Mesedetako misiolarien kongrezioan hazitako antropologo feminista
Berak bere hitzetan laburbiltzen du bere ibilbidea ondoko elkarrizketa zatietan. Osorik irakurtzeko hemen Euskonewsen Urki Salaberriak egina, hemen Berrian Idurre Eskisabelek egindakoa, eta hemen Argian Estitxu Eizagirrek egindakoa.
Nor da Teresa del Valle?
Pertsona baikor bat, aldaketetan interesatua dagoena, erroak leku ugaritan dituena, eta jakinguraz betea dagoena. Arakatzea gustatzen zait; ez naiz zergatiak galdetzearen beldur. Nik uste dut horrek bultzatu nauela ikertzailea izatera. Ikertzaile izateko jaioa naizela iruditzen zait, gizarte zientzietako ikertzailea.
Espainiako Gerra garaiko Donostian jaiotako emakume bat nola iritsi da zuk egin duzun ibilbide akademiko eta pertsonala egitera? Ez da ohikoa.
Egia da. Donostian jaio nintzen, Gerra garaian, eta Bilbon hazi ninduten, hangoa baita nire familia. Egia da, halaber, nire bizitzak ez duela zerikusi handirik nire adin inguruko emakume gehienenarekin. 21 urterekin egin nuen aukera batekin du horrek harreman zuzena: hain zuzen ere, Berrizko Mesedetako Misiolarien Kongregazioan sartzeko hautuarekin. Garai hartan, zerbaiten alde lan egitea zen nire hautua, arrazoi erlijiosoek bultzatuta, baina, egia esan, ordurako banuen interes bat Mikronesian lan egiteko.
Azkenean, noiz heldu zinen Mikronesiara?
70eko hasierako urteak ziren. Guam uhartera joan nintzen, hango unibertsitatean irakasle eta ikerlari jardutera. Hori zen Kongregazio barruan nuen lana. Oso bolada interesgarria izan zen hura ere, une erabakigarria bizi baitzuen Mikronesiak: hango uharteak AEBen zaintzapetik beste aukera batzuetara irekitzen ari ziren. Batzuk, atxikimendu libreko harremanak eskatzen zituzten; beste batzuek, errepublika independenteak sortu nahi zituzten… Bertako jendearen artean mugimendu handia zegoen.Halaber, Vietnamgo gerra garaia zen, eta haren kontrako mugimenduetan parte hartu nuen. Izan ere, Guam oso gune estrategikoa zen gerra hartan. Eta ordutik aurrera, antropologiari lotuta. Doktoretza diziplina horretan egin zenuen… Bai, Hawaiko Unibertsitatean, East-West Center AEBetako erakundearen beka batekin. Hura ere oso aro interesgarria izan zen, besteak beste, AEBetan mugimendu feminista pizten ari zen sasoia zelako, eta aldarrikapen haietan parte hartzen hasi nintzelako. Zentroan 32 herrialdetako jendea geunden, eta emakumeen eztabaida foro bat sortu genuen. Azken batean, AEBetan astintze eta aldaketa handiko garaiak ziren, eta hura guztia xurgatu genuen.
Euskal Herrira itzulita, unibertsitatean Emakumeari Buruzko Ikerketa Mintegia sortu zenuen. Zerk eraginda?
Itzuli nintzenean harritu ninduena diskurtsoa eta errealitatearen artean zegoen aldeaizan zen. Hori dela eta sortu zen ikerketa mintegia, errealitatea garai hartako planteamendu antropologikoetatik ikertu zuena. Ikerketa emakumearen boterea eta garrantziari buruz diskurtso bat bazegoela, baina gero errealitatean gizartea nola zegoen antolatuta ikusita, koska galanta zegoela egiaztatzea izan zen. Diskurtso eta errealitatearen arteko amildegi hori bera Mikronesian ere ikusi izan dut. Garrantzitsua izan zen nazionalismo historikoaren kontzeptualizazioaren barnean zein ideia zeuden agerian jartzea: emakumea familiako banderadun gisa jartzen zuen, euskararen transmisore gisa_ baina gero hori dena ez zen gizartean islatzen; emakumeek ez zituzten gaitasun eta bertute horiek denak espazio publikoan betetzen.
Antropologia eta emakumeen inguruko ikerketa arloa uztartuz, euskal matriarkatuaren teoria atzera bota zenuen. Zurea al da mitoa desmitifikatu izanaren meritua?
Esango nuke, meritua Mujer vasca, imagen y realidad ikerketa plazaratu zuen talde guztiarena izan zela, nahiz eta lana nik gidatu. Izan ere, ikerketa hartan heldu baikenion eta kritikatu baikenuen matriarkatukaren gaia. Dena den, kuestionamendua teoriatik zein praktikatik sortu zen. Euskal Herrira etorri nintzenerako banuen gai horri buruzko kuestionamendu teorikoa, AEBetan eta Hawain ikasi nuenean ezagutu bainituen zorioneko matriarkatuaren inguruan antropologo eboluzionisten teoriak, baina, halaber, hainbat ikerlari feministak haiei egindako kritikak. Ibilbide hori eginda etorri nintzen, eta ikusi nuen hemen mitoa oraindik bizi-bizi zegoela. Alabaina, fakultatean, ikasleak hasi ziren planteatzen matriarkatuari buruz esaten zena ez zetorrela bat euren eguneroko bizipenekin eta euren inguruko emakumeen bizipenekin. Matriarkatuaren teoria horren arabera, asko azpimarratzen zen emakumearen garrantzia, haien esangura handia, baina egunerokotasunean, bazterketa puri-purian zegoen.
Hala ere, era batera edo bestera, euskal matriarkatuaren sinesmen horrek ez al du indarrean segitzen?
Litekeena da. Izan ere, gai hori ikertu genuenean ikusi genuen euskal matriarkatuaren mito hori zerbait bereizgarri gisa bizi genuela euskaldunok; elementu diferentziatzailea zen. Alegia, identitate prozesuekin zerikusia zuen. Alde horretatik, kostatu egiten da desabantailan dagoen kolektibo baten bereizgarri dela ematen duen zerbait baztertzea.
Hainbat diskurtso entzunda ematen du gure gizartean iritsi dugula berdintasuna. Zer da, egia ala beste mito bat?
Ene, ene, ene! Horri buruz bai daudela gauza asko esateko! [Barreka]. Zehazki, Euskal Herriko gizartean, badago diskurtso bat, ez akademikoa, baizik arlo politiko eta sozialetatik datorrena, esaten duena generoaren araberako bazterketa iraganeko gauza dela; gaindituta dagoela. Teoria bat baino areago ideologia bat da, eta gazte jendearen artean asko ari da txertatzen. Argudio hori justifikatzeko estatistikak ematen dituzte: hainbat emakume daudela unibetsitatean, lanean, haur gutxiago izaten dituztela, beranduago… Argi dago datu horiek aldaketa bat adierazten dutela, baina bazterketa amaitu dela? Ez dut uste.
Nola ulertzen duzu boterea?
Boterea definitzen dut besteengan eragiteko gaitasun gisa, besteek zugan eragitekoa baino gehiago; eta nork bere erabakiak eta ardurak muturreraino burutu ahal izatea. Boterea arlo ezberdinetara zabaltzen da: arlo politikoa, ekonomikoa, familian, elizan_ eta gero ikusi egin behar da non duen boterea: ez da gauza bera familian boterea izatea, edo arlo ekonomikoan edo politikoan izatea, etxeko erabaki asko kontrolatuak eta eratorriak direlako arlo ekonomikoan edo politikoan hartzen diren erabakietatik.