Olatua buka ez dadin
Olatua buka ez dadin –
Jone Bastida Alzuruk Berria egunkarian.
Egunotan denon ahotan dabil Luis Rubialesen auzia. Egindako erasoa. Erakutsitako jarrera matxista, misoginoa. Agintekeria. Boterea. Pribilegioa. Erasoen normalizazioa. Gizonkeria. Eta futbolak eztanda egin du; futbol sistemak krak egin du.
Noski, beharrezkoa da jazotakoaren inguruan hitz egitea, duen garrantzia ematea, gertatutakoa salatzea. Baina ez gaitezen engaina: hau guztia izozmendiaren punta baino ez da, azaleratu dena baino ez. Ezinbestekoa da azpian dagoenari ere erreparatzea, eta hortxe dago gakoa: futbolaren egitura, sistema bera, ustelduta dago. Eta hein batean, horrek ahalbidetu du jazo dena gertatzea, eta modu horretan gertatzea.
Duela hilabete batzuk, Espainiako selekzioko zenbait jokalarik —tartean euskal futbolariak— ahotsa altxatu zutenean, haien aldarrikapenak zapaldu eta gutxietsi zituzten; jokalariei profesionaltasun falta egotzi zieten, eta kritikatu egin zituzten. Aldiz, Rubialesen, Vildaren eta ingurukoen agintea, posizioa eta jarrera ez zuen inork kolokan jarri. Ez zitzaion inori komeni. Orduan ere bazegoen itzal handi hori, baina isiltasun konplizea izan zen nagusi. Eta, orokorrean, futbolean dagoen isiltasun konplize horrek ere egin du posible indarkeria betikotzea.
Oraingoan, beste behin, gizarteak erasoa jasan duena jarri du fokupean, eta haren erreakzio eta mugimendu guztiak lupaz aztertu dituzte —berriz ere, erasotzaileak jasan balu bezala erasoa, eta erasoa jasandakoa balitz bezala erasotzailea—.
Bitartean, aurpegirik gabeko komunikatu asko ere ikusi ditugu. Posizionatu diren klubak eta federazioak, baina izen-abizendun gizonezko jokalari, teknikari edo zuzendaritzako kide apur batzuk baino ez. Eta zalantza ea ohar horietako zenbat ote diren egiaz zintzoak, hausnartuak; ala ez ote diren izan egoerak behartutako adierazpenak, politikoki zuzenak. Izan ere, Rubialesen erasoaren aurrean, feminismoaren erantzun zabala egon da. Olatu bat, inguruko guztiak busti dituena. Baina olatura batzeko borondatea ere behar da. Ez du balio kritika adierazpenak egin eta geldirik geratzeak, eskuak garbitzeak (alegia, arnasa hartu, eta olatuaren azpian ezkutatzeak, hura noiz igaroko); beharrezkoa da autokritika egitea, norberaren etxea aztertzea, zilborrera begiratzea, jarrerak analizatzea: hizkera, moduak, kudeaketak, lehentasunak, egunerokoa. Eta horri aurre egiteko erabakiak hartzea. Futbola Rubialesez beteta baitago, eta ez elitekoa soilik. Eta ez Espainian bakarrik, Euskal Herrian ere bai. Finean, biolentziaz beteta dagoen eremu maskulino bat da futbola.
Emakumeak baldintza duinetan aritzeko borrokan aritu dira urteetan, bazterrean, zapalduta. Ikusgaitasunaren bidean aurrerapausoak egin dira, eta hitzarmenen bidez gutxieneko batzuk adostu. Eta hori emakumeen borroka agorrezin baten ondorioz izan da; baina bakarrik —edo gizonezko aliatu gutxi batzuekin— egin behar izan dute bidea, eta oztopoz betea egon da. Behin eta berriro beren tokia aldarrikatu behar izan dute, dugu.
Eremu maskulinoa da futbola, eta gizontasun eredu toxikoa dago oinarrian. Sexu arrakala ikaragarria dago, baita oinarrizko futbolean ere. Eta ez da eskatzen, ezta nahi ere, gizonezkoen eredura gerturatzea. Baldintza duinak izatea exijitzen da, parez pare tratatzea, aintzat hartzea, balioa ematea, futbolari izaten uztea.
Argi dut auzia ez dela hemen hasi eta bukatzen. Futbol sistema bera baita arazoa, eta, futbolean, egunerokoan baitago matxismoa, arrazismoa eta LGTBIfobia. Eta beraz, gaur egun, futbola, matxista, arrazista eta LGTBIfobikoa baita. Elitean, herriko klubetan eta toki guztietan.
Benetan egoera irauli nahi bada, erroko aldaketak behar dira. Auziak eragin duen olatua handia izan da, eta lortuko da Rubiales kargutik kentzea. Baina kontua ez da hor bukatzen. Olatuak aurrera segitu behar du, egoeraren analisi orokorra ere egin behar da, eta eguneroko praktikak aldatu behar dira. Auziaren inguruko burrunba itzaltzen denean guztiak berdin jarraitzen badu ez baita ezer aldatuko, bukatuko. Goitik behera eta behetik gora aldatu behar baita futbol sistema. Izozmendiaren punta urtzeak ez baitu balio azpitik eusten dion hori guztia erauzten ez bada.
Eta, akaso, izozmendi hori erauzteko geuretik abiatu behar dugu, Euskal Herritik; geurea eraldatuz, eta bestelako ereduak martxan jarriz.
Zer da LGTBIfobia?
Alegia, zer daukate komunean:
– Gizon-emakume homosexualek (LGB)
– Orain arte “transexual” izendatu izan direnek eta, oro har, T aterkipean autoidentifikatzen diren jendeek (T).
– Jatorri kromosomikoa duten Sexu Garapenaren Nahasmendu batekin jaio diren pertsonek, kausa eta kondizio anitzekoak.
Are gehiago, LGBTIQ+ agendaren eskakizun batzuek talka egin dute agenda feministarekin. Bon, eta pentsaera materialistarekin, medikuntzarekin, zuzenbidearekin, arrazionalismoarekin…
Besteak beste, kasualidadea, emakumeen kirolaren duintasuna eta aitortza soziala jokoan daude agenda transgeneristak bultzatutako zenbait neurriren erruz. Kirol kategoriak sexuen arabera banatzea ez da inoren kontrako gorroto ez fobia.
“Eta beraz, gaur egun, futbola, matxista, arrazista eta LGTBIfobikoa baita.” – Jone Bastida, 2023
Nondik ateratzen dituzte friki hauek?