontasunak aldarrikatzeko.
Eta ez da anekdota soila: diskurtso berbera da, batetik, sexuaren autopertzepzioa “kolektibo” baten “identitate” bilakatu eta “kolektibo” hori gizateria osotik bisualki bereizi nahi izatea eta, bestetik, “identitate” bihurtzea beren ilearekin deskontent dauden emakumeen autozanpakuntza, zeintzuk besterengandik bisualki bereizi nahi baitute, beraien garbitasun sexuala gorde nahian. LGTBQari, Islamistaren “i” iniziala ere eransten ahal diote; nola gizonezko batzuri beharrezkoa iruditzen baitzaie, “kolektibo” baztertuaren partaide izan ahal izateko, Barbie panpin hipersexualizatu baten mozorroaz emakumeak imitatzea, ba halaxe, ile estaliaren hipersexualizazioa justifikatzen da “Diversité” leloaren bidez.
Olinpiadak altxatzeko oinarri izan den ikuskeraren kontra dago queer ideologia, islamismo erradikala bezala: giza gorputz sasoiko eta ederraren ideala, Europar erromantizismo ilustratuarena eta Grezia klasikoko hedonismoan inspiratutakoa. Olinpismoa ez da soilik citius, altius, fortius (lasterrago, gorago, indartsuago), baizik eta baldintza ezinbestekotzat dauka lastertasun, indar eta zehaztasunaren mugak beti-beti giza gorputz osasuntsu batekin bilatu behar direla. Ez dopajerik, ez drogarik, ezta kondizio biologikoa aldatzeko artifiziorik ere; dieta eta ariketa fisikoa besterik ez. Ariketa fisiko eta dieta hori “zanpakuntza” eta “indarkeria” gisa salatu izan dute “gordofobiaren” kontrako borrokan burubelarri dabiltzan batzuek (esaterako, ikuskizun olinpikoaren erdian argi-koroaz jarri zen figuranteak), konbentzituta esanez maratoilari greziar baten proportzioak dauzkan gorputz bat bezain osasuntsu eta bikaina dela gorputz gizen bat. Duela hiru uda ere mintzatu ginen honetaz, errealitatearen ordez pertzepzioa lehenesten duten saiakeren inguruan.
Gorputz osasuntsuarekiko miresmen olinpikoa queer ideologiaren antipodetan dago. Queer ideologia norbaitek bere anatomiatik gustuko ez duen guztia artifizialki aldatzearen alde dago, hala nola kirurgia plastikoa eta nerabezarotik bizitza osoan botikak hartu behar izatea; horretaz gain, sexu-harremanetan drogak hartzearen aldeko publizitatea dago (chemsex), queer “identitatearen” parte gisa. “Identitate” hori greziar sexu-askatasun idealaren kontrakoa da, gizonen arteko edo emakumeen arteko maitasuna naturaltzat daukana: Haragian bisturia eta odolean droga bat sartu behar bada batek nahi duen sexua eduki dezan, horri ez zaio naturaletik ezer gelditzen.
Ezkerrak, bai espainol bai frantsesak, duela hamar bat urte defendatu zuen beloa Olinpiadetan sartzea, “dibertsoago” izan zitezen, eta orain ere bere labirintu sexualean galdurik dirau. Emmanuel Macronen eskuin frantsesak atea itxi dio patriarkatu islamistarekin datorren misoginiari baina, harritzekoa, akaso aukera txarren artean hoberena hautaturik, bestea bezain erlijiosoa den queer siglei beste atea zabaldu die. Ate gehiegi labirintuan eta guztietatik jende berberak sartu nahi. Batzuk mozorroturik doaz, baina jainko berak dira ortzadar kolorezko lepoko desberdinekin.